}

Altzairu herdoilgaitzarekin lanean

2003/04/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Tolosaldea galdaragintza-industriaren kokaleku historikoa da. Eskualde horretan, hainbat enpresak soldadurari eta galdaragintzari heldu zieten duela 50 urte , papergintza-sektorearen eskariei erantzuteko.

Egun, nahiz eta papergintzak gainbehera egin duen, galdaragintzak eta soldadurak indartsu jarraitzen dute; izan ere, bailaran dauden 35 enpresetan mila langiletik gora ari dira soldadura eta galdaragintzan lanean.

G. Andonegi

Baina bailarako galdaragintza horrek badu berezitasun bat: altzairu herdoilgaitza erabiltzen da. Izan ere, paperaren industrian, elikagaigintzan, industria kimikoan, siderurgian, klimatizazioan etab. material hori asko erabiltzen da, eta baita aluminioa eta aleazio bereziak ere. Hala ere, soldadura- eta galdaragintza-ikasketarik ez zegoen eskualdean, eta bertako enpresek altzairu herdoilgaitzeko ikasketen beharra zegoela adierazi zioten Tolosaldea Goi-mailako L.H. Institutuari.

Sektoreko enpresekin elkarlanean ikasketa horiek martxan jartzeko proiektua garatu zen, eta, gainera, inbertsio handiak egin behar izan ziren. Izan ere, altzairu herdoilgaitzean egindako galdaragintza oso garestia da ekipamendu teknikoen, instalazioen, mantenuaren eta materialen aldetik. Horregatik, 1999an, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak eta Hezkuntza Saileko L. H. Zuzendaritzak proiektua bultzatzeko akordio bat lortu zuten Tolosako eta Tolosaldeko udalekin eta galdaragintzako enpresekin.

Gaur egun, Tolosaldea Goi-mailako L.H. Institutuak ikasleentzako erdi- eta goi-mailako prestakuntza-zikloak eskaintzen ditu galdaragintza- eta soldadura-mota horretan, eta baita langileentzako etengabeko prestakuntza eta langabezian daudenentzako lanerako prestakuntza ere. Gainera, iaz, erdi-mailako prestakuntza-zikloko lehen promozioa atera zen eta denek hilabete baino lehen aurkitu zuten lana.

Informatika gehiago eta paper gutxiago

Ikastetxeetan etengabe erabiltzen da papera, apunteak hartzeko, irakasleek notak jartzeko, administrazio-lanak egiteko, txostenetarako... Paper hori guztia egunetik gauera desagertzea ezinezkoa da, baina asko murriztea posible da.

Horretarako, Lanbide Heziketako hainbat ikastetxek intranet bat instalatzeko prozesuari ekin diote. Intraneta erreminta dinamiko bat bezala ulertu behar da eta aplikazio egokiak garatuta emaitza paregabeak ematen ditu. Adibidez, Tolosaldea Goi-mailako L. H. Institutuan, ikastetxearen beharren arabera sortutako intranetakasko gutxitu du paperaren erabilera. Izan ere, hainbat ataletan banatzen den aplikazioak posta-zerbitzua, agenda, ikastaroen eta mantentze-lanen informazioa, gelen gestioa eramaten duen atala, argazki-albuma eta beste hainbat baliabide eskaintzen ditu.

Horrela, ikastetxeko langileek (ikasleek ere bai hemendik gutxira) barne-funtzionamenduan beharrezkoak dituzten gestio guztiak intranetaren bidez egiteko aukera dute. Gainera, lan horiek konfidentzialak diren kasuetan, irakasleak notak idazten ari direnean adibidez, intranetean sartzeko baimenen eta pasa-hitzen bidez, konfidentzialtasuna ziurtatzen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia