Antibiotiko arrunta loaren gaitzaren aurka
2003/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Loaren gaitza edo tripanosomiasia gaixotasun hedatuena da Afrikan hiesaren ondoren, eta heriotza asko eragiten ditu. Gaitzaren eragilea bizkarroi bat da, Trypanosoma brucei, eta tse-tse eulien bidez transmititzen da. Orain, triclosan antibiotikoa bizkarroiaren ugalketa eragozteko gai dela frogatu dute Johns Hopskins Institutuko ikertzaileek.
Oraingoz proba saiodietan egin badute ere, emaitzak itxaropentsuak dira. Izan ere, antibiotiko hori oso arrunta da, eta ez ditu gaixotasuna tratatzeko erabiltzen diren artsenikoaren eratorrien albo-ondorioak eragiten.
Ikertzaileak harrituta daude antibiotikoaren eraginkortasuna dela eta, antibiotikoek bakterioen aurka eragiten baitute, eta T. brucei ez da bakterioa. Alabaina, badirudi bakterioen geneen arrastoak dituela bizkarroiaren genomak eta horregatik eragiten diola antibiotikoak.
Orain, triclosan antibiotikoak loaren gaitzaren sintomak arintzen dituen ala ez probatzen ari dira. Gainera, bizkarroiak antibiotikoarekiko erresistentzia garatzen ote duen aztertzen ari dira ikertzaileak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia