Elhuyar zientziaren komunikazioa

Apendizitisa, larritasun gutxiko mina

2002/04/14 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Haurra tripako min ikaragarria duela esanez etortzen bada, litekeena da apendizitisa izatea. Ez da gaixotasun larria, ezta gutxiago ere, baina minbera delako ez ezik konplikazioen iturburu ere izan daitekeelako berandu baino lehen erauzi behar da. Zoritxarrez, oraingoz behintzat, apendizitisaren inguruan ideia orokorrak besterik ez daude.

Zutik egoten uzten ez duten tripako min zorrotzak zerk eragiten dituen jakin artean, sufrimendua eta larritasuna izan ohi dira nagusi. 10 eta 30 urte bitartean, ohikoa izaten da tripako min horien eragilea apendizea izatea. Hobeto esan, hantutako apendizea, apendizitisa.

Apendizea itsuaren –heste lodiaren hasierako zatia– luzapena da eta 9-10 zentimetro luze izan ohi da. Apendizitisa apendizearen hantura da eta zorrotza ala kronikoa izaten da. Esan bezala, apendizitis zorrotza, normalean, 10 eta 35 urte bitartean izaten da, eta ez pentsa kasu bakanak izaten direnik. Diotenez, biztanleen % 7-12 pasatu behar izaten da ebakuntza-gelatik apendizea erauzteko. Emakumezkoei zein gizonezkoei proportzio berean eragiten die, nerabezaroan izan ezik. Adin tarte horretan, emakumezkoek baino bi aldiz gizonezko gehiagok izaten du apendizitisa.

Oraindik ez dakite apendizitis zorrotza zerk eragiten duen, baina, dirudienez, materia fekalek, parasitoek edo tumoreek apendizearen lumena buxatzean gertatzen da. Haurretan, apendizitisa hipertrofia linfatikoak ere eragiten du; hau da, osagaien gehiegizko garapenaren ondorioz linfa tamainaz handitzeak.

Buxatzearen ondorioz, hipertentsioa gertatzen da eta horrek hainbat ondorio mingarri eragiten du; besteak beste, zainetako eta arterietako zirkulazioan zailtasunak, bakterio -inbasioa, ehun linfatikoaren hantura eta, kasurik okerrenean, zulatzea. Zoritxarrez, ez dago prebentzio-neurririk.

Lehen sintometatik ebakuntza-gelara

Hesteak, infekzio askoren sorburu.

Apendizitisa iragartzen duten sintomak asko dira, baina kasu guztietan agertzen den bakarra tripako mina da. Hasieran, mina zilborraren inguruan izaten da, eta abdomenaren beheko eskuinaldera zabaltzen da. Minaren intentsitatea aldatu egiten da mugimenduarekin; eztula egitean, adibidez, handitu egiten da eta baita arnasa sakon hartzean ere.

Bestalde, jateko gogorik eza eta goitika egiteko gogoa ere izan ohi dira. Apendizitisa izan duten gaixoen bi herenak goitika egiteko gogoa sumatu izan du. Behetikoa ez dute hainbeste gaixok izaten, eta gehienetan haurren kasuan izaten da. Sukarra ere apendizitisaren sintoma izaten da, baina ez da oso altua izaten

37,5 - 38,5 ºC

Apendizitisa atzemateko odol-lagina atera eta laborategira eramaten du sendagileak hanturarik ala infekziorik dagoen iragartzeko. Izan ere, apendizitisa izatean, globulu zurien kopurua igo egiten da. Azterketak irauten duen bitartean haurrak ez du ezertxo ere jan edo edan behar, azterketak horrela eskatzen badu, ebakuntza kirurgikoa egiteko prest egon dadin. Gernu-azterketa egitea ere komeni izaten da, minaren erantzuleak ez direla giltzurrunak edo xixkua ziurtatzeko.

Lehen sintomak sumatu bezain laster ebakuntza egitea izaten da egokiena, eta, egia esan, mina zorrotza denez, sendagilearengana joan aurretik ez da denbora gehiegi pasatzen. Apendizea abdomenaren behealdean egiten diren irekidura txikietatik kentzen da. Errekuperazioa nahiko laster egiten da, eta lehen egunetan elikadura zaindu behar bada ere, poliki-poliki dieta lehenera bueltatzen da. Garrantzitsua da gaixoa aulkian eserita egotea, baita ahal bezainbat ibiltzea ere, nahiz hasieran nahiko mingarria izan. Gaixoa haurra bada, etxera itzuli eta denbora gutxira itzuliko da ikastolara, baina pare bat hilez ezingo du kirolik egin.

Odol-laginen analisien bidez jakin ohi da eritasun askoren jatorria.

Apendizea apurtu bada, irekidura handiagoa egin behar izaten da ateratzeko. Peritonitisa gerta daiteke (barrunbe abdominalaren hantura), baina hamar egunez antibiotikoak hartuta sendatzen da.

Gainera, historiari erreparatuz gero, askoz ebakuntza mingarri eta arriskutsuagoak egin zirela ikusten da. Claudius Amyan kirurgialari britainiar militarrak egin zuen apendizitisaren lehen ebakuntza, 1875ean, batere anestesiarik gabe. Kirurgialariaren lekukotasunek diotenez, "ebakuntza gaixoarentzat mingarria bezain konplikatua izan zen niretzat". Hernia baten ebakuntza egiten ari zela ikusi zuen apendize zulatua. Gaixoa –miraria– sendatu egin zen.

Hamar urte geroago, 1886an, Reginald Fitz Harvard-eko anatomista-patologistak apendizitisagatik hildako 500 pertsonarekin egindako ikerketa bati buruzko datuak argitaratu zituen. Bertan, apendizea hartzen zuen abzesuaren eta peritonitisen erantzuletzat, baina Fitz ez zen kirurgialaria, eta, beraz, gazte batzuek soilik hartu zituzten aintzat ondorio horiek. Gazte horietako bat George Thomas Morton izan zen (William Morton anestesiaren aitzindarietako baten semea), eta 1887ko apirilaren 27an, Filadelfian, 26 urte zituen gazte bati ebakuntza arrakastatsua egin zion.

Zein da apendizearen funtzioa?

Ebakuntza egiteko prest. Apendizitis-sintomak atzeman eta berehala komeni da ebakuntza egitea.

Oraindik ez da argitu apendizeak gaur egun funtziorik betetzen duen edo ez, baina hipotesi hedatuenak dio gure arbasoetatik jasotako hondar bat dela. Ugaztun herbiboroek karniboroek baino heste luzeagoak izaten dituzte, barazkiak haragia baino nekezago asimilatzen direlako. Gizakiaren arbaso zaharrenek dieta herbiboroa zuten batik bat, baina eskualde irekietan ezarri zirenean, geroz eta haragi gehiago jaten hasi zirela uste da. Juan Luis Arsuagaren 'La especie elegida' liburuan aipatzen denez, aldaketa horiek duela 2,5 bat milioi urte gertatu ziren. Hiru aldaketa gertatu ziren bata bestearekin lotuta (zein ordenatan gertatu ziren ez dago argi): dieta-aldaketa, hesteak laburtzea eta garuna handitzea. Izan ere, garun handiagoa mantentzeko beharrezko energia heste laburragoa izaterakoan aurrezten zenarekin berdintzen zen nolabait. Beraz, badirudi apendizea gure arbasoek heste luzeagoak zituzten garaiko hondarra dela.

Baina bada beste hipotesirik ere. Apendizea oso aberatsa da ehun linfatikoetan, eta hipotesi baten arabera, funtzio garrantzitsua betetzen du enbrioiaren garapen-prozesuan. Zehatzago esanda, defentsa immunologikoan hartzen duela parte uste dute zientzialari batzuek, hain zuzen ere, mikroorganismoen aurkako defentsa-funtzioa duten zelula linfozitoen sorreran.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia