}

Alde handia zientzialarien eta herritarren artean, zientzia-gaiei buruzko iritzietan

2015/01/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

alde-handia-zientzialarien-eta-herritarren-artean-
Ikasle-talde bat, Argonne Laborategiak ezagutzen. Arg. Argonne Laborategia CC-BY 2.0

Zientzialariek eta herritarrek zientzia-gaiei buruz dituzten iritziak ez datoz bat, Estatu Batuetan egindako inkesta baten arabera. Pew Ikerketa Zentroak egin du ikerketa, AAAS zientzia-elkartearekin batera, eta agerian utzi dute alde handia dagoela batzuen eta besteen ikuspuntuen artean.

Hamahiru gairi buruz galdetu diete, eta aldea bereziki handia da genetikoki eraldatutako elikagaiak jatearen inguruan: galdetutako zientzialarien % 88k uste du elikagai transgenikoak jatea segurua dela, eta, aldiz, herritarren % 37k baino ez du uste gauza bera.

Alde nabarmena dago baita ikerketetan animaliak erabiltzeaz edo pestizidekin hazitako elikagaien segurtasunaz duten iritzietan: lehenengoaren kasuan, zientzialarien % 89 eta herritarren % 47 dira aldekoak; eta pestiziden auzian, zientzialarien % 68k uste du janari hori segurua dela, baina herritarren artean % 28 soilik datoz bat haiekin.

Klima-aldaketan gizakiok dugun ardurak ere banatzen ditu batzuk eta besteak: zientzialarien % 87k uste du batez ere gure jardueraren ondorio dela, baina herritarren erdia ez dago ados horrekin.

Dena dela, aldea ez da beti norabide berekoa; batzuetan, herritarrek zientzialariek baino babes handiagoa eman diote ideia bati. Hori gertatu da, esaterako, itsasoan petrolio-zundaketak egiteari buruz duten iritziarekin (herritarrak % 20ko diferentziarekin dira zientzialariak baino aldekoagoak) eta astronautak espazio-egitasmoen etorkizunerakoak ezinbestekoak ote diren esatean (%12ko aldearekin).

Hala eta guztiz ere, denek uste dute zientzian eta teknologian inbertitzea onuragarria dela herrialdearen aurrerapenerako eta gizarterako, nahiz eta aurreko galdeketan (2009an) baino ezkorragoak azaldu diren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia