}

Argia gordetzen duen kristala

2002/01/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Nature aldizkariaren web orrian argitaratu denez, ordenagailu kuantikoetan aplikazioa izan dezakeen kristala aurkeztu dute AEBtako eta Koreako ikertzaileek.

Kristal hori itrio silikatozkoa da eta praseodimio elementuaren atomo batzuk ditu; egitura horri esker, argia gordetzeko eta geroago askatzeko gaitasuna du. Ikertzaile-taldea zuzentzen duen Philip Hemmer-en esanean, hori dela eta, kristala ordenagailu kuantikoetan erabil daiteke informazioa gordetzeko.

Ordenagailu arruntak gailu elektronikoetan eta magnetikoetan oinarritzen dira. Informazioa pultsu elektromagnetikoen bidez transmititzen da; potentzial-diferentziaren bat-bateko igoerak eta jaitsierak 0 edota 1 irakurtzen dira, eta informazioa sistema bitarrean gordetzen da.

Argia segundoko 300.000 kilometro inguruko abiaduran mugitzen da hutsean, eta metatu eta askatu ahal izanez gero, informazioa gordetzeko erabili ahal izango litzateke. Iaz esperimentu batean argia gelditzea lortu zuten lehenengo aldiz. Argi-izpia geldiarazteko, ia zero absolutuan hoztutako metal-atomoen lurruna erabili zuten esperimentuan. Kristala, ordea, gas hotza baino askoz ere erabilgarriagoa da eta errazago sar daiteke ordenagailu berrien osagaien artean.

Argia, hutsetik beste edozein gaira pasatzean, beti geldotzen da apur bat; zenbat eta handiagoa izan materialaren errefrakzio-indizea, orduan eta mantsoago pasatzen da. Laser-izpiaren abiadura moteltzeko, zientzialariek errefrakzio-indize izugarri handiak dituzten materialak bilatu dituzte.

Izan ere, argiak atomoak kitzikatzen ditu eta beste energia-egoera batera pasarazten ditu. Horrela, argia atomo batzuetatik besteetara pasatzen dela esan daiteke. Hemmerrek zuzendutako taldea prozesu hori ekiditen saiatu da, eta atomo batetik hurrengorako pausua ematea zaildu du. Hori lortzeko, laser-izpi batez, argi-pultsua atomoekin akoplatzen dute eta, era horretan, pultsua moteldu egiten da. Elkarketa behar bezain indartsua bada, pultsua gelditu egiten da eta energia guztia atomoetara transferitzen da. Prozesua alderanzgarria da, eta laser-izpiaren intentsitatea aldatzean, atomoek berriro argi-pultsuak igortzen dituzte.

Ikerketa horren emaitzaren arabera, kristalak aplikazio interesgarriak izan ditzakeela dirudi. Orain, probatzea falta da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia