}

Albatrosak ikertzeko teknologia berriak

2002/02/26 Elhuyar Zientzia

Albatrosa hegan egiten duen hegaztirik handiena da. 2-3 metroko luzera eta 10-12 kiloko pisua du. Baina berezitasun horrengatik ez ezik, ehiza-garaian energia gutxiago kontsumitzeko haize- eta itsas korronteak baliatzen dituelako ere izaten da ikergai. Oraingoan, Chizé zentroko (CNRS) ikertzaileek aztertu dute, Henri Weimerskirch-en zuzendaritzapean.

2001eko urtarrila eta martxoa bitarte, ugalketa-garaian hegazti horiek egiten dituzten hegaldi laburrak ikertu dituzte, hamabost albatrosi bizkarrean ehun bat gramoko txipa jarrita. Txipak segundoko maiztasunarekin ematen zuen hegaztiaren ibilbidearen berri. Teknologia berriari esker albatrosaren arrantza- zehatz--mehatz ezagutzea lortu dute.

Zehaztasun-maila hain handiari esker, ikertzaileek hegaztien abiadura zenbatekoa den jakin dute; ur gainean pausatzen direlarik, abiadura 0 eta 9 km/h. izaten da eta hegan dabiltzanean, berriz, 18 eta 135 km/h. Abiadura egiten duten indarraren, haizearen abiaduraren eta norabidearen araberakoa da.

Ikerketak, gainera, eskualde horretako haize- eta itsas korronteak hobeto ezagutzeko balio izango du, baita hegaztiaren elikaduraz zerbait gehiago jakiteko ere. Izan ere, ur azpian sartzeko ohiturarik ez duen hegaztia izanik, ikertzaileek ez zuten ulertzen nolatan jaten dituen txibiak. Bada, dirudienez, albatrosa zurrunbiloez baliatzen da higitzeko eta elikatzeko. Izan ere, zurrunbiloek azaleratzen dituzten elikagaiek (txibiak besteak beste) hegaztiaren mokoan amaitzen dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia