}

Anfibioei agurra?

2001/04/05 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Gaur egun, espezie asko dago naturan azaldu diren hondamen-katearen azken muturrean. Horien artean, ingurugiroaren egoera latzetik kalte gehiena jasotzen dutenak anfibioak izan daitezke. Nature aldizkari espezializatuan gaur argitaratu den artikulu batean anfibioen populazioa gutxitzea klima-aldaketaren errua dela ondorioztatzen da.

Egoera orokorrari so egin behar zaio. Hala ere, datu lokalak ere oso adierazgarriak dira. Ipar Amerikaren mendebaldeko Bufo boreas apoa bizi den ingurua aldatzen ari da. Apoak arrautzak jartzen ditu eta, hasieran, behar bezala hazten dira. Baina une batetik aurrera, arrautza asko zurbildu eta hil egiten dira.

Apoak ikertzen dituzten biologoek klima-aldaketaren errua dela ulertu dute. Klima-aldaketak ondorio asko ditu. Horietako bat lakuen sakontasuna murriztea da. Ondorioz, Bufo boreas apoaren arrautzek jasotzen duten erradiazio ultramore kantitatea handitzen da eta mikroorganismoak errazago kutsatzen dira. Saprolegnia ferax onddoaren infekzioa, adibidez, arrautzentzat hilgarri suertatzen da.

Zientzialariek, arazoaren jatorria aurkitzeko, faktore asko aztertu dituzte. Adibidez, ozono-geruzaren murrizketaren ondorioa izan zitekeen. Azken ikerketen arabera, ordea, apoen egoeraren errua eguraldiaren aldaketak du.

Azken 30 urteetan tenperatura igo egin da. Lurraren zenbait zonatan ezaugarri erabakigarria da, adibidez, Ozeano Pazifiko tropikalean. Toki askotako eguraldia han gertatzen denaren menpe dago. Azkenaldian faktore bat baino gehiago batu dira alde horretan. Berotze globala eta El Niño efektuaren eraginak batera jaso dituzten ekosistemek nabari dute aldaketa. Gainera, mota guztietako ekosistemak izan dira horiek, koral-kolonietatik hasi baso hezeetaraino.

Pazifiko tropikalaren eragina zona hotzetara ere zabaldu da eta neguko elurteak murriztu ditu. Horregatik, lakuen ur-maila asko jaitsi da eta Bufo boreas apoaren populazioan heriotza-tasa handitu da.

Datu horiek Amerikako beste anfibioen populazioetan ere aztertu da. Emaitzak antzekoak dira. Populazioa izugarri ari da gutxitzen Erdialdeko Amerikako mendietako espezie askotan, esate baterako.

Anfibioetan behin eta berriz agertzen den gaia mikroorganismoen infekzioen epidemiak dira. Dena dela, zientzialarien ustean, gaixotasun bakarreko hurbilketa sinplifikazio hutsa da. Azal hezeko animaliak kutsatzen dituzten mikroorganismoek ez dute narrastietan eraginik izaten. Baina anfibioen populazioak ez ezik, musker batzuenak ere leku horietan urritu egin dira.

Espezie guztiek ez dute eragin bera jasotzen eta, hala ere, joera nagusia populazioa gutxitzea da. Murrizketa klima aldaketarekin zuzenean lotzea ez da erraza, tartean faktore asko kontuan hartu behar direlako. Hala ere, badaezpada atmosfera garbitzeko eta gehiago ez zikintzeko garaia iritsi zaigu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia