Ardogintzan ere, klima-aldaketari aurre egiten

2025/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

BRTA Aliantzako zentroetan, klima-larrialdia arintzeko edo hari erantzuteko proiektuak lantzen ari dira, hainbat alderditatik. Horren adibide da AZTIn garatu duten Envirodigital tresna, zeinak, elikagai-enpresek ekoizten dituzten produktuen ingurumen-aztarna neurtzeaz gain, eragina arintzeko gakoak ere ematen dituen. Bestalde, mahastiak klima-aldaketak sortu duen egoera berriari egokitzeko estrategiak lantzen dabiltza BRTAko NEIKER zentroan. Izan ere, klima-aldaketara egokitzea eta klima-aldaketa arintzeko neurriak hartzea aukera desberdinak dira, baina egungo eta etorkizuneko errealitateei erantzuteko beharrezkoak izango dira biak ala biak.

ardogintzan-ere-klima-aldaketari-aurre-egiten
Arg. AZTI

Mendiz inguratutako lautada zabal batean kokatua dago Artomaña auzoa, Amurrion (Aiaraldea). Izen bereko txakolindegiko mahastiek 21 hektarea lur hartzen dituzte. Duela gutxi, haien txakolina egiteko prozesuak ingurumenean uzten duen aztarna neurtu dute, AZTIren Envirodigital tresnaren bitartez, eta oso gustura daude emaitzarekin. Hala baieztatu du Artomaña txakolindegiko Kerman Alava Guerrerok: “AZTIk proposatu zigun proiektu honetan parte hartzea, jakiteko ingurumen aldetik gauzak ondo egiten ari ginen ala ez, eta emaitza hain ona izatea sorpresa ona izan da”. 

Emaitza ez ezik, erraztasuna ere nabarmendu du Alavak. Hain zuzen, datu batzuk sartu baino ez dute egin behar: uraren erabilera, elektrizitatea, zer motatako osagaiak behar dituzten haien produktuak ekoizteko, zer motatako hondakinak sortzen dituzten…

Envirodigital tresnak ematen dituen emaitzen arabera, Enviroscore etiketa bat edo beste jartzen zaie elikagai-enpresetako produktuei. Etiketa horrek produktuak ingurumenean duen inpaktua adierazten du, bost maila bereiziz. A etiketadun produktuak oso kalte txikia adierazten du; E mailak, berriz, produktu horrek ingurumenean eragin handia duela esan nahi du. 

Etiketa ezartzeko orduan, produkzio-kate osoa hartzen dute kontuan, katebegi bakoitzean 16 adierazle begiratuta, eta haietako bakoitzaren inpaktua neurtuta. Hala, klima-aldaketa 16 adierazle horietako bat da, eta haren inpaktua edo garrantzia % 22koa dela zehaztu du Saioa Ramos Fernández AZTIko ikertzaileak. Hori jakitea lagungarria da erabakiak hartzeko: “Adibidez, ikusten badute ontzia dela klima-aldaketan eragin handiena daukan alderdia, proba teoriko batzuk egin ditzakete, inpaktu txikiagoa duen beste material bat aukeratzeko”. 

Hori da, hain zuzen, Artomañako txakolindegian ikusi dutena; apardun txakolinaren botila aldatuz gero, enpresaren ingurumen-aztarna gutxitu egingo litzatekeela, alegia. Egungo botilak lodiak eta astunak dira; beraz, ekoizpen-prozesuan lehengai gehiago behar dute, eta berotegi-efektuko gas gehiago sortzen dute fabrikazioan eta garraioan. 

Arabar Errioxako mahastietan, berriz, beste era bateko estrategiak ari dira probatzen, aldaketa klimatikoak ekarri duen egoerara moldatzeko. Udaberria, esaterako, betitik izan da arriskutsu samarra mahastientzat, eta klima-aldaketaren ondorioz egoerak okerrera egin du. Arriskuei aurre hartzeko, beraz, saiakuntzak egiten ari dira NEIKER ikerketa-­zentroko ikertzaileak.

Inausketa da estrategietako bat. Ana Aizpurua Insausti ikertzailearen hitzetan, inausketa atzeratuz, landarearen zikloa atzeratzen saiatzen dira: “Horrela lortzen dugu, adibidez, izozteetatik babestea landarea, oso sentibera baita lehenengo fasetan. Beranduago inausita, landarea ere pixka bat beranduago mugitzen da, eta, horri esker, udaberriko izotzen tarte hori salbatu egiten da neurri batean”. 

Bastidako sail batean, esaterako, azaroan hasi eta apirilaren bukaera arte, zazpi inausketa egin dituzte. Aldiro-aldiro, mahastira etorri eta landare bakoitzaren garapenari buruzko datuak biltzen dituzte. Duen itxuraren arabera, ernamuin bakoitzari balio bat ematen diote, eta konparatu egiten dituzte, ikusteko ea alderik badagoen inausketa-aldien artean. 

Aizpuruak azaldu duenez, badaude diferentziak: “Apirileko azken inausketa horiek, adibidez, gradu gutxiago ematen dute biltzeko garaian, eta azidotasun apur bat handiagoa”. Eta, nonbait, hori da ardandegiek bilatzen dutena. “Gainera, ikusi dugu produkzio-aldetik ere ez duela galtzen”. 

Ezinezkoa da Arabar Errioxan dauden mahasti guztiak aldi berean inaustea. Izan ere, 14.500 mahasti baino gehiago daude landatuta, 13.100 hektareatan banatuta. Baina inausketa atzeratzea neurri egokia izan daiteke izotz-arrisku handiena duten sailetarako.

Azken finean, ez dago klima-larrialdiari erantzuteko estrategia bakar bat, denerako egokia dena, baina guztiak dira aintzat hartzekoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia