Alkoholak sortutako zorabioak
2000/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Alkohol gehiegi edateak zorabioak sortarazten dituela batek baino gehiagok ikasi du. Baina zergatia ez dago efektua bezain argi.
Estatu Batuetako ikertzaile batek odol-presioa arautzeko ezintasuna iradoki zuen zorabioen azalpen modura eta teoria baieztatzen duten ikerketak egin ditu. Edana egon edo ez, gorputzeko odol-presioa jaitsi egiten da zutik gaudenean eta horren eraginez, garunera odol gutxiago iristen da. Normal gaudenean, zainak uzkurtu egiten dira galdutako presioa berreskuratzeko. Eta mozkor gaudenean?
Virend Somers kardiologoak 14 boluntariorekin eginiko ikerketaren arabera, mozkortutako pertsonaren zainak ez dira uzkurtzen, presio-galera ez da orekatzen, garunera odol gutxiago iristen da eta horregatik zorabioak sortzen dira. Hala ere, ez dago argi zainak zergatik ez diren uzkurtzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia