Alzheimerren gaixotasunaren aurkako txertoa
2003/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sagu transgenikoekin egindako ikerketa batek itxaropena piztu du. Garunean gizakiaren moduko amiloide-plakak sortzeko diseinatuta daude sagu horiek, eta gizakietan bezala garatzen dute dementzia. Sagu horietan probatutako txertoari esker, plaka horiek eta dementzia-sintomak desagerraraztea lortu dute. Zehazki, txertoaren bidez amiloide plaken peptidoen aurkako antigorputzak sortzen dituzte saguek, eta antigorputz horiek amiloide-plakak eratzea galarazten dute. Hain zuzen ere, garunean amiloide-plakak sortzen direlako azaltzen da dementzia.
Orain, gizakietan probatzen hasi dira txertoa, eta antigorputzak sorrarazteko gai dela frogatu dute, baina albo-ondorioak eragiten dituen ala ez ikusi behar dute. Izan ere, eraginkorra zirudien beste txerto bat atzera bota behar izan zuten, sortzen zituen albo-ondorioak onartezinak zirelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia