Amebaren hozkada txikiak
2014/04/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Entamoeba histolyca ameba-espezieak, amebiasi-kasu gehien eta larrienak eragiten duen parasitoak, trogozitosia erabiltzen du koloneko zelulei eraso egiteko. Virginiako Unibertsitateko ikertzaile batzuek Nature aldizkarian argitaratu dutenez, parasitoak zelulari zatiak kentzen dizkio oraindik bizirik dagoela, eta zati horiek fagotizatzen ditu. Horren ondorioz, denborarekin, koloneko zelularen barruko kaltzio-kontzentrazioa handitu egiten da, eta zelula hil egiten da. Ustez, horrela suntsitzen du amebak ehuna, eta amebiasia izeneko gaixotasuna eragiten du.
Zelulei hozkada txikiak egitearen antzeko efektua da; horregatik deitzen diote trogozitosi eraso-mekanismo horri, grekozko trogo aurrizkiak kosk egitea esan nahi duelako. “[Amebak] bizirik dagoen materia jatea eta hildakoa baztertzea ez dator bat onartuta genuen ereduarekin; ez du jadanik hilda dagoen ehuna garbitzen”, diote Virginiako Unibertsitateko ikertzaileek.
Orain arte, immunitate-sistemako zeluletan bakarrik ezagutzen zuten trogozitosia; hain zuzen ere, linfozitoek hozkada txikien bitartez hiltzen dituzte zelula arrotzak, horien kanpoko mintzean antigeno jakin batzuk topatzen dituztenean. Baina orain zientzialariek amebetan ere aurkitu dute mekanismo hori bera, eta horregatik uste dute oso jatorri zaharreko mekanismoa izan daitekeela eboluzioan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia