}

Argiaz neuronak kontrolatu

2007/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Argiaz neuronak kontrolatu
2007/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: F. Zhang, S. Dixon & K. Deisseroth)

Neurozientzien mundutik iraultza hitzaren oihartzuna iritsi da. Ikusteko dago benetako iraultza ekarriko duen, baina albiste honek erne jarri ditu adituak. Izan ere, argiaren bidez neuronak kontrolatzeko erabil daitekeen proteina baten berri eman dute Kaliforniako Stanford Unibertsitateko ikertzaile batzuek.

Delako proteina hori Natronomonas pharaonis arkeoan identifikatu zuten. Ugaztunen neuronetan txertatu dute laborategian, eta ikusi dute argi horitan neuronen aktibitatea gelditu egiten duela. Aurkikuntza horri aurrez egina zuten beste bat gehitu behar zaio, alga bateko proteina batek aurkako eragina zuela ikusi baitzuten, hau da, neuronak aktibatu egiten zituela, argi urdinaz orduko hartan.

Bi proteina horien eragina zizare nematodo batean frogatu zuten, Caenorhabditis elegans-en, eta argien bidez zizarearen muskuluen kontrakzioak kontrolatu ahal izan zituzten.

Esperimentu horretatik aurrera bide luzea dago egiteko, baina lanean jarraitzen dute ikertzaile horiek, eta, ahalik eta zabalkunde handiena izateko, proteina beste hainbat adituri banatu diete, haiek ere iker dezaten. Izan ere, ikerketa horien ondorioz, garuneko gaixotasunak ikertzeko eta tratatzeko metodo erraz eta leunetara irits litezke.

1
232
2007
6
005
Biokimika; Anatomia/Fisiologia; Medikuntza; Biologia
Berriak labur
5

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia