Ariketa fisikoa eraginkorra da COVID iraunkorrari aurre egiteko
2025/05/13 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ariketa fisikoa egitea tresna eraginkorra izan daiteke COVID iraunkorra duten pertsonen egoera funtzionala, bizi-kalitatea eta hainbat sintoma hobetzeko. Hala ondorioztatu du Nora García Alonso fisioterapeutak berriki Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesiak. Ikerketak erakusten du indar- eta potentzia-ariketak konbinatzen dituen ariketa fisikoko programa egokitu bat lagungarria dela nekea gutxitzeko, gaitasun funtzionala handitzeko eta gogo-aldartea hobetzeko, gaixotasun hori dutenen artean.
Ikerketa Navarrabiomeden egin dute, ehun bat parte-harzaileekin. EXER-COVID deitu diote proiektuari, eta, haren barruan, pazienteari egokitutako indarrezko eta potentziako entrenamendu konbinatuko programa baten ondorioak ebaluatu dituzte, hainbat alderditan: bihotz- eta arnas gaitasunean, indar muskularrean, COVID iraunkorraren sintometan, bizi kalitatean eta osasun mentalean. Parte-hartzaileek alderdi guztietan nabaritu zituzten hobekuntzak. Besteak beste, ahulezia, disnea edo arnasa hartzeko zailtasuna, oroimen-galera eta estresa bezalako sintomak murriztu zirela frogatu du Garcíak. Hortaz, ariketa fisikoa praktika klinikoan aplikatzeko ebidentziak lortu dituztela berretsi du egileak. Ikerketa-taldeak European Heart Journal aldizkarian argitaratu ditu emaitzak.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia