Zalantzarik ez dago azken 20-25 urteotako aurrerakuntza teknologiko nagusietako bat World Wide Web-a bat izan dela. Eguneroko bizitzarako zein jarduera ekonomikorako, ezinbestekoa. Bada, ziurrenik, webak ez luke izango izan duen garapena software librearengatik izan ez balitz. Izan ere, erabiltzaileon ordenagailuetan ez bezala, webaren azpiegituran dagoen softwarearen gehiengo nabarmena librea da. Eta weberako software librearen zati garrantzitsu bat Apache Software Fundazioak sortu eta garatutakoa da.
Apache Software Fundazioa eta weba
Apache Software Fundazioa software libreko garatzaileen irabazi asmorik gabeko elkarte deszentralizatua da. 1999an sortu zen, eta munduko software libreko erakunderik handiena da.
Webgune, web-zerbitzu edo -aplikazio orok ditu software-osagai ugari (web-zerbitzaria, web-garapeneko ingurunea, programazio-lengoaia, datu-basea, bilaketa-motorra, bestelako osagai bereziagoak...), eta Apache Fundazioak osagai-mota horietako ia guztientzat garatu izan du software librea. Web-garapenaren munduan behar berri bat sortzen denean, edo teknologia jakin bat azaleratzen edo nabarmentzen ari dela ikustean, horren alternatiba libre bat ematen saiatzen dira, proiektuari zerotik helduz edo lehendik dauden aukera libre txikien kargu eginez eta haiei lagunduz. Lan behar-beharrezkoa egin dute webaren garapenerako eta bertako aukera-berdintasuna ziurtatzeko.
Sorrera: Apache HTTP zerbitzaria
Apache Fundazioaren ernamuina Apache HTTP zerbitzaria da. Tim Berners-Lee k, 1989an, CERNen zegoela weba asmatu zuen, eta, horrekin batera, HTTP protokoloaren bidez web-orriak zerbitzatzeko lehen zerbitzaria ere garatu zuen, CERN httpd izenekoa. Denborarekin beste web-zerbitzari batzuk agertzen joan ziren, tartean, 1993an, Illinoiseko Unibertsitateak egindako NCSA HTTPd. Denbora gutxian, web-orriak zerbitzatzeko aukera nagusia bihurtu zen hori, baina, 1994tik aurrera, garapena asko geldotu zuen unibertsitateko lantaldeak. Orduan, beste talde batek kodea hartu, lizentzia libre bat zuela ikusi eta garatzen jarraitu zuen.
Talde horrek Apache izena jarri zion taldeari berari eta proiektuari. Izena Ipar Amerikako nazio amerindiar ezagunen omenez da, alde batetik; bestetik, hasieran NCSA zerbitzariari egin behar izan zizkioten adabaki edo petatxuei erreferentzia egiten dien hitz jokoa ere bada (ingelesez, petatxuari patch esaten zaio, eta zerbitzari petatxuduna a patchy server litzateke, eta lehen bi hitzek ingelesez apache hitzaren ahoskera oso antzekoa dute).
Beraz, aurrerantzean Apache HTTP zerbitzaria izango zena nagusitzen joan zen, eta, 1996rako, web-zerbitzari erabiliena zen. Softwarea librea izateak eragiten dituen onuren adibide lehenengoetakoa eta argienetakoa da hori: NCSA zerbitzariaren kodea ez balitz librea izan, hura desagertzean, berriz zerotik egin behar izango zatekeen han egindako lana, baina libre jartzeari esker egindako lana baliatu eta garatzen jarraitu ahal izan zen; sorrera haietan, webaren garapenerako giltzarri izan zen hori. Hala, esperientzia webeko beste teknologietara ere zabaltzeko asmoarekin, 1999an, Apache Software Fundazioa sortu zen.
Apache HTTP zerbitzariari dagokionez, web-zerbitzari erabiliena izan da 1996tik 2016ra bitartean: webguneen % 60-70 inguruk erabili zuten. 2016an, IIS-k hartu omen zion aurrea pare bat urtez, bereziki Apacheren merkatu-zati handi bat Nginx-ek eskuratu zuelako (hori ere software librea da, baina enpresa bat dago haren garapenaren atzean). Eta 2018az geroztik, lidergoa eskuratzeko lehia estuan ari dira Apache eta Nginx. Elhuyarko gure hizkuntza- eta hizketa-teknologien sailean egiten ditugun webgune ugarietan, Apache erabiltzen dugu.
Proiektu ugari eta garrantzitsuak
Web-zerbitzariaz gain, weberako software libre ugari garatu ditu Apache Software Fundazioak 20 urte baino gehiagoan; zehazki, 300 proiektu baino gehiago, eta horietako asko oso ezagunak.
Esate baterako, Solr da webguneen barneko edukien bilatzaileak jartzea ahalbidetzen duen bilaketa-motorra. Webgune barruko eduki osoa indexatzen du, ofimatika dokumentuetakoa barne; horien gaineko bilaketa egin dezake, hainbat aukera kontuan izanik (testu zehatza, hitz guztiak, hitzetako bat...); emaitzak ordena ditzake zenbait garrantzi-irizpideren arabera; eta guztia pertsonalizatzeko eta funtzionalitate aurreratuak eskaintzeko aukera ere ematen du. Webguneetan bilaketak ahalbidetzeko software erabilienetako bat da. Solr erabiltzen dugu, nagusiki, Elhuyarren garatzen ditugun bilatzaileetan: Zientzia.eus-eko zientzia-bilatzaile eleaniztunean, Nahieran-eko bilatzailean (zeinak euskarazko lematizazioa, autoosaketa aurreratua eta hizkuntzen arteko bilaketa baititu), Eusmerotekan...
NoSQL datu-baseetan hedatuenetakoa den softwareetako bat ere, Cassandra, Apache Fundazioaren proiektuetako bat da. Bestalde, konputazio banaturako softwarea eta datu-baseak ere baditu: Hadoop eta Hbase. Hodeiak muntatzeko azpiegitura eskaintzen du CloudStack bidez; datu-base banatuetan SQL galderak egitea ahalbidetzeko, Hive; lengoaia naturalaren prozesamendurako, OpenNLP; datu-kopuru handien gainean analitikak egiteko, Spark; spam mezuak detektatu eta garbitzeko, SpamAssassin; XMLrekin lan egiteko, Xerces, Xalan eta Xindice; Nutch web crawler-a... Fundazioak sortuak dira, halaber, garai batean asko erabili izan ziren Tomcat, Subversion, NetBeans, Cordova... Eta horiek guztiak adibide batzuk baino ez dira, alternatiba libreak eskaintzen baititu weberako bururatzen zaigun ia edozein software-motarentzat.
Argi dago lan ikaragarria egiten dutela Apache Software Fundazioan web ireki eta libre baten alde, eta, ziur aski, hori gabe weba ez litzatekeela izango gaur egun den bezalakoa. Lana fokuen atzean egiten dutenez, gehienentzat nahiko ezezagunak dira. Duela urte-pare bat Apache Fundazioari buruz Trillions and trillions served izeneko dokumentala egin zuten, eta hauxe esaten dute fundazioari buruz bertan: “Gure proiektuen hedapena izugarria da; [...] oharkabean, ez baita begien bistakoa; [...] lo ez bazaude, behintzat, oso-oso zaila da Apacheren softwarerik erabili gabe egotea mundu teknologiko modernoan denbora-tarte labur bat baino luzaroago”.
Leturia Azkarate, Igor
Informatikaria eta ikertzailea
2003tik Elhuyar Fundazioko Hizkuntza Teknologien I+G sailean egiten du lan, eta beronen arduraduna de 2011z geroztik. Lehenago SOME Software Innovation informatika-enpresa sortu zuen beste bazkide batzuekin batera eta bertan zuzendari teknikoa izan zen. Euskararen normalizazioan diharduen EMUN kooperatiba-elkartean ere aritu zen IKTen arduradun gisa ia bere sorreratik bost urtez.
Informatika eta beste gai batzuei buruzko blog bat du 2004tik eta Elhuyar aldizkarian "Mundu digitala" atalaz arduratzen da 2009tik.
Arrasaten jaioa 1971n, Informatikako Ingeniaritza Teknikoko ikasketak egin zituen Mondragon Unibertsitatean, Informatikako Lizentziatura Toulouseko Université Paul Sabatier-en eta Sistemen Elektronikako Ingeniaritza berriz ere Mondragon Unibertsitatean. EHUko hizkuntza-teknologien inguruko HizTek (Hizkuntza-Teknologiak) eta HAP (Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua) masterrak egin ditu eta egun doktoretza egiten ari da "Web-a euskarazko corpus gisa" gaiaren inguruan.