Argazkien bizitza luzatzeko...
1992/09/01 Goia, Kattalin Iturria: Elhuyar aldizkaria
Fotografia deituriko fenomenoa, argia eta produktu kimikoak erabiliz argiarekiko sentikor diren materialak nahita degradatzean datza. Baina bestalde, argazkiak agente horietatik babestu egin behar dira, degradazio horren ondorioz honda ez daitezen. Horrez gain, degradatu ondoren, material sentikor hori inperfektua da eta nahikoa kutsagarri gainera. Argazkiak, pelikulak edo paperak ordenatzeak sortzen duen kontserbazio-arazoaren muina horretantxe datza. Izan ere, argazkia kimikoki ezegonkorra da eta elementu batzuek (hala nola argiak, beroak, hezetasunak eta agente kimikoek) honen bizitza laburtu egiten dute.
Aspaldi hasi ziren gai hauek aztertzen EE.BB. eta Britainia Haundian, baina han ere argazkiak babestu eta kontserbatzeko dauden teknikak ez ditu publiko zabalak ezagutzen. Fotoak aurkeztu, sailkatu eta artxibatzeko merkatal katalogoetan agertzen diren artikulu onek, arau zientifikoak betetzen dituzte. Baina egia da, bestalde, kalitate oneko produktuak garestiak direla. Hala ere irudi profesional edo familiarrak gorde nahi izanez gero, segurtasuna eskaintzen dute.
Pelikula-motak paper garrantzitsua du
Argazkiak ordenatzea benetako artea da eta ezagumendu batzuk eskatzen ditu. Jakin egin behar da, adibidez, zuri-beltza kolorea baino egonkorragoa dela; koloretakoak ilunpean ere degradatu egiten bait dira. Argia faktore kaltegarria denez, argazkiaren bizitzan zerikusi handia izango du ilunpean (artxibatu den tokian) duen egonkortasunak. Dokumentu grafikoak kontserbatzeko ikerketa-zentruek adibidez, zahartzapenarekiko erresistente diren eta prozesu grafikoetako emaitza diren produktu batzuk erabiltzea gomendatzen dute, hala nola zibakromoa paper-tiratan edota kodakromoa diapositibetan.
Tenperatura ere kontutan hartu beharreko faktorea da. Ez zaie bero handia komeni. Toki arruntean gordetzeko 18 °C - 21 °C arteko tenperatura da egokiena. Baina arazoa tenperatura baxua eta hezetasun txikia batzea izaten da. Hezetasun erlatibo egokiena, kolorezko argazkietan bereziki, % 35 ingurukoa izaten da, eta zaila dirudi (ezinezko ez esatearren) gela batean hori lortzea. Beraz, % 40-60 arteko hezetasun erlatiboarekin konformatu behar. % 60tik gorako hezetasun erlatiboak koloratzaileak degradatu egiten ditu. Zuri-beltzezkoak horitu egiten ditu (errebelatu ondoren gaizki garbitu eta finkatze-gatzen hondarrak geratzen bazaizkio bereziki; zilar-geruza sulfuratu egiten bait du). Ganbarak eta sotoak, erabat toki desegokiak dira artxibategi modura erabiltzeko, horietan tenperatura eta hezetasuna asko aldatzen direlako.
Inguruneak beraz, eragin kaltegarria du argazkien kontserbazioari dagokionez. Agente suntsitzaile den gero eta poluzio handiagoaren eta zenbait lurrin-emanazioren ondorio izateaz gain, zenbait artxibatze-sistema ere kaltegarri izan daiteke (kaxa, poltsikodun plastikozko orri, altzari, etab.).
Gasak askatzen dituzten konposatu batzuek, geruza koloreztatuak hondatzen dituzten erreakzio kimikoak eragiten dituzte. Produktu komertzial askok daramatzaten gai plastiko, disolbatzaile, kartoi, erretxinadun zur eta kautxuak dira horiek. Eta kontuz ibili behar da, bestalde, laka akriliko edo bernizez (disolbatzaile eta katalizatzaileak bait dituzte) altzari eta kaxa pintatuberriekin edota herdoil daitezkeen kaxa eta altzari metalikoekin. Beraz, materialen purutasuna da egonkortasun, neutraltasun eta kontserbaziorako beste baldintza bat.
Kontuz PVCzko foto-poltsiko eta paper azidoekin. Azterketa askok aipatzen dituzte gaur egun plastifikatzaile eta kimikoki ezegonkor diren paper eta kartoiak erabiltzearen arriskuak. Argazkiak gordetzeko askotan erabiltzen den PVCa (polibinil kloruroa) ez da batere gomendagarria. Plastifikazioaren migrazioarekin aldaketak jasaten dituen substantzia honek, zilar-geruzei erasotzen dieten ftalatoak askatzen ditu. Bestalde, horitzeko joera du; baita hauskor bilakatzeko ere. Eta guztiz posible da, prozesu honetan lurrin azidoak askatzea ere.
Produktu hau, poluitzaile gisa sailkaturik dute korronte ekologista europarrek. Ezin suntsitu izana egozten zaio. Horren ondorioz, fabrikatzaileak produktu neutroak, plastifikatzailerik gabekoak, ikertzen ari dira. Dokumentu grafikoen kontserbazioan aditu direnek, PVCaren ordez honako hiru materialak erabiltzea gomendatzen dute: poliesterra, polietilenoa eta polipropilenoa. Eta hiru horien artean lehentasuna poliesterrari ematen diote; gehiago irauten duelako eta egonkorrago delako. Bestalde, esan beharra dago marka komertzial desberdin gisa merkaturatzen diren poliester-kalitate desberdinak daudela.
Baina garrantzitsuena poliester puruak aukeratzea da. Izan ere, zertarako direnaren arabera (elikagaiak biltzeko adibidez), fotoentzat kaltegarri izan daitezkeen substantziekin nahasten bait da, hala nola PVCarekin.
Kimikoki egonkorra eta azidorik gabea, erabat gardena eta erresistentea den poliesterra, zilar-estaldurekiko neutroa da. Baina baditu bi eragozpen txiki: alde batetik, elektrostatikoa da eta beraz, hautsa erakartzen du, eta bestetik, iragazkaitza da eta ur lurrina metatzeko arriskua dago, eta hori, lehen esan bezala, kaltegarri da argazkientzat. Oso hermetikoak ez diren poltsikoak ere berraztertu egin behar dira eta itsastea eragotzi egin behar zaie, aireak ondo zirkula dezan.
Argazkiak kontserbatzeko bestalde, paperik onenak neutroak dira, hau da azidotasun-tasa zero dutenak. Kotoi-paperak dira horiek eta lekeda neutroz itsatsitakoak (poltsikoak egiteko edota fotoak itsasteko). Papera asmatu zen garaiko liburuak konposatu hauen kalitate fisiko eta kimikoen lekuko dira. Paperaren azidotasuna XIX. mendearen erdialdeko kontua da (itsasteko zur-pulpa eta kolofonoa erabiltzen hasi ondorengoa) eta ondorio kaltegarriak ditu: zelulosa-zuntzen degradazio progresiboa eragiten du eta hezetasuna dagoenean, substantzia azidoen migrazioagatik bereziki, paper horietan gordetzen diren dokumentuak alteratu egiten dituzte. Beira-paperari dagokionez, zahartzean fotoak altera ditzakeela egiaztatu ez den arren, oso landuak eta hauskorrak diren bere zelulosa-zuntzen ondorioz, denborarekin azidotu eta horitu egiten da.
Paper hauek artxibatzean sortzen zaizkien arazoei ekiditeko, fabrikatzaileak “paper iraunkorrak” egiten hasi dira. Lehenengo Estatu Batuetan eta Britainia Haundian hasi ziren.
Paper iraunkorren ezaugarriak, pH, erreserba alkalinoa eta eginda dagoeneko orea dira. pHak (hidrogeno-potentzialak) azidotasuna, neutrotasuna edota alkalinotasuna erabakitzen du. 0tik 14erako eskala du. 0tik 6ra papera azidoa da; 8tik 14era alkalinoa da eta neutroa 7 inguruko pHa da.
Baina ondo kontserbatzeko ez da nahikoa papera azidoa ez izatearekin. Pelikulak eta zuri-beltzezko paperak “taponatu” egin behar dira, hau da, oreari karga alkalinoa gehitu behar zaio, kaltzio karbonatoa adibidez, atmosferatik datozen azidoak neutraltzeko. Paper-oreari dagokionez, alfazelulosa-edukin minimoa izan behar du eta batere ligninarik ez; zuntzak ahuldu eta azidoa sorterazten duen substantzia bait da.
Papera aukeratzeko gaur egun erabiltzen diren irizpideak honakoak dira: zelulosa zuritu purua, alfazelulosatan aberatsa (gutxienez % 89); alunbrez itsatsi gabeko zuntzak; 7,5 eta 9 arteko pH dutenak; kaltzio karbonatozko erreserba alkalinoa (gutxienez % 3); urdintzaile optikorik gabe. Kolorezko argazkien kasuan (pelikula eta frogetan) hobe da erreserba alkalinorik gabeko paperak (pH 7tik 7,5era) erabiltzea.
Irizpide hauek dira (labur-labur adierazita), artxibaketan adituek gomendatzen dituztenak.
EE.BB.etan paperaren ezaugarriak definitzeko arau eta zehaztasunak ezarri dira eta fabrikatzaileek bete egin behar dituzte (hala nola ANSI, American National Standard Institute, arauak eta NBS, National Bureau of Standards, arauak).
ISO arauetatik (International Standardisation Organisation), fotoak (pelikulak, plakak eta paperak) artxibatzeko moduari buruzko arauak ondorioztatzen dira. Baina arau horiek artxibategi handiak (museo, liburutegi eta bilduma publiko eta pribatuak) bakarrik kontutan hartuz ezarri dira; ez dira maila xumeagora egokitu. Hutsune horri esker, fabrikatzaileek argazkiei denboran zehar gertatuko zaiena aurrikusi gabe merkatura ditzakete produktuak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia