}

Argazki-kamera (II)

1994/03/01 Nogeras, Itziar - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Formatu handiko edo ertaineko kamerak bolumen handikoak dira eta 9x12, 6x9, 6x7, 6x6 (hau da arruntena) eta 6x4 cm-ko negatiboak erabiltzen dituzte. Duten tamaina dela bide, kalitate oneko negatiboak lortzen dira. Gehienetan kameraren atzealdea alda daiteke, bukatu gabe ere pelikula aldatzeko aukera duelarik (baita instanteko pelikulako atzealdea jartzeko ere). Obturadorea, kameraren gorputzean doan plano fokalekoa zein objektiboan jarritako xaflatxoetakoa izan daiteke. Kalitate eta fidagarritasun handiko sistema fotografikoa osatzen dute, baina oso garestiak dira eta batez ere profesionalek erabiltzen dituzte.

Paralai errorea. Bisore zuzeneko kameretan, bisoreak eta objektiboak ez dute berdin "ikusten". Ikus-puntu desberdina dute, 2 edo 3 cm bereiztuta daude eta. Urruneko objektuekin bat etortzen da bien ikus-eremua, baina gertukoekin arazoak sortzen dira. Izan ere, bisoretik subjektuaren goialdea gehiago eta behealdea gutxiago ikusten da objektibotik baino. Subjektua zenbat eta gertuago, errorea hainbat eta nabariagoa izango da.

Kamerarik erabilienak formatu txikikoak dira. Hauen artean bi talde nagusi ditugu: 35 mm-koak eta 126 zein 110 formatukoak. 35 mm-koak, zuzeneko bisorea dutenak edo reflex bisorea dutenak (objektibo bakarreko reflex edo SLR kamerak) izan daitezke. Zuzeneko bisorea dutenetatik hasiko gara. Hauek, kamera konpaktuak dira batipat. Obturadorea, diafragma eta objektiboa finkoak izan ohi dira edo oso aldaketa txikiak egiteko aukera eskaintzen dute. Izena, bisoretik ikusten dena objektiboak ikusten duena ez delako hartzen dute, hau da, bisorera zuzenean joaten da argia.

Honek distantzia motzetan arazoa sortzen du; “paralai errore”aren arazoa (Ik. beheko irudia), hain zuzen ere. Kamera sinple eta erabilterrazak dira, baina beren mugak dituzte: foku finkokoetan, 2 m eta infinituaren artekoa ateratzen da enfokatuta; argitasun handia behar da argazkiak ateratzeko eta lehentxeago aipatutako enkoadratzeko arazoa daukate.

Reflex kameretan, aitzitik, argia ez da zuzenean bisorera joaten. Horietan, argia objektibotik sartzen da eta ispilu baten bidez eta pentaprisma batean barrena irudia bisoreraino iristen da. Beraz, begiez bisorean ikusten dena pelikulara iritsiko den irudi bera da. Objektibo aldakorreko kamerak dira. Objektiboez gain, kamera-mota hauen ekipoa eratzen duen tresna ugari dago. Badirudi, gainera, aurrerapen optiko garrantzitsuenak lehenik kamera hauei aplikatzen zaizkiela.

35 mm-koak ez direnen artean, ezagunena Pocket 110 (16 mm) formatuko kamera da. 13x17 mm-ko negatiboak lortzen dira eta pelikula, txikia denez, kartutxoan sartuta doa. Kamera eroso eta erabilterraza da. Gehienetan objektiboa finkoa izaten du. Esposizioa, finkoa nahiz aldakorra (ikur klimatologikoz adierazia) izaten du.

Kamera berezietan erabilienak, argazkiak bapatean ateratzeko Polaroid kamerak dira. Hauen bidez argazkia atera eta minutura kameratik bertatik kopia positiboa ateratzen da. Emaitza berehala ikusteko aukera ematen du. Halabaina, kopiek tamainaren muga dute; kameraren tamainaren araberakoak izan behar baitute. Gainera, gehienetan negatiborik ez dagoenez, ez dago kopia manipulatzerik.

35 mm-ko formaturako objektibo bakarreko reflex kamera izango da bere zabalpen eta ezaugarriengatik sail honetako eredua. Hala eta guztiz ere, azalpen asko edozein kamera-motatan aplikatu ahal izango da.

Argazki-kamera, hortaz, beste hainbat tresnaz (objektibo, flash eta abarrez) osatutako sistema fotografikoaren erdigunea da. Ez da beste ezer behar argazki politak egiten hasteko. Egia da, haatik, mundu honetan murgildu ahala ekipoa zabaltzeko gogoa eta beharra pizten dela, eta horretarako aukera reflex kamerak ematen du batipat. Baina, ez du merezi, kamera bere objektibo “normala”rekin ondo menperatzen ez dugun bitartean, elementu gehiagorekin konplikatzen hastea. Horrez gain, merkatuan dagoen aukera zabalean oso erraza da nahastea. Trebatzen garen neurrian espezializatzen joango gara eta zer nahi dugun jakingo dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia