Alarma Australian
1998/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eltxoen bidez kutsatzen den gaitz kaltegarrienetako bat, gero eta gehiago barreiatzen ari da munduan zehar eta Australiako mugen atarian da jabe.
Entzefalitis Japoniarra bezala ezagutzen den gaitzak ondorio latzak sor ditzake pertsonen osasunean. Izan ere, birusaren menpe dauden 30 pertsonetatik batek garatzen ditu sintoma klinikoak. Hauetatik laurdena hil egiten da eta erdiak garuneko gaitzak eta paralisia pairatuko ditu. Urtean, munduan, 15.000 pertsonen heriotza eragiten duela uste da.
Birusa Japonian identifikatu zen 30. hamarkadan eta geroztik, Korea, Txina, India eta Asiako hego-ekialde guztian zabaldu zen. Duela 20 urte inguru, Bali eta Borneon ere antzeman zen gaitza.
Iaz ordea, 12 urteko neskato bat hil zen, Papua Ginea Berrian, eta Australian beldur dira birusaren bisita pairatu behar ote duten urte gutxiren buruan.
Birusaren ostari nagusiak txerriak eta hezeguneetako hegaztiak izan ohi dira, kasu askotan animalia hauek ez dira hiltzen eta gaitza zabaldu besterik ez dute egiten.
Ondorioz, erremedio zaileko arazoaren aurrean daudela adierazi dute Australiako biologoek. Oraingoz, txerrientzako txertoa garatu nahi dute; txerri guztiak ezingo dira txertatu noski, baina, barrera gisa jokatuko duten “tanpoi eskualdeak” eratu nahi dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia