}

Anfibioak kutsaduraren adierazle onak direla, zalantzan

2009/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Anfibioak kutsaduraren adierazle onak direla, zalantzan
2009/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: Alberto Gosá)

Hego Dakotako Unibertsitateko aditu batzuek anfibioen eta toxikotasunaren arteko erlazioari buruzko 20.000 ikerketa baino gehiago bildu dituzte, eta ondorioztatu dute anfibioak ez direla beste animalia-talde batzuk baino zaurgarriagoak. Uste baino hobeto egiten diete aurre hainbat kutsatzaileri. Horren ondorioz, zalantzan jarri dute anfibioek balio dutela ekosistemen osasunaren adierazle izateko.

Guztira, anfibioei buruzko 23.942 ikerketa bildu dituzte; 1.075 espezie eta 73 substantzia kutsatzaile aztertzen dira ikerketa horietan. Eta, datuen arabera, anfibioak oso sentikorrak dira fenolaren taldeko substantziekiko, baina ez metal astunekiko, konposatu ezorganikoekiko eta pestizidekiko. Azken substantzia horiek egindako kalteari aurre egiteko gaitasuna dute anfibioek, beste animalia-motek bezainbesteko gaitasuna, behintzat, bai.

Baina, beste aditu batzuen arabera, horrek ez du esan nahi anfibioak kutsaduraren adierazle onak ez direnik. Aranzadi Zientzia Elkarteko Xabier Rubio erpetologoak uste du adierazle izateko gaitasuna beste parametro batzuen arabera ere neurtu behar dela: "Ikerketa honetan substantzia kimikoak aztertu dituzte, baina badaude beste faktore batzuk. Batzuk fisikoak dira, eta beste batzuk biologikoak; habitat-galerak, esate baterako. Beste faktore horien adierazle onenak anfibioak dira, ez dago zalantzarik. Adibidez, txoriak baino lau aldiz sentikorragoak dira."

Anfibioak ez daude erabat baztertuta. "Ematen dituzten ondorioak ondo irakurrita, ez dute esaten anfibioek adierazle gisa joka ez dezaketenik. Beste ikerketa batzuetan esaten dute ornodunen artean anfibioak direla adierazlerik onenak" dio Rubiok.

Hego Dakotako ikertzaileek proposatu dute beste hainbat espezie ere erabiltzea adierazle gisa; brakiopodoak, batez ere. Hori dagoeneko egiten da; adibidez, Estatu Batuetako Environmental Protection Agencyk beste hainbat adierazle erabiltzen ditu ekosistemen osasuna neurtzeko.

1
259
2009
12
007
Ekologia; Zoologia
Albisteak
10

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia