Anemia faltziformea eta estrogenoak
2002/12/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Igitai-itxurako globulu gorriek ezin dute osasuntsuek bezala lan egin eta deuseztatu egiten dira; horregatik sortzen da anemia. Gainera,
odol-hodiak buxatzeko arriskua dago, eta horrek krisi mingarriak eragiten ditu. Jakina da gaitza duten gizonezkoetan gehiagotan gertatzen direla krisi horiek, eta batez besteko bizi-itxaropena ere anemia faltziformea duten emakumezkoena baino laburragoa dela. Zientzialariek, ordea, ez zekiten zergatik zegoen alde hori sexuen artean.
Orain, Journal of the American Heart Association aldizkariaren arabera, gakoa odoleko gai kimiko baten ekoizpenean egon daiteke. Izan ere, oxido nitrikoak odol-hodiak zabaltzen ditu; beraz, buxatzeko arriskua asko gutxitzen da. Horretaz gain, odol-hodiak osasuntsu egoten laguntzen du oxido nitrikoak. Eta anemia faltziformea duten emakumeek gaixotasun bera duten gizonezkoek baino bi aldiz oxido nitriko gehiago dute odolean.
Nonbait, gizonezkoek oxido nitriko gutxiago ekoizten dute, eta duten oxido nitriko horrek, gainera, denbora gutxiago irauten du odolean. Hori ikusteko egin zuten esperimentuan, oxido nitrikoa zuen substantzia bat ere eman zitzaien, eta gizonezkoen odol-fluxua % 86 hobetzen zela ikusi zuten; emakumezkoetan, berriz, hobekuntza % 171koa izan zen.
Ikertzaileen ustez, azken arrazoia estrogenoetan dago. Hain zuzen ere, hormona horiek oxido nitrikoaren ekoizpena bultzatzen dute, eta emakumezkoetan estrogeno-maila gizonezkoetan baino altuagoa da berez. Horregatik, gaitzaren ondorioak ez dira gizonezkoetan bezain larriak emakumezkoetan, estrogenoek babesten dituztelako.
Laster, bihotzeko eta
odol-zirkulazioko arazoak tratatzeko erabiltzen diren botika batzuk, estatinak, probatu nahi dituzte anemia faltziformea dutenekin. Estatinek, odoleko
kolesterol-maila jaisteaz gain, oxido nitriko gehiago ekoizten eta luzaroago irauten laguntzen dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia