Alzheimerra garaiz detektatzeko testa
2002/03/22 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Saguekin egindako esperimentuek erakutsi dute test hori gai dela garunean zenbat amiloidosi dagoen zehaztasunez detektatzeko. Proteina hori estuki lotua dago Alzheimerraren garapenarekin, plakak sortu eta garuneko zelulak hiltzen baititu. Alzheimerraren sintomak azaltzen direnerako, ordea, litekeena da plakak horiek urtetan detektatu gabe izatea. Beste hainbat testek odolean dagoen amiloidosi-kantitatea neurtu izan dute garunean dagoenaren adierazgarri delakoan, baina ez dute emaitza onik lortu.
Test fidagarria
AEBetako taldeak mutazio berezi bat zuten saguak aztertu zituen. Sagu horiek, mutazioaren eraginez, amiloidosi-plakak garatzen zituzten, bakoitzak bere neurrian. Odoleko amiloidosi-maila zuzenean neurtu ordez, lehenik saguei m266 izeneko konposatu bat injektatu zieten. Dirudienez, konposatu hori gai da garuneko eta inguruko amiloidosi-kantitatea atzemateko. Minutu batzuen ostean, odoleko amiloidosi-kantitatea saguen garunean zeuden plaken adierazle zehatza zela ikusi zuten.
David Holtzman ikertzaileak dioenez, lortutako emaitzek gizakientzako antzeko test bat garatzea eragingo dute. Nahiz eta testarekin ezin den detektatu oraindik plakarik ez duen gaixoa, sintomen aurretik gaixotasuna atzemateko aukera eskaintzen du. Gainera, testak Alzheimerrak eragindako dementzia eta bestelakoak bereizten ere lagunduko du, eta, ondorioz, tratamendu zehatzagoak diseinatuko dira.
Etorkizunerako planak egiten
Simon Lovestone Londreseko King´s College-ko Psikiatria Institutuko doktoreak dio nahiz eta Alzheimerraren aurkako tratamendua eskuragarri ez egon, garaiz diagnostikatzea garrantzitsua dela gaixoentzat. "Gauza garrantzitsuenetako bat diagnosia garaiz egitea da, horrela etorkizunera begira gauzak antolatu eta prest egoteko".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia