Animaliak babesteko proposamena

Europako Batzordeak arau bat proposatu du esperimentuetarako erabiltzen diren animaliak are gehiago babesteko. Europako Parlamentuak eta EBko Ministroen Kontseiluak proposamena onartu egin behar du lege bihurtzeko eta orain dagoen araua ordezteko.

Proposamen horren bidez lortu nahi dute ezinbestekoa denean bakarrik erabiltzea animaliak esperimentuetan. Horretarako, eskatzen dute etika-batzordeek ebaluatu ditzatela animaliak erabiltzeko asmoa duten proiektuak, aurrera egiteko baimena eman aurretik. Gainera, bermatu nahi dute animaliak behar bezala zaintzen dituztela laborategietan.

Aipamen berezia egin dute primateen kasuari dagokionez. Eskatzen dute primate-espezie jakin baten biziraupena arriskuan dagoenean edo giza gaixotasun larriren baten agerraldiren bat gertatzen denean bakarrik erabili ahal izatea primateak.

Aurrerapauso bat da animalien ongizatearen aldeko taldeen ustez, baina ez zaie nahikoa iruditzen. Primateak erabiltzeko debekua, adibidez, gauza sinboliko gisa ikusten dute askok, 2002z geroztik ez baita esperimenturik egiten primateekin Europako Batasunean.

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali