Alzheimerraren hasierako faseetan dauden karraskarietan farmako batek garuneko kalteak leheneratzen dituela frogatu dute
2025/01/16 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Alzheimerraren hasierako faseetan dauden karraskarietan farmako batek kalte kognitiboak leheneratzen dituela eta garuna babeste duela frogatu dute EHUko Neurokimika eta Neurodegenerazioa taldeko ikertzaileek. WIN55.212-2 farmakoak neurotransmisio kannabinoidearen sistema aktibatzen du, zeinak garuna babesten baitu; eta horrek, azetilkolina neurotransmisorearen sintesia areagotuz, neurotransmisio kolinergikoa estimulatzen du, zeinak memoria eta ikasketa kontrolatzen baititu.
Alzheimerra zuten pazienteen autopsietan eskuratutako garun-ehunaren laginekin urteetan egindako analisietan, ikertzaileek ikusi dute alzheimerraren lehen sintoma klinikoak hasten direnean, neuronen arteko transmisio-sistemetako bat, sistema kolinergikoa (memoria eta ikaskuntza kontrolatzen dituena eta neurotransmisore gisa azetilkolina erabiltzen duena), kaltetuta egoten dela; eta, aldiz, beste neurotransmisio-sistema bat, sistema kannabinoidea, areagotu egiten dela. Era berean, ikusi dute gaixotasunak aurrera egin ahala sistema kannabinoideak ere kalteak jasaten dituela.
WIN55.212-2 farmakoarekin eragina probatuta, zeinak errezeptore kannabinoideekin interakzionatzen baitu gaixotasunaren hasierako faseetan dauden karraskarietan, taldeak egiaztatu du karraskari horiek garunean kalterik ez zutenek bezala jokatzen zutela; modu berean ikasten eta gogoratzen zuten orientazio espaziala. Ikertzaileen esanean, esan liteke farmakoak kaltea leheneratu zuela nolabait, edo garuna babestu zuela.
Teknika berritzaile bat
EHUko ikerketa-taldeak garatutako teknika berritzaile bat erabili dute ikertzaileek, garuneko lipidoak modu anatomikoan identifikatzea eta aurkitzea ahalbidetzen duena. Teknika horri esker ikusi ahal izan dute tratamenduaren ondoren areagotu egiten dela bai sistema kannabinoidearen jarduera, bai kaltetuta zeuden neurona-errezeptore kolinergikoen jarduera, eta baita azetilkolina neurotransmisorearen aitzindariak diren lipido batzuen sintesia. Hala farmakoak karraskarien sistema kolinergikoa leheneratu zuen, eta memoria hobetu.
Ikertzaileen esanean molekula hori dementziaren sintomak tratatzeko botika bihurtu liteke, gaixotasunaren hasierako faseetarako bederen, ikusi baitute organismoa ere bere kabuz, fisiologikoki, antzeko zerbait egiten saiatzen dela. Tratamendu farmakologiko horiek baliatuz, efektu hori sustatzen lagun daitekeela uste dute.
Antzeko molekulen bila, azterketa klinikoetara pasatzeko
Karraskarietan egindako proben emaitzak oso itxaropentsuak izan badira ere, eta nahiz eta hurrengo urratsa izan behar litzatekeen haien toxikotasuna aztertzea eta gizakiekin analisi klinikoak egitea, ikerketa-taldeak oztopo bat aurkitu du: molekula erabilera librekoa da, hau da, esperimentazioan asko erabiltzen den sintesi-molekula bat da. Ez da enpresa farmazeutiko jakin batek ustia dezakeen molekula bat.
Toxikologia-azterketak eta saiakuntza klinikoak egiteko, farmazia-sektoreak inbertsio handia egin behar izaten du; alabaina, ezinezkoa zaie etorkizunean molekula hori komertzialki ustiatzea. Hori dela eta, WIN55.212-2 molekularen antzekoak bilatzen eta sintetizatzen ari dira orain, industria farmakologikoarentzat interesgarriak izan daitezkeenak, bide terapeutiko berri horren azterketa klinikora iristeko bidea irekitzeko. Horretarako, CIC bioGUNErekin eta Vigoko Unibertsitatearekin elkarlanean ari dira.
British Journal of Pharmacology aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Marta Moreno Rodríguez ikertzailearen doktore-tesiaren emaitza da. Rafael Rodríguez Puertas Neurokimika eta Neurodegenerazioa ikerketa-taldeko burua izan du zuzendari. Gaur egun, Marta Moreno Arizonako (AEB) Barrow Neurological Institute erakundean ari da lanean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia