Antisorgailu berriak gizonezkoentzako
2008/07/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Gehien ikertzen ari direnetako bat pilula da. Emakumezkoek gehien erabiltzen duten antisorgailua da, eta gizonezkoentzat ere halako zerbait lortzea da helburua. Horretarako bideetako bat hormona-tratamendua da; alegia, emakumezkoen pilula antisorgailuaren antzeko zerbait, baina gizonezkoen hormonekin .
Testosterona gizonezkoen sexu-ezaugarrien arduraduna da, hala nola bizarra haztearena edo muskulu-masa handia izatearena. Horrez gain, espermatozoideen ekoizpenarekin zuzenean erlazionatuta dago. Hain zuzen ere, garunari nahikoa espermatozoide dagoelako seinalea ematen dio testosteronak.
Bi hitzetan esanda, espermatozoideak ekoizteko zikloa garunean hasten da. Garuneko hipotalamoak jariatzen duen hormona batek hipofisian eragiten du. Hipofisiak, orduan, beste bi hormona jariatzen ditu; haiek barrabiletara iristen dira, eta espermatozoideen ekoizpena sustatzen dute.
Espermatozoideak sortzearekin batera, barrabilek testosterona jariatzen dute, baita beste hormona bat ere, inhibina. Inhibinak hipofisian eragiten du, espermatozoideak ekoiztea sustatzen duten hormonak ez jariatzeko, eta testosteronak antzekoa egiten du hipotalamoan. Hala, garunak detektatzen du espermatozoideak sortu direla, eta haiek ekoizteko zikloa eteten du. Gero, odolean inhibinaren eta testosteronaren kontzentrazioak jaisten direnean, berriro hasten da zikloa.
Espermatozoideen ekoizpena galarazteko modu bat, beraz, testosterona hartzea izan daiteke. Odolean testosterona-maila konstantea bada, garunak ez du espermatozoideak ekoizteko seinalea ematen duen hormonarik jariatzen; hortaz, barrabiletan ez da espermatozoiderik sortzen. Alabaina, ikertzaileek egin dituzten probetan ikusi dute odolean hainbeste testosterona izateak albo-ondorioak eragiten dituela: aknea, gizentzea, prostata handitzea...
Albo-ondorio horiek saihesteko, edo behintzat apaltzeko, testosterona beste hormona batekin, progesteronarekin, konbinatzea ere probatu dute. Hormona hori emakumezkoen piluletan ere erabiltzen da; emakumezkoetan obulazioa eteten duen bezala, barrabiletan espermatozoideak sortzea galarazten du gizonezkoetan. Progesteronak ere baditu albo-ondorioak, ordea, gizonezkoen sexu-ezaugarrietan eragiten baitu. Horregatik, progesterona hartzekotan, testosteronarekin batera hartu behar da.
Hortaz, teorikoki, gizonezkoen pilulak testosterona eta progesterona eduki beharko lituzke. Baina ezingo luke pilula izan: digestioan testosterona zatitu egiten da, eta, beraz, ez da nahiko testosterona geratzen progesteronaren albo-ondorioak apaltzeko. Hori guztia kontuan hartuta, progesterona-inplanteen eta testosterona-injekzioen konbinazioa probatzen ari dira ikertzaileak.
Bestelako aukerak
Aukera hori ez da emakumezkoentzako pilulen parekoa, inondik inora. Alabaina, ikertzaileek ez dute etsi, eta hormonetan oinarritutako metodoak alde batera utzita, beste sistema batzuk ikertzen ari dira. Massachusettseko Unibertsitatean , adibidez, espermatozoideei mugitzeko gaitasuna kentzeko modua aurkitu dute.
Espermatozoideak sortzen direnean, barrabiletan, badute isatsa, baina ez dira mugitzeko gai. Gaitasun hori hodi batzuetatik igarotzean hartzen dute, eta proteina batek ematen die. Ikertzaileak proteina hori blokeatzen duten molekulak probatzen ari dira, eta animaliekin egindako esperimentuetan emaitza onak izaten ari dira. Oraingoz ez dute albo-ondoriorik aurkitu, baina ikertzen jarraitu behar dute.
Beste unibertsitate batean, Columbiakoan , beste blokeatzaile batekin ari dira probatzen. Nonbait, farmazia-konpainia bat probatzen ari zen botika batean oinarrituta dago. Botika horrek espermatozoide akasdunak sorrarazten zituela ikusi zuten, eta farmazia-konpainiak bertan behera utzi zituen esperimentuak. Orain, Columbiako Unibertsitateko ikertzaileek botika horren konposatu batek testikuluetan duen eragina aztertu dute, eta antisorgailu gisa balio ote duen probatzen ari dira. Animalietan emaitza onak izan dituzte, eta luze baino lehen gizonezkoetan probatzea espero dute.
Pilulak ez ezik, bestelako metodoak ere ari dira probatzen. Basektomiaren aldaera itzulgarria da bat. Basektomian espermatozoideek igarotzen dituzten hodi batzuk mozten dira; beste metodo horretan, ordea, hodiak blokeatu egiten dira, silikonazko tapoi moduko batzuk sartuta, eta, hala, espermatozoideek ezin dute pasatu.
Beste metodo bat, deigarria eta merkea, barrabilen tenperatura igotzean oinarritzen da. Barrabilak berotuz gero, ez da espermatozoiderik sortzen. Hori lortzeko, barrabilei gorputzaren kontra eusten dien uhal batzuk daude. Bestalde, taula batzuen bidez azaltzen dute zenbat denbora eta zer tenperaturatan egon behar den saunan espermatozoideen ekoizpena galarazteko.
Aukerak, beraz, ugaritzen ari dira. Hala ere, ikerketak poliki doaz, eta, metodo eraginkor eta erraz bat lortuta ere, ikusi beharko da ea gizonezkoek erabiltzen duten.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia