Animalia-arrazak: gizakiak bideratutako hautespena
2002/10/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Charles Darwin biologo ospetsuaren arabera, espezie bakoitzean inguruari ondoen egokitzen den banakoak egiten du aurrera, hautespen naturalak eraginda. Normalean banako horrek ezaugarri berezi bati zor dio besteekiko abantaila, eta irauteko edota ugaltzeko aukera gehiago dituenez, ezaugarri hori hurrengo belaunaldietan agertzeko aukera gehiago dago. Horrela, hainbat belaunaldiren buruan, ezaugarri onuragarria espeziearen berariazkoa bihurtzen da. Halaber, baliteke arbaso beretik oso espezie desberdinak sortzea, ingurura egokitzeko hartutako bidearen arabera.
Gizakiak bideratutako hautespenean, ordea, bilatzen dena ez da ingurura hobeto egokitzea, baizik eta gizakiaren ikuspuntutik ekoizpenerako onuragarriak diren ezaugarriak gordetzea edo lortzea. Ezaugarri horiek morfologikoak, fisiologikoak edo etologikoak izan daitezke, eta batzuk mutazioz sortu dira. Aldaketa morfologikoen bidez, txakur-arraza handiak eta txikiak sortu dira; fisiologiari dagokienez, esnetarako eta haragitarako behiak lortu dira; eta aldaketa etologikoak edo portaerazkoak baliatuz, abereen otzantasuna bultzatu da. Horrela lortu dira hainbat arraza espezie bakoitzaren barruan.
Kontuan izan behar da XX. mendera arte ez zirela Mendelen lanak ezagutu; beraz, ez zekiten nola transmititzen ziren ezaugarriak belaunaldi batetik bestera. Horregatik, genetikaren oinarriak ezagutu zirenetik, aurrerapauso handiak eman dira.
Arrazak sortzeko bideak
Ezaugarri jakinak dituzten animaliak lortzeko gizakiak erabili duen metodorik zaharrena belaunaldi bakoitzeko animalia onenak aukeratu eta elkar gurutzatzean datza. Hurrengo belaunaldietan ere gauza bera eginez, gero eta animalia perfektuagoak lortzea espero da. Baina oso metodo motela da eta, gainera, ez oso zientifikoa. Aldiz, hautespen genealogikoa dezente azkarragoa eta eraginkorragoa da. XVIII. mendean, ugalketarako animalia aukeratzean, haren arbasoak ere kontuan hartzen hasi ziren ganaduzale ingelesak. Horrela emaitza hobeak lortzen zirela ikusi zuten.
Bestalde, arraza baten ezaugarriak finkatzeko eta fintzeko asmoarekin, odolkideen arteko gurutzaketak egiten dira, eta horrela sortu dira gaur egungo arraza asko, hazitarako ar jakinak erabiliz batik bat. Hainbat belaunaldiren ondoren, ondorengo uniformeak lortzen dira. Baina ahaideen arteko gurutzaketen ondorioak ez dira beti mesedegarriak izaten, oro har, gene akastunak azaltzeko eta finkatzeko arriskua baitago. Aldakortasun genetiko txikia duten populazioak zaurgarriagoak dira, eta gaixotasunei aurre egiteko ahalmen txikiagoa izaten dute.
Alderantzizkoa gertatzen da mestizatzean: arraza desberdineko animaliak gurutzatzen direnean, aldakortasun genetikoa handitu egiten da. Ondorengoak gurasoen ezaugarrien nahasketa izaten du, eta askotan onerako izaten da. Batzuetan arraza mestizoa gordetzea merezi du, baina beste batzuetan mestizoaren ondorengorik bilatu gabe ustiatzen da; adibidez, hori egiten da hazi bezain laster akabatzen diren txerriekin. Beste batzuetan, mestizatzearen helburua herrialde bateko arraza beste toki batera egokitzea da. Horretarako, kanpotik ekarritako hazitarako arra bertako emeekin gurutzatzen da. Horrela sortu ziren Gasteizko txerria eta odol garbiko zaldi ingelesa.
Gurutzaketa arrazen artekoa beharrean espezieen artekoa bada, hibridazioa deitzen zaio. Ez da beti bideragarria izaten, noski; hibridatzen diren espezieek hurbilekoak izan behar dute, eta, hala eta guztiz, ugaltze-zelulak bateraezinak izateko edo fetua ez garatzeko arriskua dago. Gainera, hibridoak ia beti antzuak dira. Baina, bestalde, oso animalia gogorrak eta indartsuak izaten dira, eta horretaz baliatzen da gizakia. Adibide ezagunena zaldiaren eta astoaren hibridoa da, mandoa.
Gurutzaketak alde batera utzita, gaur egun arrazak hobetzeko teknika berriak ere erabiltzen dira. Horien artean in vitro ernalketa dago, eta horri esker bateratu ezin diren espezieen arteko hibridoak lortzen dira. Hala ere, hazitarako arrak alde batetik bestera eramatea saihesteko erabiltzen da nagusiki, teknika horri esker nahikoa baita hazia bera garraiatzea. Abereetan erabiltzen den beste teknika bat obulazio anizkoitza eta enbrioien transferentzia batzen dituena da: eme onenen obulutegiak kitzikatzen dira obulazio anizkoitzak izateko eta, obuluak ernaldu ondoren, beste eme batzuen umetokietan ezartzen dira. Azkenik, ingeniaritza genetikoaz baliatuz, ‘diseinuzko animaliak’ lortzeko pauso handia eman da.
Gizakiaren lagunik onena omen dena
Diotenez, txakurra, gizakiaren lagunik onena izateaz gain, aspaldikoena ere bada. Txakur-hezurdura antzinakoenak duela 30.000 urtekoak dira gutxi gorabehera, eta giza hezurdurekin batera aurkitu dira beti. Horregatik, Canis familiaris deitu zaio txakurrari. Oso zabaldua dago txakurra otsoaren ondorengoa dela dioen teoria, baina bada txakaletik edo koiotetik eratorria dela uste duenik ere. Beste ikertzaile batzuen arabera, berriz, txakur-arrazak hain desberdinak izanik, litekeena da Canis generoaren espezie desberdinetatik eratorriak izatea.
Nolanahi ere, Pleistozenotik Holozenora igarotzean, klima epeltzearekin batera, mamutak eta bisonteak gutxitu egin ziren eta oreinak eta basurdeak, berriz, ugaritu. Orduan, otsoak eta gizakiak ehiza berarengatik lehiatu behar zuten, eta, antza, gizakiari otsoaz baliatzea bururatu zitzaion. Hortaz, gizakia sedentario bihurtu eta abereak hazten hasi baino lehenago saiatu zen animalia bat menperatzen eta etxekotzen. Horren arabera, txakurra, artzain-txakurra baino lehenago, ehiza-txakurra izan zen.
Askoz geroago, erabilera bakoitzerako txakur-mota aproposa lortzen saiatu zen gizakia. Antzinako egiptoarren dokumentuetan erbi-txakurrak agertzen dira, eta asiriarretan, berriz, molosoak. Hala ere, horiek txakur-arrazak baino gehiago subespezieak ziren. Izan ere, arrazak sortzeko fenomenoa nahiko berria da.
Hasieran, txakur-arrazak erabilera jakinetarako sortu ziren (ehizarako, zaintzarako, artzaintzarako edo laguntzarako), baina badirudi gerora indar gehiago izan duela animalia bitxiak sortzeko gogoak. Ondorioz, berez bizirauteko zailtasun handiak izango lituzketen arrazak daude gaur egun. Batzuetan, arraza garbiak lortzeko asmoarekin animalia odolkideak gehiegi gurutzatu direla eta, akatsak azaldu dira. Beste batzuetan, ezaugarri morfologiko bereziak bilatzean, ez dira kontuan hartu horrek ekar ditzakeen arazoak; esate baterako, sortzetiko edo herentziazko gaixotasunak, edota hainbat gaixotasun pairatzeko erraztasuna.
Bulldog-a arraza bitxien bilaketan sor daitezkeen arazoen muturreko adibidea da. XIX. mendearen erdialdera arte, bulldogak zezenen aurkako borroketan erabiltzen ziren Britainia Handian. Ikuskizun horiek debekatu zirenean, txakur-hazleek bulldogaren bilakaera beste bide batetik zuzendu zuten. Nahita, txakur itsusia lortu nahi izan zuten, eta, hautespenaren bidez, azkenean anomalia larriak biltzen dituen arraza sortu da.
Bulldogaren ezaugarri nagusia da pelbisarekiko ikaragarri buru handia duela. Horren ondorioa ez da nolanahikoa: erditzea hain zaila denez gero, txakur-kumeek zesarea bidez jaio behar izaten dute. Baina jaio ondoren ere, aurrera egiteko zailtasunak izaten dituzte: azaleko tolesturetan dermatitis larria izan dezakete, bihotzeko gaitzak dituzte... Hori bai, garai batean zuen basatasuna galdu du dagoeneko, eta oso arraza otzana da.
Dena dela, bulldoga ez da erditzeko arazoak dituen arraza bakarra, arraza oso txikiko txakurrei ere gauza bera gertatzen baitzaie (poodle toy, yorkshire, chihuahua, pomerania, border terrier...). Horretaz gain, horiek arnasteko zailtasuna ere izaten dute askotan. Arraza handikoek, berriz, (rottwiler, golden retriever, San Bernardo, daniar handia...) jaiotzatik aldakaren eta ukondoaren malformazioak izateko joera dute.
Azken modetako bat txakurren eta otsoen arteko hibridoa da. Hibridoak bi espezieren arteko nahasketa dira, baina bakoitzetik zein ezaugarri eta zein neurritan jasoko dituen iragartzeko modurik ez dagoenez, ez dira beti gustuko kumeak lortzen: bilatzen den otso-itxura eta txakur-portaera dituen animalia lortzeko bezainbeste aukera daude alderantzizkoa izateko.
Kanidoen artean beste hibrido batzuk ere jaiotzen dira, hala nola, otsoaren, txakalaren eta koiotearen hibridoak. Gainera, hibrido horiek ugalkorrak izan omen daitezke. Hala ere, naturan bakoitzak bere lurraldea duenez, ez da horrelakorik gertatzen, eta ezinbestekoa da gizakiaren parte-hartzea hibridazio horiek lortzeko.
Katuetatik tigre eta lehoietara
Gizakiak aspaldi etxekotu zituen katuak, eta denborarekin arraza ugari lortu dira. Arraza horietako batzuk benetan deigarriak dira, esate baterako, sphynx katuek ez dute ilerik, rex arrazakoek ile kizkurra dute eta kizkur amerikar arrazakoek, berriz, belarriak atzerantz kizkurtuak dituzte. Hiru kasuetan, zorizko mutazioetatik sortutako arrazak dira.
Bestetik, felidoen familiako espezieen arteko hibridazio batzuk egin dira, eta animalia horietako batzuk bizirik irautea lortu da. Askotan, hibridazioaren asmoa zoologikoren batera ikuslea erakartzea besterik ez da izan. Besteak beste, lehoia eta tigrea, etxe-katua eta basakatua, eta pantera eta lehoia hibridatu dira.
Behiak, ardiak, ahuntzak eta bestelako ganadua
Etxaldeko beste abereekin ere lan handia egin da ekoizpen-mota bakoitzerako arrazarik aproposena lortzeko. Klima eta erliebea kontuan hartuta, beharrak ondoen asetzen dituen espeziea aukeratu da toki bakoitzean, eta hura hobetzeko ahaleginak egin dira. Horregatik, espezie batzuetan benetako espezialistak sortu dira; adibidez, txerri-arraza gehienek Txinan dute jatorria (nahiz eta orain gehien zabalduta daudenak europarrak izan), eta behi-arraza gehienak, berriz, XIX. mendeko ganadu-hazle britainiarren eskutik etorri dira.
Gaur egungo abelgorri-arraza gehienak Bos taurus espeziekoak dira, eta esnetarako edo haragitarako erabiltzen dira gehienbat. Ustez, horien jatorria duela 8.500 urte inguru etxekotu omen zen uroa da ( Bos primigenius basatia, orain desagertua dagoena). Asiako eta Afrikako abelgorri-arrazak, berriz, zebutik datoz ( Bos indicus ). Zebua bizkar-gurutzean duen konkorragatik bereizten da, belarri luze eroriak ditu, eta oso ondo egokituta dago bizi den inguruetara.
Bi espezieen ezaugarri onenak aprobetxatzeko, horien arteko hibridazioak egin dira, eta horrela sortu da brahman-a. Behi europarraren aldean, brahmanak askoz hobeto pairatzen ditu tenperatura eta hezetasun-maila altuak eta parasitoekiko erresistenteagoa da. Brahmana, gainera, beste behi-arraza batzuekin gurutzatu da, eta horrela hainbat arraza interesgarri sortu dira, brangus-a ( brahman x angus ) eta charbray-a ( brahman x charolais ) esaterako. Horretaz gain, behia beste bobido batzuekin hibridatzea ez da batere zaila: jak-arekin, bisontearekin, bufalo indiarrarekin eta afrikarrarekin...
Behiak bezala, ardiak haragia eta esnea ematen du, eta larruaren ordez ilea; beraz, gizakiak aspalditik hazten ditu ardiak, eta arrazen hautespena ere aspaldi hasi zen. Uste denez, Asiaren hego-ekialdean etxekotu ziren lehenengo aldiz, duela 11.000 urte gutxi gorabehera. Ahuntzak ere lurralde berean etxekotu ziren, baina 1.500 urte geroago. Genero desberdinekoak izan arren ( Ovis eta Capra ), ardiak eta ahuntzak hibridatzea lortu da, baina bitxikeria moduan, eta ez etekin ekonomikoa emango duen animalia lortzeko asmoz.
Kasu batzuetan, hibridazioen edo gurutzaketen bidez, desagertzeko arriskuan zegoen espezieren bat salbatzen saiatu dira zientzialariak. Hori gertatu zen, esate baterako, bukardoarekin. Pirinioetako ahuntz basati horrek urteak zeramatzan arriskuan, eta, azkenean, ez zuten espeziea berreskuratzea lortu. Hala ere, batzuek ez dute itxaropena galdu, eta egunen batean klonazioak irtenbidea emango duela espero dute.
Bestalde, duela gutxi hibridazio interesgarri baten berri eman zuten Arabiar Emirerri Batuetako zientzialariek. Asmoa ganadutegietan ustiatzeko espezie berria sortzea zen. Horretarako, bost urte eman dituzte lanean Dubaiko Ikerketa Zentroan, eta emaitza kama izan da, llamaren eta gameluaren arteko hibridoa. Bi espezie horiek duela 30 milioi urte bizi zen arbaso batetik eratorriak dira: llamak Andeetan garatu dira eta gameluak Asian. Kromosoma-kopuru bera duten arren, ez dira erraz parekatzen, neurri oso desberdinekoak direlako; beraz, kamak lortzeko intseminazio artifiziala erabili behar izan dute.
Aldiz, Andeetako kamelidoen artean hibridazioak erraz gertatzen dira, bai alpakaren eta llamaren artean, baita bikuinaren eta llamaren artean ere. Gainera, hibrido horiek bizirik irauteaz gain, batzuetan ugalkorrak dira. Hala ere, nekazarientzat ez dira interesgarriak, ez direlako haien aita-amak baino hobeak eta etxekotzeko arazoak ematen dituztelako.
Animalia transgenikoak eta arrazen desagertzea
Argi dago gizakiarentzat onuragarriak diren animalia guztiekin egin direla hobetzeko saiakerak (hasi txerri, oilo eta untxietatik eta arrain, kanario eta tximeletetara), eta dozenaka arraza sortu dira espezie bakoitzean, batzuetan baita ehunka ere. Halaber, teknologia berriei esker lehen ezinezkoak ziruditen ezaugarriak dituzten arrazak lor daitezke; hortaz oraindik sortuko dira arraza berriak. Esate beterako, inork gutxik iragarriko luke duela urte batzuk inoiz lumarik gabeko oilaskoak egongo zirenik. Eta, AEBetan, Transgenic Pets enpresa gizakiei alergiarik eragiten ez dieten katuak sortzeko ahaleginak egiten ari da.
Hala eta guztiz ere, eta kontraesankorra dirudien arren, arrazak gutxitzen ari dira. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak, FAOk, jakinarazi duenez, nekazariek arraza espezifikoetara jotzen dute eta, ondorioz, ganadu tradizionaleko arrazak desagertzen ari dira. Adituek diotenez, astean bi arraza galtzen dira. Hori dela eta, tokian tokiko arraza-dibertsitatea gordetzeko, egitasmo bereziak martxan jartzeko beharra dagoela ohartarazi du FAOk.
Hibrido ospetsuena: mandoa
Gizakiak aspalditik ezagutzen du zaldiaren eta astoaren arteko hibridoa, eta ez alferrik, oso onuragarria baitzaio. Izan ere, mandoa oso animalia sendoa da, eta lanerako aproposa. Horregatik, munduko toki askotan erabiltzen da lan gogorrak egiteko. Normalean, astarra eta behorra gurutzatzen dira mandoa lortzeko, astemeak zaldiaren kumea erditzeko arazo larriak izaten baititu. Mandoa antzua izaten da beti, baina, horrekin batera, ezaugarri mesedegarriak ditu. Batetik, mandoa zaldia baino gogorragoa eta otzanagoa da, eta, bestetik, astoa baino azkarragoa da eta hobeto egiten dio aurre hotzari eta hezetasunari. Gainerako ezaugarriak ere, bi espezieen arteko ezaugarrien nahasketa dira: belarriak zaldiarenak baino luzeagoak baina astoarenak baino motzagoak ditu, irrintzia eta arrantzaren arteko oihua du, eta neurria, berriz, gurasoen arrazen araberakoa izaten du.
Ekidoen familian beste hibrido batzuk lor daitezke, adibidez, asto basatiaren eta etxe-astoaren edo zaldiaren artekoa, eta baita zebraren eta zaldiaren arteko hibridoa ere.
Abereak artelan bihurtuta 2000. urtean, Eduardo Kac artistak, teknologiaren eta bizidunen arteko elkarrizketa gorpuztu nahian, untxi transgeniko bat egin zuen. Alba untxiak argi normalarekin itxura arrunta zuen, baina argi urdinarekin fluoreszentea bihurtzen zen. Hori lortzeko, untxi albino baten DNAn Aequorea victoria marmokari fluoreszentzia ematen dion genea sartu zuen. Egilearen esanean, metodo transgenikoak erabiliz, beste kimera zoragarri batzuk ere sor daitezke, landareen eta animalien elkarketak, esaterako, edo animalien eta gizakien artekoak. Asmo horiek, nola ez, eztabaida piztu dute. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia