}

Allisonek eta Honjok jasoko dute Medikuntzako Nobela, minbiziari aurre egiteko kontrol-postuaren immunoterapiari bidea irekitzeagatik

2018/10/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

James P. Allison eta Tasuku Honjo ikertzaileek jasoko dute Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria, minbizia tratatzeko bide berri bat aurkitzeagatik. Nobel Sarien erakundeak nabarmendu duenez, garatu duten metodoa iraultzailea da, immunologia-sistemak berak minbizi-zelulei aurre egiteko erabiltzen duen sistema baliatzen baitu, minbizi-zelulak zuzenean suntsitzen saiatu beharrean.
allisonek-eta-honjok-jasoko-dute-medikuntzako-nobe
James P. Allison eta Tasuku Honjo, Fisiologia edo Medikuntzako 2018ko Nobel saridunak Arg. Niklas Elmehed/Nobel Media AB 2018

Allisonek eta Honjok bakoitzak bere aldetik ikertu dute nola egin aurre minbiziari, immunologia-sisteman eraginda. Hain zuzen ere, immunologia-sistemak maila askotan lan egiten du, zelula onak eta gaiztoak bereizteko, eta azken horiek suntsitzeko. Sistema horren parte dira T-zelulak eta haien gainean eragiten duten proteinak: batzuek T-zelulak aktibatzen dituzte, eta beste batzuek, berriz, galga jartzen dute. Oreka hori ezinbestekoa da patogenoei aurre egiteko, gaixotasun autoimmuneak eragin gabe.

Allisonek eta Honjok T-zelulak galgatzen dituzten proteinak ikertu dituzte, haiek kenduta edo inaktibatuta, immunologia-sistemak aurre egin diezaien minbizi-zelulei.

T-zelulen galgari eragiten

1990eko hamarkadan, Allisonek CTLA-4 proteina ikertu zuen. T-zelulen proteinetako bat da, eta, beste batzuen artean, galga-lana egiten duela aurkitu zuen Allisonek. Aurrerago, CTLA-4ra lotzen den antigorputz bat diseinatu zuen, eta frogatu zuen, horren bidez, T-zelulak askatu eta minbizi-zelulei aurre egiteko gai zirela.

1994ean egin zuen lehen esperimentu bat, saguetan, eta emaitza erabat arrakastatsua izan zen. 2010ean, berriz, pertsonetan saio kliniko bat egin zuen, melanoma aurreratua zuten pazienteekin, eta haietan ere beste edozein tratamendurekin baino askoz emaitza hobea lortu zuen.

Honjok ere T-zelulen proteina bat ikertu du: PD-1 proteina. 1992an aurkitu zuen, eta erakutsi zuen hark ere galga-lana egiten zuela, CTLA-4aren antzera, baina meste mekanismo baten bitartez. Edozein modutara, hura blokeatuta, T-zelulek minbizi-zelulei eraso egitea lortzen zuen, eta emaitzak Allisonen estrategiarekin baino are ikusgarriagoak ziren: 2012an, minbizi-mota desberdinak eta mestastasia zuten zenbait paziente sendatzea lortu zuen.

Allisonen eta Honjoren ikerketek kontrol-postuaren immunoterapiari bidea ireki diote. Terapia erabat berritzailea da, eta, bien estrategiak elkarrekin erabilita, emaitza benetan itxaropentsuak lortu dira. Beste tratamenduekin batera ere erabil daitezke: erradioterapia, kimioterapia, kirurgia… Gaur egun, saio kliniko ugari ari dira egiten bide horretatik, beste minbizi-mota batzuk ere sendatzeko, eraginkortasuna hobetzeko eta albo-ondorioak saihesteko. Zalantzarik gabe, horregatik guztiagatik ondo merezia dute Nobel Saria, Nobel Sarien erakundearen ustez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia