Ainhize Barrainkua Agirrek doktoretza lortu berri du Ingeniaritza Informatikoan. Aurretik, Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoa gradu bikoitza egin zuen EHUn, eta, segidan, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimenduetan Masterra (EHU). Ibilbide labur eta arrakastatsu horren lehen pausoa, berriz, irakasle baten eskutik eman zuen: “Egia da ez direla ikasketa ohikoenak nesketan, baina, bigarren batxilergoan, fisika eta matematika erakusten zizkigun irakaslea oso-oso ona zen. Eta emakumea zen. Liluratuta egoten nintzen haren klaseetan”, aitortu du Barrainkuak.
Haren esanean, irakasle hura erreferente garrantzitsua izan zen unibertsitateko ikasketak aukeratzean. Fisika eta matematika, biak zituen gustuko, eta Madrilera biak ikastera joatekotan egon zen. “Baina ez neukan urrutira joateko gogorik, eta, gainera, baneukan jakin-mina teknologiarekiko eta elektronikarekiko. Hortaz, Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoa egitea erabaki nuen, EHUn”.
Lehiakide baino gehiago, lagun
Eta han ere, irakasle onak egokitu zaizkio. “Irakasle batzuei nabari zaie gustuko dutela irakastea, badutela dakitena edo ikertzen dutena transmititzeko gogoa. Eta belaunaldi-aldaketa ere nabaritzen dela esango nuke. Izan ere, irakasle gazteak horizontalagoak dira, eta gertuagokoak. Bereziki, emakumeak”.
Eskertu du gertutasun hori. Oso eremu maskulinizatua izan arren, ondo zaindua sentitu dela adierazi du: “Uste dut zorte handia izan dudala nire belaunaldiko ikasleekin, giroa ez baita izan batere hotza edo lehiakorra. Babes handia eman diogu elkarri, eta elkartasun handia izan dugu gure artean. Lehiakideak baino gehiago, lagunak izan gara”.
«Niretzat erakargarriagoa da guri eragiten dizkiguten arazoak, egiazko problema sozialak, modelizatzea eta aztertzea»
Gradu bikoitza amaitu zuenean, masterra egitea erabaki zuen, kezka sozialak bultzatuta. Izan ere, matematika eta fisika baliagarriak dira problema abstraktuak teorikoki ebazteko, baina ez zen hori Barrainkuaren motibazioa: “Niretzat erakargarriagoa da guri eragiten dizkiguten arazoak, egiazko problema sozialak, modelizatzea eta aztertzea. Asmo horrekin hurbildu nintzen, beraz, adimen artifizialera, eta ez garai horretan zegoen ―eta dagoen― boomarengatik”.
Ikuspegi kritikoa eta autokritikoa
Horrela iritsi zen algoritmoen alborapenak ikertzera BCAMen (Basque Center for Applied Mathematics), tesiaren bidez. Azaldu duenez, talde zaurgarriak era askotara identifikatu daitezke: sexu/generoa, jatorria, adina, klasea, orientazio sexuala…, eta testuinguruaren arabera modu jakin batean edo bestean ezaugarritzen dira, eta bereziki garrantzitsua da ikuspuntu intersekzionala. “Horren atzean, asmo bat dago”, baieztatu du. “Horregatik, oso garrantzitsua da kritikotasunez begiratzea edo aztertzea algoritmoen iragarpenak eta erabakiak”.
«Jendeari etengabe esaten zaio AA zerbait epikoa dela, ulertzeko oso zaila eta iluna»
Horretarako, ordea, komenigarria litzateke jendeak jakitea zer den eredu bat, nola sortzen diren algoritmoak… Eta justu kontrakoa zabaldu dela uste du: “Jendeari etengabe esaten zaio AA zerbait epikoa dela, ulertzeko oso zaila eta iluna”. Autokritika ere egin du: “Gure ardura ere bada ezagutza transmititzea. Askotan, hain sartuta gaude gure zurrunbilo horretan, ahaztu egiten zaigula jendeari jakinaraztea zertan ari garen ikertzen eta zer aurkitu dugun. Eta hori ere bada gure lana. Nire iritziz, ezagutza libreki transmititu behar da”.
Orain, tesia amaituta, irakasle- eta ikertzaile-lanetan dabil, EHUko ordezkapen bat betez. Ez du ezkutatzen oso gustukoa duela. “Pila bat ari naiz gozatzen. Ikasleak benetan jatorrak dira, eta oso gustuko dut dakidana haiei transmititzea. Gainera, azalpenak eman ahal izateko, nik ere ikasi egin behar dut, eta horrek pila bat motibatzen nau. Edukiko ditut egun txarrak, eta agian etorkizunean beste norabait joan nahiko dut. Baina gaur-gaurkoz oso gustura nago”, berretsi du, lankideei eta ingurukoei eskerrak ematearekin batera.
Ainhize Barrainkua Agirre Aretxabaletan jaio zen, 1997an. Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoa gradu bikoitza egin zuen EHUn, eta, jarraian, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimenduetan Masterra (EHU). Duela gutxi doktoretza lortu du Ingeniaritza Informatikoan, eta orain irakasle eta ikertzaile dabil, EHUn.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



