}

Argazki kamera digitalen aroa

1999/05/16 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa

Kanpoko itxurari begiratuta, orain arte ohikoak izan diren argazki-kamerek eta kamera digitalek kanpoko berdintsuak dirudite. Barneari eta lan egiteko erari begiratuz gero ordea, oso bestelakoak dira.

Bien arteko diferentziak eta lan egiteko erak funtsean zeintzuk diren ikusteko, ondoko irudietan oinarrituko gara. Orain arte ohikoa izan den kameretan argia objektibotik sartu eta barruan dagoen filmaren zilar-emultsioari aldaketa kimikoa eragiten dio. Gero filma kameratik atera eta errebelatuta argazkiak lortzen dira.

Kamera digitaletan ordea, oso bestela lan egiten da. Objektibotik sartzen den argiak CCD (Charged Coupled Device) izeneko kaptorea jotzen du. Osagai elektroniko honek (1), fotopuntu izeneko milaka zelula fotosentikor ditu eta fotopuntu bakoitzak jasotzen duen argi-energia intentsitatearen araberako kargaelektriko bihurtzen du. Aldaketa elektrikoa dago, beraz, eta ez kimikoa. Ohiko kameretan aldi bakoitzean komeni den sentikortasuneko filma ipintzerik badago ere, kamera digitaletan CCD kaptorearen sentikortasuna behin betirakoa izaten da (100 ISO edo ASA ingurukoa).

CCD kaptorearen atzean ADC (Analog Digital Converter) bihurgailua dago (2) eta honen eginkizuna irudiko fotopuntu bakoitzari dagokion karga elektrikoa zenbaki bitar bihurtzea da. Hain zuzen ADC bihurgailu honi dagokio digitalizazioa.

Ondoren DSP (Digital Signal Processor) prozesadoreak (3) informazio bitarra interpolazio-z prozesatu egiten du eta emaitza azkeneko pixel-kopurua handiagoa izatea da. Algoritmo matematikoen bidez fikziozko pixelak kalkulatu eta ahalik eta era egokienean irudi originalari eransten zaizkio. Horri esker nolabait fotopuntu-kopuru txikia izatearen muga gainditu eta koloretako pixelak berreskuratzen dira. Ondoren irudia memoria iraunkorrean, disko gogorraren parekoan, (4) gordetzen da.

Kamerara sartzen den argia, oinarrizko hiru koloretan (gorri, berde eta urdinean) banatzen da (5). Ohiko kameran filmaren zilar-emultsioak hiru geruza sentikor izaten ditu, bakoitza kolore batekiko sentikor delarik. Kamera digitaletako CCD kaptorea ordea, ez da argi-izpien koloreak bereizteko gauza eta ez du koloretako informazioa interpretatzen. Horregatik kamera digital gehienek CCD kaptorea baino lehen iragazki gorri/berde/urdina izaten dute eta bertan kolore-lauki bakoitza fotopuntu bati dagokio. Pixela da irudi digitala osatzeko oinarrizko elementua. Hiru fotopuntu desberdin, bakoitzak bere kolore-informazioa duela, behar izaten dira koloretako pixela osatzeko.

Pixel horien bidez osatutako irudi digitala, kameran kokatutako memorian (batzuetan disketea izaten da) gordetzen da. Horrek berebiziko abantailak ditu, zeren irudi digital hori ordenadorean eta bere periferiko guztietan (inprimagailu, modem eta abarretan) erabil baitaiteke. Ordenadorean gainera pantailan ikusi eta tratatu, aldatu edo trukatu egin daitezke argazkiak, ordenadore-programa egokia erabilita. Nahi izanez gero argazkia Internet bidez igor daiteke, CD-Rom-en graba daiteke edo inprimagailuaz paperean inprima daiteke.

Kameratik PC edo Macintosh ordenadorera argazkiak pasatzeko kablea konektatzen da, baina batzuetan datuak izpi infragorriz ere transmititzen dira ordenadorera. Inoiz baita disket bidez ere, lehentxeago aipatu dugunez.

Kamera digitaletan zooma optikoa (ohiko kameretan bezala) edo digitala izan daiteke, baina digitala denean irudia handiagotzen duen lupa modukoa baino ez da. Kameraren atzeko aldean argazkia kontrolatzeko kristal likidozko pantaila txikia egoten da, kameskopioetan bezala. Pantaila horretan erabiltzaileak bat-batean ikusten du hartutako argazkia eta memorian gorderik dituenak ere bertan ikus ditzake. Gainera kamerak dituen botoiei esker menuetan zehar nabigatu egiten du argazkiaren ezaugarriak hautatzeko, argazkiak sailkatzeko, deuseztatzeko, eta abar, baina hori zenbaitentzak oztopo handia izaten da. Ordenadorea erabiltzen ohiturik daudenentzat erraza da, baina jende asko dago horretara ohitu gabea eta buruhauste handiak izan ditzake.

Zenbait argazki-kamera digitalek ez du bisore optikorik eta horren ordez kristal likidozko LCD pantailatxoa erabili behar izaten da argazkiak hartzeko, baina erabiltzaileak azkar ohitzen dira bi besoak luzatu eta kameraren atzeko aldeari begiratuz klik egiten.

Argazki kamera digitalen ezaugarriak

Ondoren, argazki-kamera digitala erosi behar duenarentzat kamera idealak izan beharreko ezaugarriak banan-banan adieraziko ditugu:

  • Gutxienez 1.000.000 fotopuntuko CCD kaptorea.
  • Iraupen luzeko bateria, azkar kargatzen dena.
  • LCD pantaila deskonektagarria eta bisore optikoa.
  • Zoom optikoa, gutxienez 3x-koa.
  • Gutxienez 8 megako disko gogorra.
  • Objektiboaren kalitatea 24x36ko ohiko kameren 28-115 mm eta f:2ren baliokidea.
  • Soinua eta irudi animatuen sekuentzia erregistratzeko aukera.
  • Argazki-segida hartzeko aukera.
  • Erregistratzeko gutxienez hiru kalitate-maila.
  • Erabilpen-maila desberdinak dituen flash integratua eta flash-hartune osagarria.

Gaur egun merkatuan salgai dauden kamera digitalek ez dituzte kamera ideialaren aurreko zerrendako ezaugarri guztiak, baina hurbiltzen direnak bat baino gehiago dira. Hona hemen horietako batzuen izenak eta gutxi gorabeherako prezioak:

  • Kodak DC 260 (175.000 pta. edo 6.990 libera)
  • Navica FD-81 Sony (150.000 pta. edo 5.990 libera)
  • Nikon Coolpix 900 (210.000 pta. edo 8.490 libera)
  • Minolta Dimage Ex (175.000 pta. edo 6990 libera)

Kamera hauetan guztietan, CCD kaptoreko fotopuntu-kopuruak irudiaren kalitatea baldintzatzen du.

7Kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia