}

Alga gorrien sekretu sexualak

2002/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Harrigarria badirudi ere, ez genekien dena ehunka milioi euroko merkatuaren oinarri diren alga gorrien bizitza sexualaz. Baina, teknika sofistikatuei esker, Australiako ikertzaileek alga gorrien ugalketa-prozesua grabatu ahal izan dute lehenengoz.

Grabazioak erakutsi duenez, alga arrek milioika espermatozoide jariatzen dituzte uraren gazitasun-maila txikiagoa den uneetan, eta marea goian denean. Espermatozoideek lasterretan bidaiatzen dute alga emeak dauden guneetara eta emeen harizpiei lotzen zaizkie.

Segidan, espermatozoideak bere DNA harizpian injektatzen du, harizpiaren oinarriraino bidaiatu eta han dagoen obulua ernaltzeko. Hori guztia gizakion begiak ez baino mikroskopioak atzeman dezakeen eskalan gertatzen da eta, ikertzaileen esanean, ederra da ikuskizuna. Espermatozoideak multzo handitan iristen dira eta elkarren artean lehiatzen dute obulua ernaltzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia