Antzinatasun-errekorrak Antartikako izotzean
2006/02/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Adituak ez dira ados jartzen fenomeno horiek ezohikoak diren, edo, aitzitik, Lurraren ziklo naturalaren parte ote diren. Horretarako, ezinbestekoa da klimaren bilakaera ezagutzea, aspaldiko garaietatik nola aldatu den jakitea.
Non begiratu, ordea, aspaldi hartako tenperatura- eta prezipitazio-datuak? Antartikako izotzean . Hain zuzen ere, elurra egin zuen garaiko tenperaturaren araberako konposizioa du izotzak; ondorioz, konposizioa aztertuta, tenperatura zein zen jakin daiteke. Horrez gain, izotzean harrapatuta gelditzen diren aire-burbuilak garai hartako atmosferaren laginak dira.
Hori guztia kontuan hartuta, zientzialariek Antartikako izotza zulatu dute hainbat lekutan, sakon-sakoneraino, ahalik eta lagin zaharrenak hartzeko asmoz. Izotz-zutabe osoak ateratzen dituzte, erregistro jarraitua izateko, eta kontu handiz gordetzen eta eramaten dituzte laborategira, han aztertzeko. Antartikatik datozen albisteak ikusita, badirudi zientzialariak lehian ari direla, nork lortu izotz-lagin antzinakoena. Izan ere, azkenaldian errekorrak bata bestearen atzetik etorri dira.
Milioi bat urte
Zientzialariek izotz-zutabe osoak ateratzen dituzte, erregistro jarraitua izateko.
(Argazkia: Mark Curran/ Antartikako Australiar Taldea)
Azken berria japoniarrek eman dute: herrialde hartako zientzialari-talde batek hiru kilometro baino gehiagoko sakoneraraino zulatu du Antartikako izotza, eta ustez milioi bat urteko izotz-lagina ateratzea lortu du. Hori hala bada, orain arteko zaharrena da.
Datazio zehatza apirilean egingo dute, orduan bidaliko baitute lagina Japoniara. Zientzialariak gustura daude, 2003tik ari baitziren lagin hori lortu nahian lanean. Orain, badute zer ikertu. Besteak beste, atmosferako gasen proportzioa nola joan den aldatzen ikusi nahi dute. Halaber, aztertu nahi dute zer eragin izan zuen kliman duela 790.000 mila urte inguru Lurraren eremu magnetikoan gertatutako inbertsioak.
Hain zuzen ere, Lurraren eremu magnetikoaren polaritatea aldatu egiten da aldian behin. Gaur egun, polo negatiboa Ipar polo geografikotik hurbil dago, baina 10.000-25.000 urteko epealdietan, polaritate hori trukatu egiten da. Orain, zientzialariek aukera dute ikusteko zer eragin duten inbertsio horiek kliman.
Europarrak ere pozik
Hainnbat talde ari dira izotza zulatzen helburu berarekin: klimaren bilakaera aztertzea.
(Argazkia: Vin Morgan/ Antartikako Australiar Taldea)
Japoniarrek beren lorpenaren berri eman baino egun batzuk lehenago, zientzialari europarrek antzekoa iragarri zuten, alegia, izotz-zutabe bat atera zutela 3.000 metroko sakoneratik, eta, 2004an ateratakoa baino laburragoa zen arren, bazirudiela hura bezain zaharra zela. Hau da, 900.000 urte inguru zituela uste zuten.
Aipatu bezala, geroago, japoniarrek antzinatasun-errekorra gainditu zuten (ustez), baina horrek ez dio meriturik kentzen europarrek lortutakoari. Izan ere, orain arteko izotz-laginen ura Indiako Ozeanotik eta Ozeano Baretik zetorren. Oraingo laginaren ura, berriz, Atlantikoari dagokio. Horrek Ozeano Atlantikoan gertatutakoa ulertzeko aukera ematen die, eta jakin ahalko dute non berotu edo hoztu den lehenago Lurra, iparrean edo hegoan, edota bietan aldi berean geratu diren aldaketak.
Oraingoz, hango eta hemengo zientzialariek lagin baliotsuak lortu dituzte, eta hemendik aurrera laborategietan hamaika ikerketa egingo dituzte, batetik, Lurreko klimaren iragana ulertzeko, eta, bestetik, etorkizunerako irakaspenak ateratzeko.
7K-n argitaratua.