Alkohola, endorfinak eta gehiago
2009/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Alkoholak endorfinak askatzean eta garuneko sari-sisteman duen eragina ikusi dute, in vivo
Alkoholak garunean eragiten duela erraz ikusten bada ere, eraginaren nondik norakoak ezagutzea ez da hain erraza. Orain, alkoholak garunaren zati primitiboenetako batean eragiten duela frogatu du Kanadako McGill Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Horrez gain, alkoholaren neurrizko kontsumoak endorfinak askatzea areagotzen duela baieztatu dute.
Ikertzaileek lehendik ere bazekiten alkoholak eragin hori zuela, saio-hodietan egindako ikerketetan oinarrituta. Era horretako probetatik ateratako ondorioak zeharkakoak dira, ordea, eta ikertzaileek muga handiak zituzten horiek interpretatzeko.
Muga gainditzeko, mikrodialisia erabili dute, animaliak bizirik daudela erabil baitaiteke. Horren bidez, erdiko garuneko VTA eremuan alkoholak duen eragina aztertu dute, hau da, endorfinak eta beste opioideo batzuk askatzen diren eremuan. Hala, frogatu dute alkohol-dosi txikiek eta tartekoek, eta ez handiek, VTA eremuan endorfinak askatzea eragiten dutela.
Ikertzaileen esanean, VTA eremua "gakoa da" alkoholak garunaren sari-sisteman duen eraginean. Hain zuzen, sari-sistemaren bitartez, indartu egiten da alkohola edateko bulkada, eta antzekoa gertatzen da mendekotasuna sortzen duten beste substantzia batzuekin ere. Horrenbestez, uste dute ikerketa hori baliagarria izan daitekeela alkohol-mendekotasuna tratatzeko bide zehatzak bilatzeko, garuneko eremu hori oso antzekoa baita pertsonetan eta arratoietan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia