Antartikako bakterioak harrapatzeko lasterketa
2004/02/11 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Dagoeneko biltzen dituzte ikerketarako Antartikako eremuetan bizi diren estremofiloak, muturreko kondizioetan bizitzeko gai diren mikroorganismoak, eta haien gaineko interesa handitzen ari da egunez egun. Ikertzaileen ustez, mikroorganismo horiek (bakterioak gehienbat) erabiliz sendagai berriak eta industria-konposatuak lor daitezke, besteak beste. Gainera, erabilera komertzial ugari izan ditzakete.
Txostenaren egileen esanean, Antartikako Itunak ez ditu behar bezala erregulatzen bioprospekzioaren gaineko hainbat kontu. Itun horren arabera, debekatuta dago Antartika komertzialki ustiatzea, baina ikerketa zientifikoak egin daitezke. Orain arte normalean organismo publiko eta pribatuek elkarlanean ustiatu dute, baina orain zaila izan daiteke helburu zientifikoak eta komertzialak bereiztea. Horri gehitu behar zaizkio nazioarteko legearekin sor daitezkeen arazoak, material genetikoen jabetzaren eta patenteen gaineko auziak, eta ingurumenean izan daitezkeen ondorioak. Haien ustez, lehenbailehen emaitzak lortzeko lehiak bakterio-biltzaileen oldea eragin dezake.
Antartikako mikroorganismoak ez dira ikerketarako lehengai-bilatzaileen helburu bakarrak. Inguru hark beste baliabide batzuk ere eskaintzen ditu, eta arrainak eta algak ere ari dira aztertzen, medikuntzan, kosmetikan eta elikagaien teknologian erabiltzeko, besteak beste.
Oraindik ez dakite gai honek zer arriskua izan dezakeen ingurumenean, baina, haien usteak betetzekotan, kontuan hartu beharreko gaia izango da. Txostenaren ondorioetako baten arabera, gainera, estremofiloen bilketak kolokan jartzen ditu Antartikako ikerketa zientifikoaren izatea, elkarlana eta gardentasuna.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia