Arazoak Heidiren lurraldean
2008/08/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
(Argazkia: Lenoir/ Science )
Besteak beste, Science zientzia-aldizkarian argitaratutako ikerketa bati esker, jakin dugu Heidik mendian gora igo beharko lukeela lehen biltzen zituen loreak hartzeko. Izan ere, berotze globalaren ondorioz, XX. mendearen hasieratik, hamarkada bakoitzeko batez beste 29 metro igo da espezie bakoitzaren habitat optimoa.
Landare belarkarek, gainera, hazkunde motela duten espezieek baino azkarrago migratu dute, eta bereziki basoetan bizi direnek, beste lekuetan ere hazten direnek baino azkarrago. Alegia, Alpeetako basaloreak beste espezie asko baino gehiago eta lehenago igo dira, eta, beraz, Heidik bere garaian baino izerdi gehiago bota beharko luke maldan gora, lore-sorta osatzeko.
Zientzialariak kezkatuta daude fenomeno horregatik, landare-komunitateak hausten ari direlako, eta animalien eta landareen arteko elkarrekintzei ere eragingo dielako. Izan ere, ez dago zalantzarik azkeneko ehun urteetan tenperatura igo egin dela inguru haietan, eta igoera nabarmenagoa da 1980ko hamarkadatik aurrera, ia 1 °C igo baita. Eta, eredu klimatikoen arabera, hurrengo urteetan joera ez da aldatuko.
Baina zientzialariak ez dira klima-aldaketaz eta horren ondorioez arduratzen diren bakarrak. Eski-estazioetako jabeak ere oso kezkatuta daude, izotza urtzen ari dela eta gero eta elur gutxiago egiten duela ikusita. Beldur dira bezeroak, turistak eta eskiatzaileak, galduko dituztela.
Neurketek enpresarien susmoak berresten dituzte, eta, gainera, zerbait bitxia gertatzen ari dela ikusi dute. Dirudienez, Suitzako Elurra eta Elur-jauziak Ikertzeko Institutuaren azken ikerketaren arabera, elur-galera ez da pixkanaka gertatu. 1930etik 2007ra Suitzako 34 eski-estazioetan eroritako elurra neurtu dute, eta frogatu dute batez ere 1980ko hamarkadaren amaieratik aurrera gutxitu direla elurteak. Datua harrigarria da, berotegi-efektua sortzen duten gasen isurian ez baita halako aldaketarik sumatu epe horretan; eta, beraz, badirudi logikoa dela gero eta elur gutxiago egitea, baina koska nabarmenik gabe urte batetik bestera.
Ekonomian eragina
Alpeetan gero eta elur gutxiago egiten duela frogatu dute, eta horrek, ekologian ez ezik, ekonomian ere eragiten du.
(Argazkia: A .Galarraga)
Zientzialariek oraindik ez dakite zergatik utzi dion elurra egiteari bat-batean, baina eragin zuzena du eski-estazioetan: 1990eko hamarkadaren hasieratik, iraupeneko eskia eta snowboard egiteko nahiko elur dagoen egunak % 20-60 gutxitu dira. 2006-2007ko negua bereziki txarra izan zen alderdi horretatik; kirol-ekitaldi dezente bertan behera utzi behar zituzten, eta, Austrian, nazioarteko eski-lehiaketa bat egiteko, helikopteroz 4.500 metro kubiko elur eraman behar izan zituzten lehiaketa-eremura.
Gastuak, beraz, gero eta handiagoak dira estazioentzat, eta sarrerak, berriz, txikitzen ari dira, turista eta kirolari askok bestelako jarduerak aukeratzen baitituzte elurrik ez badago. Horrenbestez, bezeroei eusteko, eski-estazioak eskaintza dibertsifikatzen ari dira; esaterako, gero eta ohikoagoa da hotelek bainuetxeen zerbitzuak izatea.
Hala ere, elurrari lotutako jarduerei ere eutsi nahi diete, eta batzuek irtenbide originalak ere probatu dituzte. Esate baterako, glaziarreko izotza urtzea galarazteko, Suitzako Andermatt glaziarraren zati bat estalki berezi batekin babestu zuten. Estalkia Landolt enpresak sortutakoa da; azpialdea polipropilenoz egina dago, eta beroa igarotzea eragozten du. Goialdea, berriz, zuria da, elurra bera bezala; poliesterrezkoa da, eta izpi ultramoreak islatzen ditu. Estalkiari esker, elurra ez zen urtu, eta eskiatzaileek gozatzeko aukera izan zuten.
Denek ez dituzte begi onez ikusten halako irtenbideak, ordea. Estalkiak elurra urtzea galarazten duela frogatu dute, baina ezinezkoa da glaziar guztiak eta Artikoa eta Antartika horrekin estaltzea. Horrez gain, Andermatt inguruko ekologistek salatu dutenez, ekimena ez da berotze globalaren eraginaren aurkakoa izan, baizik eta eski-estazioaren aldekoa. Ekologisten ustez, helburua eskiatzaileak erakartzea izan da, eta haiek autoetan joaten dira, eta energia kontsumitzen dute... Eta horrek guztiak ez dio inolako mesederik egiten glaziarrari, noski.
Hain justu, zientzialari batzuk oso kezkatuta daude elur-kirolek ingurumenean duten eragina dela eta. Haien esanean, orain dela 150 urte arte, Alpeetako mendiak leku desegokia ziren bizitzeko, kondizioak gogorregiak ziren. Orain, ordea, aisialdirako toki aproposa bihurtu dira, eta, duela 50 urtetik hona, azpiegiturak (bideak, urtegiak, eraikinak...) eta turistak ikaragarri ugaritu dira. Ingurumenaren kalterako.
Izan ere, Carmen de Jong Savoiako Unibertsitateko Mendi Institutuko zuzendariak azaltzen duen bezala, “bi fenomeno elkartu dira: mendien masifikazioa eta klima-aldaketa, eta, horren ondorioz, mendi-ekosistemen gaineko presioa inoiz baino handiagoa daâ€. Gainera, de Jongen iritziz, jendeak gero eta joera handiagoa izango du mendialdera joateko, hirietako poluziotik eta berotik ihes egin nahian.
Horregatik, irtenbideak bilatu behar dira, lehenbailehen, Heidiren lurraldea betiko desagertu baino lehen. Ez da lan makala izango!
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia