Antzinako DNA: Aldaietako historia biologikoaren berregitea
2008/04/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
EHUko ikertzaile-taldea Aldaietako nekropoliko gizakien hezur- eta hagin-hondarretako material genetikoa aztertzen ari da, nekropoli horren esangura biologikoa eta soziala interpretatzeko asmoz. Egia esan, antzinako DNA aztertzeko laborategiko lana ikaragarri handia da, hainbat arrazoirengatik. Batetik, hezur- eta hagin-hondarretatik erauzitako DNA kantitatea oso txikia da, bizidun batengandik lor daitekeenarekin alderatuz. Eta, bigarrenik, lortzen den DNA-katea oso degradatua egoten da. Horren ondorioz, kutsatzeko arrisku handia du. Horregatik, lortutako emaitzak behin eta berriz egiaztatu behar dira, eta ziur egon behar da emaitza horiek laginarenak direla, eta ez kutsaduraren edota kanpoko eragileen ondorioz lortutakoak.
Ikerketa-lan horretan, ikertzaileek, lehendabizi, DNA erauzten dute antzinako hondar horietatik, eta, ondoren, DNA hori aztertzen dute. Normalean, DNA mitokondrialaren sekuentziazioa egiten dute (DNA mitokondriala amagandik jasotzen da soilik).
Gizaki bakoitzaren ale bi aztertzen dituzte, eta hirugarren ale bat beste laborategi batera bidaltzen dute. Azkenik, hiru lagin horiek alderatuta, endogenoa dena kanpoko eragileen ondorioz lortutako emaitzetatik bereizten dute. Noski, gizaki beraren hainbat laginetatik lortutako emaitzek berdinak behar dute izan analisi guztietan.
Populazioaren interpretazioa
Antzinako DNArekin lan egiteak zenbait arazo edo zailtasun dituen arren, EHUko ikertzaileek landutako metodologia horri esker, eta emaitzak egiaztatzeko garaian kontuan hartu dituzten irizpideei esker, Aldaietako nekropolian lurperatutako populazioari buruzko datu fidagarriak eta egiaztagarriak lortu dituzte.
Mitokondrioetako DNA aztertzeaz gain, Y kromosomaren karakterizazioa ere egin dute antzinako DNAren azterketa bidez, aitaren lerro genetikoari dagokion informazioa lortzeko. Horri guztiari esker, ikusi dute familiarteko harremanak daudela nekropoli horretan, eta familia bereko gizakiak gertuko hilobietan daudela. Gainera, bereizketa nabarmena da generoari dagokionez. Hain zuzen ere, gizonezkoek dituzte ondasun gehien, bai eta garrantzitsuenak ere.
Zalantzarik gabe, eskeleto-hondarren azterketa genetikoa egitea lan nekeza da, eta emaitzak egiaztatzeak zailtasun ugari ditu. Hala ere, ezinbestekoa da giza populazioaren historia biologikoa berregiteko edo ezagutzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia