Anemia: odola “ahul”
1997/12/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zer da anemia?
Anemia hitza grekotik dator, eta zentzu hertsian “odol-falta” esan nahi du, baina gaur egun gaixotasuna (edo egoera berezia) beste parametro batzuen arabera definitzen da: globulu gorrien edota hemoglobinaren (alegia globulu gorrietan egonik, oxigenoa gorputzeko ehun guztietara daraman proteinaren) gutxitzea da, gaur egun uste denaren arabera, anemiaren egiazko arrazoia.
Normalean anemiaz hitz egiten da, bakarra balitz bezala, baina, egia esan mota desberdin asko daude, eta horietako anemia-mota bakoitza kausa desbedinak eragina da. Madrileko Ramon y Cajal ospitaleko Hematologia Zerbitzuko buru den Jose Luis Navarro doktorearen arabera, “anemia hainbat ikuspegitatik sailka daiteke, dela kausa sortzailearen arabera, edota ondorioz ateratzen den odolaren morfologiaren arabera, baina ez mota batekoak (anemia aplasikoa, hemolitikoa, ferropenikoa, etab.) eta ez bestekoak (anemia makrozitikoa, mikrozitikoa, normozitikoa, etab.) berez ez dira gaixotasuna; beste gaitz edo arrazoi baten islada baizik”.
Giza gorputza makina ia perfektua da, eta horrexegatik bizitzarako ezinbestekoak diren hainbat substantzia sintetizatzeko gai da. Beste kasu batzuetan, ordea, gu geu gara, elikaduraren bitartez batez ere, gorputzari gai horiek eman behar dizkiogunak, behar bezala funtzionatzen jarrai dezan. Sarritan oso zabaldua dagoen ustea da “mahaitik ongi aseta (tripa oso edo agian gehiegi beteta) jaikitzea ongi elikatuak egotearen sinonimoa dela, eta zoritxarrez ez dira gauza bera. Gerta daiteke gure jan-neurrian osagai funtsezkoren bat falta izatea eta eskasia hori izan daiteke anemia izateko adina arrazoi.
Hainbat anemia-klase
Zukuak, mesedegarriAzido foliko gehiago izateko: txikitu bi aza-hosto, eskukada bat perrexil eta espinaka batzuk, eta ondoren zuku-makinan irabiatu lauzpabost azenariorekin batera. Burdina gehiago izateko: hiru erremolatxa-hosto zanpatu, eta zuku-makinatik pasatu lauzpabost azenariorekin batera. Guztia irabiatu ondoren, gehitu piper berde erdi bat eta sagar-erdi bat, pipita edo hazirik gabe. |
Anemia sor dezaketen arrazoiak oso diferenteak izan daitezke.
- Gorputzak xurgatzeko behar adina B12 bitaminarik ez daukanean, anemia perniziosoa izeneko egoera sortzen da (gaixotasun kronikoa, progresiboa eta grabea, heriotza ere ekar dezakeena).
- Beste kasu batzuetan azido folikoa falta da, eta kasu horietan sortzen den anemia oso arrunta da emakume haurdunetan, fetuaren garapena behar bezala egin dadin azido folikoaren premia oso handia baita. Kasu honetan, aurrekoan bezalaxe, tratamendua garaiz jarriz gero ez da inolako konplikaziorik sortzen.
- Bada beste anemia-klase bat ere; gaixotasun hereditarioen ondorioz ager daitekeena. Kasu hauetan globulu gorriek hemoglobina anormala edukitzen dute (F hemoglobina edo blasanemia handia, Cooley-ren anemia, etab.).
- Anemia hemolitikoa globulu gorriak sortzen diren baino erritmo biziagoan suntsitzen direnean agertzen da. Hainbat izan daitezke egoera horren arrazoiak: hazkunde-akatsak, toxikoak, medikamentuak edo botikak, infekzioak, etab.
- Anemia ferropenikoa. Horrela esaten diogu medikuek burdin faltagatik sortzen den anemiari, eta klase honetakoa da gaur egungo gizartean anemiarik usuena. Azken arrazoia honakoa da: hemoglobinak (edo, bestela esan, globulu gorrietako oxigeno-garraiatzaileak) behar adina burdina ez edukitzea. Ia pertsona guztiek burdin erreserbak dauzkate orno-muinean, gibelean eta barean, baina gerta daiteke burdina nahikorik ez egotea, edo, are gehiago, batere burdinarik ez egotea. Jan-neurriaren bidez behar adina lortzen badugu ez dago arazorik, baina jan-neurria burdina gutxikoa baldin bada, anemia agertuko da.
Zer egin sintomak daudenean
Anemiaren sintomarik ohizkoenak, oro har, ahuldadea eta nekea dira, konortea galtzea edo zorabioak, zurbiltasuna, arnasa hartzeko zailtasuna eta palpitazioak (edo bihotz-taupada bizkorrak). Horietaz gainera, pertsonak kontzentratzeko zailtasunaz kexatzen dira, buruko minak sarritan edukitzen dituzte, eta arpiladurak edo pitzadurak ager daitezke ezpainen komisuran eta azazkaletan, ileak hauskorrak edukitzeaz gain.
Gure jan-neurrian ez ditugu inola ere jaki batzuk ahaztu behar, anemia saihestu nahi baldin badugu. Adibidez, gibela, idi-haragia, ogi integrala, arrautzak, albarikoke edo albertxiko-orejoiak, legatza eta bakailaoa burdinatan oso aberatsak dira. Fruta zitrikoak, bestalde, esaterako laranja eta kiwia, eta berdura freskoak oso egokiak dira burdina hobeto asimilatzeko, duten C bitaminagatik.
Umeak, esnea eta anemiaPediatra gehienek gomendatzen diete amei beren seme-alabei urtebete pasatxo egin artean esne aberastuak (burdinatan aberastuak) ematea. Eta hori zergatik? Beren aurreneko urtean behi-esnea hartzen duten umeek anemia esne maternizatua hartzen dutenak baino askoz ere errazago jasango dutelako; behi-esneak zaildu egiten baitu burdina zurgatzea. |
Azido folikoaren eskasiak eragindako anemiaren kasuan, lekak, gari-germena, zahia, esparragoak, dilistak, intxaurrak, espinakak eta aza jatea gomendatzen da.
B12 bitamina, bestetik, txirla, ostra eta sardinatan, arrautza-zuringoan, amuarrainetan, izokinean edota haragi-giharrean egoten da.
Dena den, aurrez aipatutako gomendio dietetiko horien gainetik, lehen-lehenik egin beharreko gauza medikuarengana joatea da, honek anemiaren arrazoia identifikatu eta tratamendu egokia jar dezan. Bitaminak hartzea (itsu-itsuan sarri askotan) kaltegarria ere izan daiteke, anemiaren gaixotasun sortzailea nolabait estali egin dezakeelako, eta denborak aurrera egin ahala arazoa okerragoa izan daitekeelako.
Zeinek dute joera handiena?Badira anemia jasateko arrisku handiagoa duten pertsona edo adin-talde batzuk. Hauek dira:
|
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia