Antidepresiboen preskripzioak gora egin du pandemiaren ondorioz
2025/03/31 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Antidepresiboen kontsumoa aztertuta, Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela ondorioztatu du ikerketa batek. Halaber, azterlanak nabarmendu du herritarren osasun mentala arazo fisikoekin batera artatzearen garrantzia, bai eta osasun sistemak horren arabera egokitzearena ere. Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek parte hartu dute ikerketan, eta Healthcare aldizkarian argitaratu dute.
2018ko martxotik 2024ko otsailera bitartean Euskal Autonomia Erkidekoan egin ziren antidepresiboen preskripzioak aztertu dituzte, bi urteko hiru alditan banatuta: pandemia aurrea, pandemia eta pandemia ostea. Ikusi dute pandemiaren bi urteek eragin nabarmena izan zutela antidepresiboen preskripzioan, batez ere 40 urtetik beherako emakumeen artean. Ikertzaileek nabarmendu dutenez, pandemian emakume gazteek ongizate emozionalean pairatutako inpaktu handiagoa izan liteke zaintzailearen rolaren ondorio, eta osasun sektoreko zaintza zereginen feminizazioaren ondorio, karga emozional handiagoa dakartelako. Frantzian ere antzeko emaitzak izan dituzte: antidepresiboen preskripzioen gorakada pandemian emakumeen artean, pandemia aurreko aldiarekin alderatuta.
Bestalde, ikusi dute, COVID-19aren pandemia neurri handi batean atzean utzi ondoren, adin talde guztietako gizonek eta emakumeek (20 urtetik beherako gizonak izan ezik) sintoma depresiboen intzidentzia handiagoa izan dutela. Ikertzaileen arabera, analisiak detektatu du pandemiaren epe luzerako inpaktua handia izan dela biztanleriaren osasun emozionalean, hainbat faktoreren ondorioz. Litekeena da herritar gehienek nozitu zuten bakartasun sozial luzeak ondorio iraunkorrak eragin izana pertsonek elkarreragiteko duten moduan eta besteekin konektatuta sentitzeko eran. Gainera, pandemiaren inpaktu ekonomikoak (hala nola lana galtzea edo finantza segurtasunik eza) jarraitzen du eragiten pertsona askoren osasun mentalean.
Bestetik, ikertzaileek gaineratu dutenez, pandemian etengabeko estres egoeran egon izana izan liteke epe luzera biztanleriak nozitutako sintoma depresiboen intzidentzia handiago horren arrazoi nagusietako bat.
Azterlanaren muga bat ere aitortu dute egileek: antidepresiboen preskripzio berriak ez zaizkiela egiten bakarrik sintoma depresiboak dituzten pazienteei, eta farmako horiek agintzen direla bestelako kasu batzuetan ere, hala nola antsietatean, insomnioan edo min kronikoan.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia