Elhuyar zientziaren komunikazioa

Alien, benetako bertsioak

2002/11/26 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Jatorriz eskualde batekoak izan baina beste batean zabaltzen diren espezieei espezie inbaditzaileak esaten zaie. Horiek erruz ugaldu eta modu ezin hobean egokitzen dira bizileku berrira eta, askotan, harrera-ekosistemako jatorrizko espezieak arriskuan jartzen dituzte. Halako inbasioak, munduko biodibertsitatea gordetze aldera arazo larria izateaz gain, konpontzeko zailak dira.

Edozein ekosistema oreka konplexu eta hauskorrean oinarrituta dago. Erbien populazioak gora egiten badu, esaterako, horiez elikatzen diren otsoak ere ugaritu egingo dira, janaria gehitu egin baita. Baina erbi-populazioa murrizten hasten denean, otsoarenak ere berehala egingo du behera, zer janik ez baitute izango. Gizakiak otsoak hil eta espeziea iraungitze-bidean jartzen bada, erbiek, orduan, ez dute harraparirik izango inguruan eta populazioa ikaragarri gehituko da. Espezie jakin bat harraparirik gabeko ekosisteman ipinitakoan horrelakoak gertatzen dira, adibidez espezie inbaditzaileen kasuan.

Bizidun bakoitzari bere populazioa denboran zehar egonkor mantenduko duten harrapari edo kontrol-mekanismoak dagozkio. Organismo bat kontrol-mekanismo horiek ez dituen ekosistema arrotz batera eramaten denean, arazoak sortzen dira. Organismo arrotza ekosistema berrira ongi ez egokitzea eta desagertzea edo desoreka handirik sortu gabe egokitzea gerta liteke, baina kontrakoa ere ohikoa da, inolako kontrol barik eta erraz ugaritzea.

Izaki moldakorrak

Inbaditzaileak, oro har, tokiz kanpo dauden izakiak dira.

Oro har, inbaditzaile biologikoak azkar hazi eta ugalketa-ziklo laburrak dituzten espezieak izaten dira. Aldi berean, ingurune askotan bizitzeko gaitasuna dute, habitatari ez baitiote bizi-baldintza zorrotzik eskatzen.

Espezie inbaditzaileek jatorrizko landare eta animaliak jan ditzakete, edo eurekin ugaldu eta berezko espezieen aniztasun genetikoa murriz dezakete. Aldi berean, harrera-ekosistemara patogeno eta bizkarroi berriak eramaten badituzte, jatorrizko espezieak arriskuan jar ditzakete. Gauzak muturreraino eramanaz, inbaditzaile biologikoek harrera-ekosistema atzekoz aurrera jarri eta haren konposizioa erabat alda dezakete. Behin baino gehiagotan gertatu da hori.

Inbaditzaile biologikoak, beraz, oso kontuan hartzeko arazoa dira; izan ere, biodibertsitatea galtzearen bigarren arrazoia –lehenengoa habitata suntsitzea da– espezie horiek dira.

Gizakiekin etorritakoak

Espezie inbaditzaile gehienak giza jardueraren ondorioz lekualdatu dira, askotan helburu ekonomikoak direla eta. Errentagarritasunaren izenean, leku askotan nekazaritza industriala bultzatu da; hau da, landa-eremu zabalean labore bakarra ereiten da. Erabilera horrek aniztasuna murriztea eta malgutasuna galtzea eragiten du. Laborantza-mota hori egiten denean, aniztasuna ehunka espezietatik espezie bakarrera jaisten da. Monolaborantzan erabilitako espezie asko, gainera, exotikoak dira, beste nonbaitekoak. Espezie horiek labore-lurretatik eta nekazarien kontroletik "ihes egin" eta inguruko lurretan zabaltzen direnean inbasioak gertatzen dira.

Oro har, bi motatako inbaditzaileak bereizten dira: nahita sartu diren inbaditzaileak eta nahi barik sartutakoak. Nahita sartu direnak lehen aipatutako monolaboreak dira. Nahi barik sartu diren inbaditzaileak inor konturatu gabe ekosistema arrotzean sartzen diren espezieek osatzen dute. Horiek ere askotan gizakiei esker bidaiatzen dute. Kanada eta Estatu Batuen arteko Aintzira Handietan ikusi denez, bertan ezarri diren zenbait muskuilu-, arrain- eta arkakuso-espezie itsasontziekin batera ailegatutakoak dira. Hutsik bidaiatzen duten zamaontziek egonkortasuna handiagotzeko ura erabiltzen dute lasta modura, eta kargamentua jasotzeko ura askatu egiten dute. Jatorrian jasotako urarekin batera, ontziek espezie bizidun ugari harrapatzen dituzte; ura helmugan botatakoan, espezie horiek guztiak ere askatu egiten dituzte. Aintzira Handietako espezie arrotz ugari bide horretatik iritsi eta, ondoren, bidaiarien ontzi txikien bidez kontinente osora hedatu dira.

Espezie arrotzen inbasioak naturan ezagutzen diren arren, azken mendeetako giza mugimenduek, sistema ekonomikoak eta globalizazioak arazoa larritu egin dute. Guztia biribiltzeko, inbasioen mekanismo ekologikoa ez da ongi ezagutzen. Inbaditzaileak oro har (uretako jazintoak, Australia hartu zuten untxiak, Europako mangostak, arratoiak, loroak, dordokatxoak, Europako eki eta hegoaldeko artoa jaten ari den momorroa...) tokiz kanpo dauden izakiak dira, baina, oro har, poliki-poliki eta ondorioetan pentsatu gabe aldatu dugun ingurura egokitzen jakin izan duten bizidunak dira.

Kontrol biologikoa

Itsasotik ekarritakoak ez dira helmugako ekosistemara egokitzen.

Inbaditzaile biologikoei aurre egiteko modu egokiena ezartzen ez uztea da; hau da, inbaditzaileak batetik bestera ez joateko neurriak hartzea. Nazioarteko Itsas Erakundeak, esaterako, lasta-ura itsas handian aldatzea gomendatu die zamaontziei. Ingurune horren eta ur gezatakoaren arteko aldeak handiak direnez, itsasotik ekarritako espezieak ez dira helmugako ekosistemara egokituko eta ez da inbasiorik gertatuko. Bestalde, txalupa motordunen jabeei mugitu aurretik ontziak ondo arakatzea eskatu zaie.

Inbasioa errealitate denean aukera bat pestizida eta herbizidak erabiltzea da. Baina gehienak toxikoak eta arriskutsuak direnez, oso kasu zehatzetan bakarrik erabiltzen dira.
Zenbaitetan landareak eta animaliak ekosistematik kendu egin daitezke, banan banan jasota. Beste batzuetan, aldiz, sute edo uholde kontrolatuak erabiltzen dira inbasioen aurka. Horrez gain, kontrol biologikoa egitea ere ohikoa da.

Kontrol biologikoa ez da inbasioen panazea.

Artikuluaren hasieran esan bezala, espezie inbaditzaileak ez zabaltzeko faktoreetako bat harrapari naturalak dira. Kontrol biologikoa egiteko, inbaditzaile diren espezieen harrapariak inbaditutako ekosisteman sar daitezke; hau da, espezie arrotz bat beste espezie arrotz batekin akaba daiteke. Harrapari arrotzak ez dio ekosistemari espezie inbaditzaileak adina kalte eragiten eta oreka ekologikoa berriz ezar dezake. Hala ere, bide honek eztabaida ugari sortzen ditu. Ekologistek eta kontserbaziorako taldeek kontrol biologikoa segurua, arrazionala eta beharrezkoa ote den galdetzen dute, ez baitira fidatzen. Hainbat proiektuk arrakasta izan duten arren, kontrol biologikoa ez da inbasioen aurkako panazea eta behar bezala erabili ezean, mesede baino kalte gehiago egin dezake.

Inbasore batzuk

Zebra-muskuilua
Zebra-muskuilua ( Dreissena polymorpha ) ur gezatan ibiltzen den moluskua da, baina ur gazitara ere egokitzen da. Itsaso Beltzean eta Kaspio Itsasoan du jatorria eta ez da jangarria. Inguru hartako ibaietako nabigazioa zela eta, XIX. mendean Europan hedatu zen; XX. menderako, Europan ez ezik Ipar Amerikan ere bazegoen.

Toki askotan izurritea da zebra-muskuilua. Izan ere, muskuilu horren larbek ugaritzeko eta tokiz aldatzeko gaitasun handia dute. Azkar hazten dira eta hilero ugaltzeko gai dira. Datu bat nahi? Estatu Batuetako Laku Handien gunean 1988. urtean 200 muskuilu zeuden metro karratuko; 1989an, berriz, 4.500 ziren.

Zebra-muskuiluak kolonizatutako tokietan arazo larriak gertatzen dira. Izan ere, fitoplanktona jaten duenez, espezie autoktonoak jan ezinik geratzen dira, eta sustratoa estaltzen du, ekosistema bera aldatu arte.

Ahate herdoiltsua
Ahate herdoiltsua Ipar Amerikatik ekarritako ahate-espeziea da. Europara Britainia Handitik sartu zen, hegazti-bilduma pribatuetan ekarrita, eta dagoeneko kontinente osora hedatu da. Ahate herdoiltsuaren biktima nagusia ahate buruzuria da, desagertzeko zorian baitago. Sarritan ahate herdoiltsua ahate buruzuri emeekin nahasten da; ondorioz, galera genetikoa gertatzen ari da.

Bisoi amerikarra
Bisoi amerikarra bisoi europarraren mehatxu nagusia bilakatu da, haren habitata kolonizatzen baitu sarri. Bisoi amerikarrak beren larruaz baliatzeko ekarri ziren Europara, negozioa egiteko. Kontrolatzeko zaila denez, behin baino gehiagotan egin izan du ihes haztegietatik eta inguruko ibaiez jabetu da. Europako bisoi edo ipurtatsa baino indartsuagoa da eta hura baztertzen ari da.

Bisoia tamaina ertaineko ugaztuna da eta bere bizitzako zatirik handiena uretan ematen du. Ibaiak, putzuak eta errekak ditu gogoko. Bertan bizi, elikatu eta ugaldu egiten da.
Igerian nahiz urpean animalia azkarra da. Sakonera txikiko urak, zabalak eta batez ere ur-lasterrak ditu gogoko. Gainera, landare ugari dituzten erreka-bazterrak maite ditu. Normalean, ibai-ibilguen erdiko eta beheko zatiak hautatzen ditu bizitzeko.

Haragijalea da eta karraskariak, hegaztiak, anfibioak eta arrain batzuk jaten ditu. Gauez eta bakarrik bizi da bisoia. Lauzpabost kume izaten ditu aldi bakoitzeko. Kumeak izan berritan, lehenengo hilabeteak elkarrekin ematen badituzte ere, uda pasatutakoan bakoitzak bere bideari ekiten dio.

Ur-ipurtatsa
Ur-ipurtatsa Europa osoan bizi izan da XIX. mendearen erdialdera arte. Garai horretan hasi zen bisoi europarraren gainbeheraren hasiera, bai populazioari eta bai lurraldeari dagokionez. Gaur egun, talde bakartu batzuk besterik ez dira gelditzen Errusian eta Iberiar Penintsulan. Bisoi amerikarraren kolonizazioarekin batera, ur-ipurtatsaren gainbeheraren arrazoi nagusiak bizilekuaren galera eta lurraldearen degradazioa dira, gizakiak tokia kendu edota kutsatu egin diolako. Une honetan, ur-ipurtatsa desagertzeko arriskuan dago.

Karramarro amerikarra
Karramarro amerikarra itxura ederreko animalia da, hagin handikoa eta gorrizta; Europako karramarroa, berriz, askoz txikiagoa da eta ez hain ikusgarria; hori bai, gustu bikainekoa bestearen ondoan. Amerikarra XX. mendearen bigarren erdian iritsi zen Europako ibaietara, baina ez zen bakarrik iritsi, onddo bat zekarren berarekin. Onddo horrek ez dio kalterik egiten karramarro amerikarrari; europarra, aldiz, gaixotu eta hil egiten du.

Niloko perka
Kenyako Victoria aintziran jazotakoa oso esanguratsua da. Han 200 arrain-espezie endemikotik gora bizi ziren 1950ean. Baina 1958. urtean, Niloko perka, Nilo ibaian bizi den harrapari bikaina, aintzirara eraman zuten eta 1962 eta 63an populazioa handiagotu egin zuten. Urtebete geroago, Niloko perka Ugandan aurkitu zen eta 1970erako Kenian erabat kokaturik zegoen. Inbasioaren ondorio biologikoak: Victoria aintzirako arrain-espezie endemikoak desagertu egin dira ia eta elikadura-sarea ezagutezin izateraino aldatu da. Hango 200 espezie desagertu egin dira.

Bestelako ondorioak: batetik, Niloko perka janari-iturri bikaina da Victoria aintziraren inguruko biztanleentzat; bestetik, bizkor garatzen ari den industria txikiaren oinarria da. Beraz, jatorrizko faunarentzat hondamendia izan dena aktibo ekonomiko garrantzitsu bihurtu da bertako biztanleentzat.

Caulerpa taxifolia
Caulerpa taxifolia alga berde ederraren Mediterraneoko historia Monakoko museo ozeanografikoko zakarrontzi batean hasi ei zen. Monakoko museoko akuarioan ontziak garbitzeko orduan ez zuten lan handiegirik hartzen. Algak errotik atera eta leihotik zuzenean itsasora botatzen zituzten. Inork ez ei zuen pentsatzen tropikoetako alga bat Mediterraneoan bizirauteko gai izango zenik!

Baina C . taxifolia Mediterraneoan bizirauteko eta Mediterraneoa inbaditzeko gai da! 1992an, martxoa eta urria bitartean, C . taxifoliak okupatutako zona 50etik 180 hektareakora izatera pasa zen. 1994an, algak irabazitako azalera 600 hektareakoa zen, 1995ean 730ekoa eta 1998an 1.500ekoa. Gaur egun, Mediterraneoko kostan (Espainia, Frantzia, Monako, Italia, Kroazia) 6.000 hektarea inbaditu ditu. Okerrena da alga horren bizilekua ez dela Mediterraneora mugatzen. Izan ere, berrikitan Kaliforniako kostan aurkitu dute. Zabaltze hori ikusirik, Mediterraneoko herrietako zientifikoek bat egin dute C . taxifolia oreka biologikoa deuseztatzeko arriskutsua dela esatean.

C . taxifoliak anatomia bitxia eta sinplea du. Nukleo asko dituen zelula bakarrak osatzen du. Ez da erraz desagertuko, landarea punta batetik hiltzen denean, bestetik hazi egiten baita. Mutazio batzuen ondorioz, tropikoetako landare txikia zena Mediterraneoan 80 zentimetroko inbaditzaile bihurtu da. Hedatzeko nahikoa da, adibidez, itsaslasterrek edo itsasontzi batek oharkabean aldaxka bat alde batetik bestera eramatea.

Ingurumenarekiko ez da batere exijentea eta era guztietako substratoetara egokitzen da. Berdin zaio arroka, harea edo basa izan, nahiz eta substrato solidoak nahiago dituen. Bestalde, berdin-berdin finka daiteke leku garbi zein poluituetan, portuetan adibidez. Argitasuna eta tenperatura-aldaketak ere ez dira alga hori zabaltzeko oztopo. Australiako barietateak ez bezala, Mediterraneokoak tenperatura hotzak ongi jasaten ditu.

Tenperatura-aldaketek zerikusi handia dute alga horren garapenean, baina ez da horregatik hiltzen. Hiru hilabete pasa ditzake 10 gradutan dagoen uretan. Uda-amaieran eta udazkenean, berriz, eguneko bi zentimetro handitzen da.

Hain erraz hedatzeko ezinbestekoa den azken baldintza ere betetzen du: ez dauka harraparirik eta arrainak uxatzeko substantzia toxiko bat botatzen du.

Mediterraneo itsasoko fauna eta floraren dibertsitatea nabarmen gutxitu da. Besteakbeste, C . taxifoliak sortzen duen 'moketak' tapatze hutsagatik landaredi iraunkor guztia deuseztatzen du. Toxiko izanik, landaredi horrekin zuzeneko lotura duen fauna ere ondorio zuzenak jasaten ari da, animaliek ezin baitute beren ohiko elikadura alga berri horrekin ordezkatu. Espezie batzuk desagertzen ari dira eta beste batzuk berriz, ugaritzen. Arrantzaleak ere hasi dira algaren ondorioak jasaten, itsaslasterrek azaleratzen dituzten alga-zatiek arrantzaleen sareak hondatzen baitituzte.

Itsasoko beste hainbat Atlantikoko mendebaldetik joandako itsasontzi batek, 1982 inguruan, Mnemiopsis leidyi ornogabea Itsaso Beltzera eraman zuen.

Nahiz eta hasiera batean kalterik ez dutela egiten diruditen, espezie txikiek izugarrizko hondamendia eragin dezakete. Medusa zeharrargi baten antza duen animalia horrek hamar urteren buruan Itsaso Beltzeko arrantza erabat suntsitu zuen. 1984an 204.000 tona antxoa, 24.600 tona ijito-sardina eta 4.000 tona berdela arrantzatzetik, hurrenez hurren, 200 tona, 12.000 tona eta batere berdelik ez arrantzatzera pasa ziren.
Neurri gabe hedatu diren beste espezie batzuk Asterias amurensis itsas izarra eta

Carcinus maenas karramarroa dira. Biak ere Tasmania eta Australiako kostetan sartu dira. Itsas izarra lehen aldiz 1986an ikusi zen eta gaur egun milioika indibiduo daude.
Karramarroa, berriz, 1900ean sartu zen eta ikaragarrizko hondamendia eragiten ari da moluskuetan, batez ere ostra-haztegi eta muskuilu-haztegietan. Bi espezie horien ugalketa galarazteko asmoarekin harrapariak sartzea pentsatzen ari dira.

Senecio inaequidens
Landare honen loreek margariten antz handia dute, zuriak izan beharrean horiak badira ere. Europara XIX. mendean iritsi zen, kotoiaren komertzioaren ondorioz. Hannoverren 1889. urtean identifikatu zuten, eta 1950erako Europako hegoaldean zegoen. Muturreko ingurumen-egoeratara bikain egokitzen da, bizkor hazten da, lore ugari izaten ditu, eta ile luzekoa denez haizeak erraz garraiatzen du. Inbaditzaile izateko beharrezko ezaugarri guztiak ditu. Izugarri hedatu den arren, oraingoz ez du kalte nabarmenik eragin, baina eragin dezake, kontrol biologiko zaileko landarea delako.

Boiga irregularis sugea
Mikronesiako Guam uhartean zaila da hegaztiak ikustea. Izan ere, Papua-Ginea Berritik etorritako Boigas irregularis sugeak ia guztiak desagertarazi ditu. Istripuz iritsi zen sugea uhartera, XX. mendearen erdialdera. Hamabost urte geroago milioi bat Boigas irregularis suge zeuden Guamen. Hura ugaritzearekin batera, hegaztien populazioa nabarmen jaisten hasi zen. Gaur egun 3 hegazti-espezie baino ez daude Guam uhartean.

Achatina marraskiloa
Polinesiako Moorea uhartea Partula generoko barraskilo-espezie kontaezinak bizi ziren. 1967. urtean, giza kontsumorako barraskilo afrikar erraldoia sartu zuten, Achatina barraskiloa, ugaltzeko azkarra eta zapore bikainekoa baitzen. Denbora gutxian milioika Achatina barraskilo zeuden uhartean. Belarjale bikaina izanda, zuhaitzak, belarra eta uztak jaten hasi zen. Arazoa konpontzeko, Floridako Euglandina rosea barraskilo haragijalea eraman zuten Mooreara 1977an. Hura hasi zen bere lana egiten, baina Achatina barraskiloak jan beharrean, Partula barraskiloak jaten zituen. Gaur egun Partula barraskiloak erreserbatan eta zooetan baino ezin daitezke ikusi, eta Floridako barraskiloak Mooreako ekosistema suntsitzen jarraitzen du, lasai.

Inurri eroa
Inurri eroa, Anoplolepis gracilipes , 4 milimetroko intsektua da. Afrika tropikalean du jatorria, baina mundu osoan dago hedatua eta sekulako hondamendiak eragin ditu, batez ere uharteetan. Christmas uhartean, adibidez, 18 hilabetean lurreko karramarro guztiak —3 milioi gutxi gorabehera— desagertarazi zituen. Karramarroek uharteko ekosisteman zeregin garrantzitsua zuten, lurreko belar-hondarrak biltzen baitzituzten.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia