Itziar Alkorta Idiakez,

None

Ama izateko eskubidea… nork du ordaintzen?


Azken urteotan amatasunari buruz ikasgeletan entzuten diren elkarrizketak nabarmen aldatu dira. Duela bi hamarkada, amatasuna etorkizuneko fase ia “natural” gisa agertzen zen neska gazteen diskurtsoetan; gaur egun, berriz, zalantzez, kalkuluez eta baldintzaz beteriko ibilbidea da. Ikasleek obuluak izozteari buruz hitz egiten dute, ama bakar izateko aukeraz, lan- eta bizi-egonkortasunaz. Batzuek ama izan nahi dutela diote, baina ez orain; beste batzuek ez dakitela inoiz izango ote diren; eta bada ama izatea beren bizi-proiektutik kanpo kokatzen duenik ere. Amatasuna ez da jada ezinbesteko helmuga bakarra, baina ezta guztiz askatutako hautua ere: gero eta gehiago ikusten da planifikazioaren, estrategiaren eta teknologiaren mende dagoen aukera gisa.

Testuinguru horretan, ama izateko adina atzeratzen den heinean, gero eta ohikoagoa da ugalketa-prozesuak kanpoko baliabideekin osatzea: beste emakume batzuen obuluak erabiltzea, in vitro ernalketara jotzea edo atzerrira bidaiatzea ordezko ama baten bila. Ikasgeletan modu teorikoan aipatzen diren aukera horiek, praktikan, gero eta errealitate arruntago bihurtzen ari dira.

Baina aukera horiek ez dira hutsean egiten. Herrialde aberatsetan amatasunerako eskubidea aldarrikatzen dugun bitartean, nahi hori posible egiten duten ondorioak beste lurralde batzuetan metatzen dira. La Mareak argitaratutako azken txostenak (https://www.lamarea.com/especial-gestacion-subrogada/) agerian utzi du nazioarteko ugalketa-industriaren atzean dagoen egitura desorekatu eta bortitza; gehienetan, Hegoalde globaleko emakumeen gorputz prekarioak eta onarpen itxurapean biziraupenagatik sinatzen diren kontratuak. Kolonbian, Ukrainan edo Georgian, emakume askok euren gorputza baliabide bihurtzen dute, baldintza desorekatuetan eta ia beti pobrezia-egoerak bultzatuta.

Amatasuna hautu pertsonal eta autonomo gisa aurkezten da, norberaren proiektu biografikoan txertatzen den erabaki askea balitz bezala. Diskurtso nagusian askatasuna eta eskubidea dira giltzarri. Baina ugalketa-industria globalizatuak desira hori lehengai bihurtzen du, eta askatasun horren baldintzak ez dira berdin banatzen. Batzuentzat, amatasuna teknologiaz lagundutako aukera suertatzen da; beste batzuentzat, aldiz, gorputza bera da merkatuan jartzen den baliabidea. Bi errealitate horiek elkarri estuki lotuta sortzen dira; alde batean zabaltzen diren aukerek beste aldean “gorputz eskuragarriak” eskatzen dituzte. Prezioak herrialdearen arabera aldatzen badira ere, logika beti bera da: desberdintasun ekonomikoak eta geopolitikoak errentagarri bihurtzea. Ugaltzea, erditzea eta zaintzea kontratu bidez araututako zerbitzu bihurtzen dira, emakumeen gorputzak merkatu global baten barruan txertatuz. Horren ondorioz, amatasuna nazioarteko negozio bilakatu da, eta desira intimoa etekin ekonomikoaren palanka.

Bestalde, ugalketa-teknologiek ama izateko aukera berriak zabaltzen dituzten arren, aukera horiek ez datoz beti askatasun handiagoarekin bat. Amatasuna kontsumo-logikan txertatzen denean, sarritan kontrakoa gertatzen da: norbere gorputzaren gaineko presioa areagotzen da eta antsietatea normalizatzen da, errendimenduaren logika prozesu intimoenetaraino hedatzen delarik. Ama izatea kudeatu beharreko proiektu bilakatzen da, arrakasta eta porrotaren parametroetan neurtzen den helburua, eta ez esperientzia autonomo eta aske gisa bizitzen den prozesua.

Horregatik, amatasuna ezin da soilik eskubide edo proiektu pertsonal huts gisa ulertu. Botere-harremanek, klase-desberdintasunek eta merkatuaren logikek zeharkatzen duten eremua bihurtu da. Ugalketa-merkatu globalizatuan alde batean aukera gehiago irekitzen diren heinean, beste aldean esposizioa, arriskua eta mendekotasuna areagotzen dira.

Azken batean, amatasuna eraldatzen ari da, bai, baina eraldaketa horiek ez dira norabide bakarrekoak, ezta neutralak ere. Aldaketa horiek mundu osoko emakumeen gorputzetan uzten dute arrastoa, modu oso desberdinetan banatua.

Itziar Alkorta Idiakez,

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali