Alergia-motak
2003/04/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Batzuek, belar onduaren sukarra izaten dute, eta sudurreko eta begietako mukosak narritatzen zaizkie. Ondorioz, azkura eta jarioa izaten dute, eta etengabe egiten dute doministiku. Beste batzuei bronkioetako mukosa handitzen zaie, eta horrek arnasa hartzea galarazten die. Asmaren sintomak, beraz, itolarria eta eztula izaten dira. Sintomak azalean edo azalaren azpiko geruzan ere nabaritzen dituzte batzuek.
Polenek landareen gameto arrak dituzte barnean, eta 10-60 mikroi inguru neurtzen dute. Landareek hainbat estrategia dituzte polena gameto emeak dauden tokira iristeko. Landare batzuek intsektuak erakartzen dituzten lurrinak eta koloreak dituzte; intsektua landarean jartzen denean, polena hanketan itsasten da, eta, beste lore batera joatean, polena hedatu egiten da. Estrategia hori duten landareen polenak ez dira hain arriskutsuak alergikoentzat. Beste landare batzuek, ordea, airez hedatzeko aproposak diren polenak dituzte, eta horiek arazo larriak eragiten dizkiete alergikoei, batez ere gramineoen polenek.
Alergikoek ederki dakite noiz egoten den polen gehien: aspaldi euririk egin ez duenean, tenperatura epeltzen denean eta hego haizea dagoenean. Orduan polen ugari egoten da airean, eta hura ez arnasten saiatu behar dute. Sintomak azaltzea saihesteko, sendagileek hainbat gomendio eman dituzte: leihoak ondo ixtea, betaurrekoak janztea, polinizazio-maila altuko orduetan ez irtetea —goizean goiz eta iluntzean—, ahal bada itsas ondoan ibiltzea, eta ez mendian...
Oinarrizko neurri horiez gain, badira arnastutako polena gutxitzeko metodo berri batzuk. Esate baterako, sudur-zuloan jartzeko iragazki berezia probatu dute Australian, eta oso emaitza onak eman omen ditu. Iragazkia erosoa da eta ez du arnasa galarazten. Polena, berriz, iragazkiaren geruza likatsu batean itsatsita gelditzen da; horrela, arnastutako airetik polenaren % 97 kentzea lortzen da. Asmatzaileen esanean, bereziki aproposa da antihistaminikoek eta sintomak arintzeko erabiltzen diren beste botikek kalte egiten dieten pertsonentzat.
Beharbada, irtenbide eraginkorrena txerto espezifikoak dira. Alabaina, immunoterapiarekin asmatzea ez da erraza izaten beti, alergeno guztiak identifikatu behar baitira eta tratamenduak iraunkorra izan behar baitu.
Nola neurtzen da aireko polen-kontzentrazioa?
Airean zenbat polen dagoen jakiteko, polena harrapatzen duten tresna batzuk erabiltzen dira. Tresna horiek haize-orratz bat izaten dute, polena jasotzen duen muturra haizearen aldera orientatzeko. Gainera, ponpa bat dute airea fluxu konstantean xurgatzeko. Airea muturretik sartu eta polenak baselinaz estalitako zinta batean itsatsita gelditzen dira. Zinta hori zilindro birakari batean dago, eta astean behin bira osoa ematen du.
Astero, zinta aldatu egiten da. Jasotako zintatik asteko egun bakoitzari dagokion zatia ebaki, tindatu eta, mikroskopioaren laguntzaz, polenak zenbatu eta identifikatu egiten dira.
Lore-hautsari ez baizik etxeko hautsari
Euskal Herrian gehien zabaldutako alergia etxeko hautsak eragindakoa da, zehazki, hautsean dauden akaroek eragindakoa. Akaroak 250-350 mikroi neurtzen duten artropodoak dira, eta 120 eguneko bizi-zikloa dute. Helduaroak 45 egun irauten du, eta denbora horretan emeek 40 arrautza erruten dituzte. Alergia gehien eragiten dutenak Dermatophagoides generokoak dira, ‘azal-jaleak’, alegia. Akaro horiek gizakiek eta animaliek askatzen dituzten azal-ezkataz elikatzen dira, eta oso ugariak dira koltxoietan, logeletan, alfonbretan... Beste espezie batzuek onddoen esporak, haziak eta zereal-irinak jaten dituzte.
Tenperatura epeleko eta hezetasun-maila altuko tokiak aproposak dira akaroak hazteko eta ugaltzeko; beraz, Euskal Herriko kostaldean urte osoan dira ugariak, batez ere udaberrian eta udazkenean. Aldiz, 1.500 m-tik gora eta muturreko tenperaturak dauden tokietan urriak dira. Nolanahi ere, Espainiako estatuan, asma-kasuen % 65 akaroek eragindakoak dira. Hain zuzen, akaroen glukoproteina batzuk dira alergia-sortzaileak. Neurri txikikoak direnez, erraz arnasten dira.
Polenari alergia diotenek ez bezala, akaroei diotenek urte osoan izaten dituzte sintomak. Errinokonjuntibitisa edota asma izaten dira ohiko sintomak, eta, askotan, larriagoak izaten dira nerabezaroan eta gaztaroan.
Etxean hautsa hartzen duten gauzak ez edukitzea, oheko arropak ur beroz garbitzea, hezetasuna gutxitzea eta akaroen aurkako substantziak erabiltzea dira alergikoek hartu beharreko neurrietako batzuk.
Ezin denetik jan
“Denetik jan behar da”, askotan entzundako aholkua. Pertsona batzuei, ordea, hainbat janarik alergia eragiten diete. Haurretan, kasu gehienak arrautzak, esneak, arrainak eta fruitu lehorrek eragindakoak dira, eta fruitu lehorrek, fruta freskoak, arrainak eta itsaskiek helduetan. Gehienetan, sintomak azalean eta ahoan eta digestio-aparatuan azaltzen dira, eta gutxiagotan izaten dira arnastutako alergenoek eragiten dituzten ohiko sintomak, asma eta errinokonjuntibitisa, alegia.
Elikagaiek eragindako erreakzio alergikoak elikagaiekiko jasanezintasunetatik eta erreakzio toxikoetatik bereizi behar dira. Jasanezintasunak eta erreakzio toxikoak dosiaren araberakoak dira; alergietan, berriz, erreakzioa beti da neurriz kanpokoa, baita hartu den dosia oso-oso txikia denean ere. Hala ere, ez da erraza diagnostiko bereizlea egitea, sintomak berdintsuak izaten baitira.
Elikagaiekiko sentsibilizazioa muturrekoa denean, anafilaxia gertatzeko arriskua dago. Organo eta sistema askori eragiten dio, eta ondoeza, abdomeneko eta toraxeko mina, goragalea, beherakoa, arritmia, urtikaria, hipotentsioa eta shocka azaltzen dira, eta heriotza eragin dezake.
Horren aldaera bat ariketa fisikoak eragindako anafilaxia da. Oso kasu berezia da: elikagai batzuk jan ondoren kirola egiten hasi eta, gorputzaren tenperaturak gora egin ahala, zorabioa, azkura eta anafilaxiaren beste sintomak azaltzen dira pazienteetan. Sintoma horiek, alabaina, ez dira azaltzen kirola egin ezean. Dena dela, horrelako kasuak ez dira batere arruntak.
Askoz ere ohikoagoa da esnearen proteinei, arrainari, itsaskiei, arrautzei, zenbait frutari eta fruitu lehorrei alergia izatea. Batzuetan, umetako alergia desagertu egiten da denborarekin. Horretan eragina duten faktore batzuk ezagutzen dira: lehenengo hilabeteetan bularra hartzeak babestu egiten du haurra, baita alergia eragin dezaketen elikagai horiek umearen dietan ohi baino beranduago sartzeak ere.
Alergiek eragindako arazoak saihesteko, elikagai horiek ez hartzea gomendatzen dute. Horrek alergikoen eguneroko jatorduak baldintzatzen ditu; gainera, ontziratutako janarien etiketak kontu handiz irakurtzera behartzen du. Izan ere, esnearen proteinak, adibidez, elikagai askotan erabiltzen dira, eta baita botika batzuetan ere.
Bestalde, janariek dituzten gehigarriek, kontserbatzaileek eta koloratzaileek ere eragin ditzakete erreakzio alergikoak, esaterako, tartrazinak, sulfitoek, nitritoek, glutamatoak...
Lanari alergia
Ez da txantxa. Gero eta gehiago dira, duten lanaren ondorioz, alergia pairatzen dutenak. Izan ere, hainbat jardueratan ohikoak diren substantzia batzuek erreakzio alergikoak eragiten dituzte: latexak, nikelak, kromoak, kobaltoak, erretxinak, zementuak, zerealek, plastikoek, kosmetikoek...
Alergia arnastutako substantziek eragindakoa bada, asma da sintoma nagusia. Aldiz, alergenoak ukitzeagatik azaltzen bada erreakzio alergikoa, sintomak azalean azaltzen dira: dermatitisa eta ekzema.
Laneko alergenoak saihesteko moduren bat egon ezean, ez dago lanez aldatzea beste aukerarik, ez baitago tratamendu eraginkorrik.
Argi dago alergiak arazo larria direla, eta pazientearen bizimodua erabat baldintzatzen dutela. Alergien gainean ikerketa asko egiten dira, baina gero eta sentsibilizazio-kasu gehiago azaltzen dira eta alergenoak ere ugaritzen ari dira. Beraz, ez da erraza izango irtenbide aproposa aurkitzea denentzat. Hori lortu artean, aurre hartzen saiatzea beste aukerarik ez dago.
Alergia gehien eragiten duten onddoak Alternaria, Aspergillus, Penicillium eta Cladosporium generoetakoak dira.
Onddoak 1-100 mikroi inguru neurtzen duten esporen bidez ugaltzen dira. Horiek arnastean, errinitisa edota asma izaten dute alergikoek, eta batzuek azaleko sintomak ere izaten dituzte. Hezetasuna eta iluntasuna onddoentzako mesedegarriak direnez, onddoek eragindako alergiak larriagoak izaten dira udazkenean, baina urte osoan dago arriskua tokiaren arabera: sotoetan, lur hezea eta landareak dauden lekuetan... Sintomak agertzea galarazteko, onddoentzako aproposak diren kondizioak saihestea da onena, noski.
Animalia batzuen ile eta ezkatek ere sor dezakete alergia, baita haien listuak, gernuak edota gorotzak ere. Alergeno horiek, arnastuz gero edo haiekin kontaktuan jarriz gero, errinitisa, konjuntibitisa, asma, edota urtikaria eragiten diete alergikoei.
Animaliei alergia dieten askoren etsai nagusia katua da, listuan dituen proteina batzuk oso alergenikoak baitira. Beste batzuen etsaiak, berriz, ez dira katuak, baizik eta intsektuak. Populazioaren % 1 alergikoa da erleen eta liztorren pozoiekiko, eta intsektu horiek helduz gero, erreakzio anafilaktiko larria izateko eta horren ondorioz hiltzeko arriskua dute. Alergia eragiten duten intsektu gehiago ere badira, eltxoak, inurriak eta zimitzak, esaterako. Gainera, bizkarroiek ere eragiten dituzte alergiak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia