}

Argiztapen-lanpara segurua

1997/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Uretan sartu eta elektrokutatzeko arriskurik ez duen lanpara, energia gutxiago gastatzen duena eta sistema klasikoek baino gehiago irauten duena aurkeztu du duela gutxi Frantzian Lyon-go Sogexi enpresak.

Induzitutako deskargazko lanpara da atera berri duten hau eta bi oinarri ditu funtzionatzeko: indukzioa eta maiztasun handia. Indukzioan oinarritua delako, erabateko segurtasuna eduki daiteke lanpararekin. Lehenbizi sareko korronte elektrikoa kutxa batera iristen da eta bertan haril batzuen bidez elektrizitatea eremu magnetiko bihurtzen da. Sareko zirkuitu elektrikoa hor amaitzen da. Kutxatik kanpo, eremu magnetikoak berriz ere korronte elektrikoa sortzen du lanparak argi egin dezan, baina ez dago, ez faserik eta ez lurrerako kablerik. Elektrokutatzeko arriskurik ez dago, beraz.

Argiztapen-lanpara segurua aurkeztu du duela gutxi Frantzian Lyongo Sogexi enpresak.

Aipatutako kutxa horretan, sorgailu batek sareko korrontearen 50 Hz-eko maiztasuna 30.000 Hz-eraino igoarazten du. Bonbilak segundoko dauden 30.000 tentsio-aldaketei igartzeko denborarik ez du eta ondorioz iraupena askoz ere handiagoa da. Gainera distortsio kromatikoak eta efektu estroboskopikoak baztertuta geratzen dira.

Lanpara-mota hau batez ere kaleak eta plazak argiztatzeko da egokia. Sistema klasikoek izan ere, lanparari transformadorea ipintzen diote eta elektrokutatzeko arriskua egoten da. Induxi izeneko sistema berrian, sorgailua eta harilak erretxinazko estalki batean eta kutxa batean daude sartuta. Lanparatik 60 metroraino sar daiteke lurpera. Beraz, lanpara erabat seguru geratzen da, sareko elektrizitatea lurpean geratzen delako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia