Argiarekiko sentikorra den polimero magnetikoa
2002/02/04 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Polimero magnetiko optikoa argi urdinaren pean sei orduz edukiz gero, materialaren magnetismoa % 150 handitzen da eta ilunpetan ere magnetismoari eusten dio. Argi berdearen pean, berriz, polimeroak irabazitako magnetismoa galtzen du, baina ez erabat, berez dena baino % 60 magnetikoagoa baita bukaeran.
Propietate horiei esker, ordenagailuen disko gogorretan informazioa gordetzeko eta ezabatzeko oso material egokia izan daitekeela uste dute ikertzaileek. Teorikoki, propietate optiko eta magnetikoak dituzten materialek elektronikoek baino eraginkorrago eta azkarrago lan egin behar lukete eta, dirudienez, informazioak etorkizunean hortik joko du.
Ohio-ko Unibertsitateko Arthur Epstein-ek uste du material berria pauso garrantzitsua izan dela, baina epe luzean baino ez dituela fruituak emango. Izan ere, aipatutako propietateak oso tenperatura baxuan baino ez dira agertzen, 75 kelvinetan, hau da, -198 ºC-tan. "Argiarekiko sentikorra den polimero magnetikoa sintetizatu daitekeela frogatu dugu eta orain kimika organikoaz dakiguna erabil dezakegu propietate horiek hobetzeko" azaldu du. Supereroalekin gertatzen den bezala, helburua giro-tenperatura da. Dena dela, -198 ºC ez dago batere gaizki, nitrogeno likidoaren tenperaturatik oso gertu baitago.
Polimeroa tetrazianoetilenoa (TCNE) eta manganeso-ioiak konbinatuz sintetizatu dute. Ikertzaileek oraindik ez dakite argiaren egintza-mekanismoa zein den, baina uste dute TCNE molekulen konfigurazioa aldaratzen duela. Epsteinek dioenez, "molekula baten konfigurazioa aldatzen denean, bere propietate magnetikoak aldatu egiten dira, eta ondoko molekulak aldatzera bultzatzen ditu".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia