}

Animaliak gai kimikoen ikerketarako

2002/07/18 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Europako Batasunak gaur egun normaltasunez erabiltzen diren 30.000 gai kimikoren toxikotasuna aztertzeko erabakia hartu du. Erabakiak animalien defentsarako elkarteetan ari den jendea haserrarazi eta toxikotasun-proben aurkako mugimendua abiarazi du. Izan ere, toxikotasun-probak egiteko animaliak erabiliko dituzte, urtero, batezbeste, 500.000 gutxi gorabehera. Beraz, animaliekin egiten diren proben kopurua erdira jaistearen konpromisoa ezerezean geratu da.
Animalien anatomia eta gizakiona ez dira berdinak, ez fisiologia, ez eta animalien erantzun biokimikoak eta metabolismoa ere.

Animaliak babesteko elkarteetako ordezkariek diotenez, orain aztertu nahi diren gai kimikoak aspalditik ari dira erabiltzen; hortaz, teorian behintzat, gai horiei buruzko datu ugari egon beharko lirateke. Dagoeneko jakin beharko ei litzateke zein gai den arriskutsu, zein toxiko, zein ezin diren urarekin garbitu, zein diren gorputzeko ehunetan sartzeko gauza eta abar.

Adituen arabera, gai kimikoen gainean egituratzen ari den araudi europarra aldatzen ez bada, datozen 20 urteotan laborategietan 10 milioi animalia hilko dira. Dena den, Europako Batasunak oraindik ez du guztiz zehaztu egingo diren proben protokoloa, eta, horregatik, ezin da esan proba horiek nolakoak izango diren. Hala ere, ohiko toxikotasun-proben ondoan, ez dira oso desberdinak izango.

Gai kimikoek hainbat ezaugarri izaten dituztenez, egiten diren toxikotasun probak ere hainbat izaten dira.

Gai kimikoen toxikotasun-maila neurtzeko, muturreko toxikotasun-probak egiten dira. Proba horien bidez, gai kimikoen kalteak eragiteko, gaixotasunak sortzeko edo heriotza eragiteko gaitasuna neurtu nahi izaten da. Horretarako, animalia gai kimikoaren eraginpean jartzen da, denbora gutxi baina zuzen-zuzenean haren eraginpean edo haren kantitate handiak erabilita. Batzuetan animaliari gai kimikoa irentsarazten zaio, tutuez edo xiringez baliatuta, edo janariarekin nahastuta. Horrelakoetan, animaliek konbultsioak izaten dituzte, tripako min handiak, epilepsia-krisiak, odoljarioak… eta heriotza. Gai kimikoak irentsarazteaz gain, arnasarazi ere egiten zaie animaliei, lurrunen bidez edo muturrean arnasketa-gailuak jarrita. Sudurretako odoljarioak, arnasketa-arazoak, konbultsioak, koma-egoerak eta heriotza ez dira horrelakoetan harritzekoak izaten. Azkenik, azalak gaiak xurgatzeko duen gaitasuna neurtzeko, azalaren bidezko probak ere egiten dira. Animaliei ilea kendu, eta gero gainean gai kimikoa ezartzen zaie. Zientziaren ikuspegitik begiratuta, muturreko toxikotasun-proben balioa oso txikia da.

Dosi errepikatuen toxikotasun-probak ere egiten dira animaliekin. Hau da, animaliei gai kimikoak ematen zaizkie, baina dosi txikietan eta behin baino gehiagotan. Proba horiek gutxienez bi asteko iraupena izaten dute, baina, gaiaren toxikotasunaren arabera, hiru hilabetekoak izatera ere irits daitezke. Proba horien helburua gai kimikoak dosi txikietan emanda gorputz barruko organoetan (gibelean, giltzurrunetan, biriketan...), zer nolako eragina duten ikustea da. Ageriko kalte fisikoak eragiteaz gain, horrelako toxikotasun-probek estres-egoera sortzen diete animaliei, adibidez, gogorik ez izanda ere, janaria irenstera behartzen dituztelako.

Gai kimikoen toxikotasuna aztertzeko beste proba batzuen helburua gai kimiko horiek ugaltzeko orduan —ugalkortasunean eta ugaltze-aparatuetan— izan dezaketen eragina ikertzea da. Hilabete eta hiru hilabete arteko iraupena izan dezaketen probetan, gai kimikoak erabiltzeak animalien sexu-ohituretan aldaketarik eragiten duen edo ez aztertzen da, esperma edo arrautzak sortzeko orduan eraginik duen, umetokian aldaketarik gertatzen den, jaioberrietan… Proba-epea amaitzean, sarritan animalien ugaltze-aparatuak anputatu egiten dira gai kimikoek nola eragin dieten ikusteko.

Azkenik, ohiko toxikotasun-proben artean, hazkuntza aztertzen direnak ere arruntak dira. Beraz, jaioberriekin egiten dira, eta batzuetan ugalkortasuna aztertzen duten toxikotasun-probekin batera. Helburua zera izaten da: gai kimikoek hazkuntzako gune jakinetan nola eragiten duten ikustea. Forma-anormaltasunak, anormaltasunak haztean, abortuak… sarri ikusten dira horrelakoetan.

Toxikotasun-proba orokor horiez gain, helburu zehatzagoa duten beste batzuk ere egiten dira: gai kimikoek begietan zein eragin duten aztertzea, nerbio-sisteman izan dezaketen eragina ikustea, minbizia sortzeko duten gaitasuna neurtzea…

Nahiz eta Europako Batasunak probak nolakoak izango diren ez duen zehaztu, animaliak babesteko elkarteetakoek uste dute epe motz, ertain eta luzeko toxikotasun-probak egingo direla, eta saguak, akuriak, untxiak, txoriak, arrainak eta zakurrak erabiliko direla. Talde horien ustea egia bihurtzen bada, animalia ugariren etorkizuna mutur-muturreko larritasunez eta minez betetako etorkizuna izango da.


Zergatik toxikotasun-proben aurka?

"Munduan dauden animalia guztiak erabilita ere, erabat ezinezkoa da gai kimikoak gaur egun manipulatzen ditugun bezala, gai horiek gizakien osasunean izan dezaketen arriskuei buruzko fundamentuzko ondorioetara iristea". Joshua Lederberg zientzialariak esana, 1958. urtean Nobel saria jasotako gizonak.

Ez da harritzekoa, toxikotasun-proben inguruko eztabaidarik nagusietakoa horixe baita: proba horien beharra edo beharrik eza. Izan ere, zalantza handiak daude proba horien egokitasunaz. Hau da, animaliak eta gizakiak hain desberdinak izanik, toxikotasun-probetan ateratzen diren emaitzak ez ei dira adierazgarriak gizakiontzat. Animalien anatomia eta gizakiona ez dira berdinak, ez fisiologia, ez eta animalien erantzun biokimikoak eta metabolismoa ere. Ikerketetatik ateratako datuek nabarmendu egiten dituzte desberdintasun horiek:

  • Duela gutxi 50 gai kimiko ingururen toxikotasun-probak egin dira, gai kimiko horiek ugalkortasunean eta ugaltze-aparatuan nola eragiten zuten ikusteko. Ateratako datuak gizakietan gerta zitekeenaren % 65era hurbildu ziren. Proba berdinak gizakien zelulak erabilita egin zituzten, eta zehaztasun maila % 84koa izan zen.
  • Karraskariak ez dira oka egiteko gai. Gorputzera sartzen zaien pozoia kanporatzen ez dakitenez, gai kimikoek denbora asko egiten dute beren barnean. Hortaz, gizakietara egin daitekeen estrapolazioak nekez balioko du zerbait.
  • Karraskarien bizitza laburra da —saguena adibidez, 2-3 urtekoa—; gizakiona, berriz, askoz luzeagoa. Horregatik, ezin dira neurtu gai kimikoek luzera izan ditzaketen ondorioak.
  • Espezieen artean dauden desberdintasunez gain, subespezien artean ere nabarmenak daude. Horrelakoetan ikusi da gai kimiko berak ez dituela eragin berak, ezta subespezien artean ere.
  • Azkenik, estatistikek diote animalietan egin den hainbat probak gizakiotan ez duela erantzun bera eman gerora.

Toxikotasun-probekin bukatzeko proposamenak

Animaliekin egiten diren toxikotasun-probak amai daitezen, Europako Batasunak kimikoekiko bere programa aldatu beharko luke. Horretarako, ezinbestekoa da ordezko sistema fidagarriak aurkitzea. Badirudi bide hori ondo irekita dagoela, baina bien bitartean, animalien eskubideen alde dihardutenek honako proposamen hauek egin dituzte:

  • Enpresa eta herrialde guztiek probetatik ateratako datuak ezagutarazi, dauden datuak erabil daitezen eta proba-kopurua bikoitz ez dadin. Munduko enpresa kimiko askok merkatuan dituzten produktuei buruzko datu ugari izaten dute; horiek publikoak balira, ez litzateke hainbeste proba egin beharrik izango.
  • Proben programa hiru urtez atzeratu, metodo alternatiboak onak direla frogatzeko denbora egon dadin.
  • Ordezko sistemak probatzeko nazioarteko programak koordinatu, proba-prozesuak ez errepikatzeko.
  • Helburua animaliak erabili gabeko ikerketa azkarrak egitea izan.
  • Gai kimiko toxikoenak identifikatu.
  • Animaliarik gabe egindako ikerketa azkarren ondoren toxikotasun txikikotzat edo toxikotasunik gabekotzat jotzen direnak tentu handiz erabiltzeko baimena ikerketak bukatzen diren arte.
  • Dagoeneko toxikotzat jotzen diren gai kimikoen erabilera eta produkzioa murriztu edo debekatu.

Animalien aldeko elkarteak eta kanpainak

www.liberacionanimal.org
www.redalternativa.com/nopruebastoxicidadanimales.htm
www.redalternativa.com/noalmaltratoanimal.htm
www.redalternativa.com/nomateisalaspalomas.htm
www.redalternativa.com/perrosygatosdecorea.htm
www.redalternativa.com/nohableconella.htm
www.uva.org
http://www.stopeuchemicaltests.com/

Toxikotasun-proben ordezkoak

Gai kimikoen toxikotasun-probak gehienetan animaliekin egiten badira ere, animalien babeserako elkarteetakoek proba horiek egiteko bestelako aukerak badirela diote; alegia, animaliak erabili barik.

Animaliekin egiten diren muturreko toxikotasun-probak ordezkatzeko, probak giza zelulekin egitea proposatzen dute. In vitro egindako probak izango lirateke, hainbat organo eta ehunetako zelulak erabilita. Izan ere, oinarrian gai kimikoen toxikotasuna maila zelularrean gertatzen da. Azalak gaiak xurgatzeko duen gaitasuna neurtzeko ere, zelulekin lan egitea proposatzen ari dira. Zelulak hilotzetatik aterako lirateke, eta gero, aurreko kasuan bezala, in vitro lan egingo litzateke.

Azalaren korrosioa aztertzeko, berriz, hainbat sistema dagoeneko onartuta daude —TER, EPISKIN eta CORROSITEX probak— eta guztiak egin daitezke in vitro. Dosi errepikatuen toxikotasun-probak egiteko proposamenak oso antzerakoak dira, oro har in vitro egindako azterketak gomendatzen dira. Adibidez, giza gibelaren zelula-kultiboa gai kimikoen dosi txikien eraginpean jar daiteke; gauza bera egin daiteke giltzurrunarekin eta gainerako organo edo sistemekin. Kultibo horietako bakoitzean irteten diren emaitzak ordenagailuz jaso eta eredu matematikoak egin daitezke estrapolazioak egiteko.

Gainerako toxikotasun-probetarako alternatibak ere bide beretik doaz; hau da, laborategiko giza zelulen edo enbrioien kultiboak lehenengo, probak gero, eta azkenik, ordenagailuen bidezko datu-bilketa eta modelizazioa.

Beraz, animaliekin egiten diren probak ordezka daitezkeela ikusten da. Baina, gaur egun ez dira ordezkatzen eta, gizartearen presioa nozitzen ez badute, badirudi gero ere nekez ordezkatuko direla.

Zergatik? Animaliak babesteko elkarteetan lanean ari direnek diotenez, zientzialariei kosta egiten zaie aldatzea, orain erabiltzen dituzten sistemak ondo ezagutu eta ulertzen dituztelako, eta proposatzen direnen balioa ez dagoelako guztiz frogatua; bestetik, legeria dago, edozein bide alternatibok, etorkizuna izatekotan, probak egiteko araudi ofizialen batean agertu beharko baitu. Eta, jakina, legeriaren bidea oso motela da.

Animalien eskubideak.

(1977an sortuak eta gerora UNESCOk eta NBEk onartuak)

  1. artikulua.
    Animalia guztiek bizitzeko eskubidea dute.
  2. artikulua.
    Animalia guztiek errespetatuak izateko eskubidea dute. Gizakiak, animalia den aldetik, ez du gainerako animaliak hiltzeko eskubiderik ez eta, eskubide hori bortxatuz, animaliak esplotatzeko ere. Gizakiaren jakintza animalien zerbitzura jarri behar da. Animalia guztiek dute gizakien babesa izateko eskubidea.
  3. artikulua.
    Animaliei ez zaie tratu txarrik eta ankerrik emango. Animaliaren heriotza beharrezkoa bada, bat-batean eta minik eta larritasunik eragin gabe egingo da.
  4. artikulua.
    Animalia basati orok bere ingurune naturalean bizitzeko eta ugaltzeko eskubidea du. Askatasuna ukatzea, helburua hezitzea izanda ere, eskubide horren kontra doa.
  5. artikulua.
    Gizakien inguruan bizitzeko ohitura duten animaliek beren espezieari dagozkion erritmoarekin eta ohiturekin bizi eta hazteko eskubidea dute. Merkataritza-helburuak tarteko gizakiak animalien erritmoa eta bizi-ohiturak aldatzea eskubide horren kontrakoa da.
  6. artikulua.
    Gizakiak laguntzat aukeratu duen animalia orok berez duen bizitza-luzerara iristeko eskubidea du. Animaliak abandonatzea ekintza krudel eta makurra da.
  7. artikulua.
    Lanerako animaliek denboran eta intentsitatean lan mugatua izateko, ongi elikatzeko eta atseden hartzeko eskubidea dute.
  8. artikulua.
    Oinaze fisikoa eta psikikoa eragiten duten ikerketak —medikuntzakoak, zientziakoak, komertzialak…—bateraezinak dira animalien eskubideekin. Teknika alternatiboak erabili eta garatu behar dira.
  9. artikulua.
    Animalia elikadurarako hazten denean, antsietaterik eta minik eragin gabe hazi, garraiatu eta hil behar da.
  10. artikulua.
    Animaliak ezin dira gizakiak entretenitzeko esplotatu. Animalien erakustaldiak eta animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunak animaliaren duintasunarekin bateraezinak dira.
  11. artikulua.
    Beharrik gabe, animaliak hiltzen badira, horiek bizitzaren aurkako krimenak dira.
  12. artikulua.
    Animalia basati ugariren heriotza eragiten duen ekintza oro genozidioa da; hau da, espeziearen aurkako krimena. Poluzioak eta ingurumena hondatzeak genozidiorantz daramate.
  13. artikulua.
    Hildako animaliak errespetuz tratatu behar dira. Telebistan eta zineman ikusten diren animalien aurkako bortxakeria-irudiak debekatu egin behar dira, baldin eta helburua ez bada animalien aurka egiten direnak erakustea.
  14. artikulua.
    Animaliei laguntza eta babesa eskaintzeko erakundeek ordezkaritza izan behar dute gobernuetan. Legeak berdin defendatu behar ditu animalien eta gizakien eskubideak.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia