Argi bidezko transistoreak ordenagailuentzat
2001/04/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Dagoeneko, seinalea prozesatzeko pauso batzuk optikoki egin daitezke, adibidez, zuntz optikozko transmisio-sarean argi-izpi bat erabiliz beste izpi bat bideratzeko. Baina eginkizun konplexuak egiteko, siliziozko txipetan dauden transistorez egindako ate logikoak behar dira.
Transistorea edozein seinalek beste bat martxan jartzea edo gelditzea eragiten duen kommutadorea da. Horretaz gain, beste seinale hori anplifika dezake. Azken funtzio hori izan da, hain justu, mekanismo optikoen bidez lortzea gehien kosta zaiena, sarrera-irteerako seinaleak laser izpiak direlako.
Tsukubako Zientzia eta Teknologia Industrial Aurreratuko Institutu Nazionalean egin duten argi bidezko transistore berrian, laser izpi gorri batek izpi urdin bat 60 aldiz areagotzen du. Izpi gorri horrek DVD arrunt baten azalean jarritako zilarrezko partikuletan dauden elektroiei energia ematen die eta elektroiak uhinen modura mugiarazten ditu. Mugimendu horrek izpi urdinari eragiten dio, itsasoan doan itsasontzi batek eragindako uhinek alboko itsasontzia mugiarazten duen bezala.
Mekanismoaren oinarrizko osagaia diskoaren azaleko zilarrezko partikulen pultsu-trena da, mugimenduan jar daitezkeen uhinen biltegia baita. Argi bidezko transistore horiek hain txikiak eta errazak direnez, kostu txikia dute eta, horri esker, laster miniaturazko zirkuitu guztiz optikoak egitea ahal izango da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia