Akuikultura, hazten ari den sektorea
2010/01/01 Mendizabal, Idoia - Behatokiko akuikultura-arduradunaAzaro Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Egoera munduan
Gaur egun munduan kontsumitzen den arrainaren ia erdia akuikulturatik dator (% 45), eta espero da 2015ean % 50era iritsiko dela (FAO, 2008). 60 milioi tona ekoizten dira urtero akuikultura bidez, eta, batez beste, % 8 hazi da jarduera urtero, 50eko hamarkadatik. Beraz, arrantza-industrian hazkunde handiena duen sektorea da gaur egun, eta, gainera, munduan gehien hazten ari den elikagaien ekoizpen-sektorea. Izan ere, haragiaren ekoizpenari lotutakoek, adibidez, % 2 inguruko hazkundea dute. Akuikultura gehien Asian egiten da, eta, zehazki, Txinan: munduan ekoizten den arrainaren % 67 baino gehiago produzitzen da han (FAO, 2007).
Uretako ekoizpenaren teknologietan izandako aurrerapenek lagundu dute akuikultura munduan horrenbeste garatzen. Hiru ezaugarritan oinarritu da, funtsean, akuikultura modernoaren arrakasta: espezieen ugalketa-kontrolean izandako aurrerapenak, biologiaren ezagutza, eta berariazko janarien garapena.
FAOren datuen arabera, nazioarteko arrantza-tokien % 70 behar baino gehiago ustiatzen dira, eta arrantzatzen diren kantitateek goia jo dute; espezie komertzial gehienak ezin dira hori baino gehiago arrantzatu. Beraz, itsas produktuen kontsumo-igoerak akuikulturan oinarritu beharko du, eta janari-iturri garrantzitsu bilakatuko da. Zehazki, FAOren eredu estatistikoek iragarri dute 183 tonakoa izango dela arrain-eskaera 2030ean. Eta eskaera hori asetzeko moduko eskaintza egon dadin, 40 milioi tona hazi beharko da akuikulturaren urteko ekoizpena.
Egoera EAE-n
Euskal Autonomia Erkidegoan, akuikultura oso gutxi garatu da orain arte. Erkidegoaren arrantza-ekoizpenaren % 1,2 besterik ez da, eta Espainian egiten den akuikultura-bolumenaren % 0,2. Garapena hain txikia izateko arrazoiak hainbat dira, eta honako hauek dira horietako batzuk: kostaldea erabiltzen duten jardueren arteko lehia handia da (kontserbazioa, turismoa, hondartzak, bizitokia...); lurzoru erabilgarri gutxi dago itsasbazterrean; bertako itsasoaren eta eguraldiaren ezaugarriak ez dira egokiak orain arte eskura izandako hazkuntza-teknologietarako; itsas sektoreak eta arrantza komertzialak sustrai kultural indartsuak dituzte; produktuen esportazio/inportazio ratioak oso aldekoak dira; eta ez dago masa kritikorik I+G+B arloan, ez eta akuikultura-teknologien eskuragarritasunik ere.
Hala ere, gorantz ari den sektorea da, hazteko gaitasun handia du EAEn, eta aukerak eskainiko dizkigu, akuikultura-jarduerak abiatuz gero. Erauzketa-arrantzaren sektorea osa dezakeen jarduera izan daiteke akuikultura, lehenengoa muga jota dagoenez gero, eta beherantz ere egin dezakeenez gero. Ondorioz, orain arte erauzketaren sektorean lan egin duten pertsonei lanpostuak emateko ere balio lezake akuikulturak. Gainera, jarduera berriak garatuz gero, handitu egingo da jarduera horiek behar duten industria osagarriaren eskaria: osagaien fabrikazioa, aholkularitza, instalazioen mantentze-lanak, elikadura-beharretara egokitutako janarien ekoizpena...
2008az geroztik, Akuikulturaren Plan Zuzentzailea martxan dago EAEn (2008-2013 epealdirako), eta akuikultura garatzeko beharrezkoak diren jarraibideak ematea da planaren helburua. Plan horretan aztertu eta jaso dira zein diren espezie lehiakor nagusiak, erabiliko diren teknikak, jarraitu beharreko ikerketa-lerroak, beharrezko azpiegiturak...
Beste alde batetik, teknologiak garatu dira, Euskal Herriak bezala akuikulturan aritzeko aukera gutxi duten lurraldeen beharretara egokituta. Gaur egun badira merkatuan hainbat teknologia --akuikultura-ekoizpenerako sistemak-- itsasertzetik urrun ere kokatu daitezkeenak, eremu askoz ere txikiagoak erabilita ekoizpen-tasa bera eskaintzen dutenak, eta baita Kantauri itsasoaren ezaugarrietara egokitu daitezkeenak ere. Horrela, itsas zabalean ere ekoitzi ahal izango genuke.
EAEren kasuan, ezinbestekoa da balio erantsi handiko espezieak haztea, lehiakorrak izateko, eta kantitatearen bidez lehiatzen diren beste herrialde eta eskualdeetatik bereizteko. Horri lotuta, geroz eta espezie gehiago dira ziklo biologiko osoa ikerketa-zentroetan garatzeko moduan direnak, eta maila industrialean hazteko aukera eskainiko dutenak.
EAEk duen beste abantaila bat da gaitasun handia duela akuikulturan hazitako espezieak transformatzeko, kontserba-industriaren eta/edo arrain-handizkarien bidez. Akuikultura garatzeak lehengai egonkorra eskainiko die arrain-handizkariei eta kontserba-industriari, eta, horrekin, balio erantsi handiagoa duen produktua ziurtatuko dio (ontziratua, xerratua...), baita egonkortasuna ere kontserba-industriari --gaur egun, erauzketa-sektorearen gorabeheren mende dago ia erabat--.
Horrenbestez, arraina akuikulturaren bidez ekoizteak aukera emango digu janari-ekoizpenean mendekotasuna txikitzeko, eta neurri handiagoan izateko gure buruaren jabe. Halaber, balio erantsi handiko espezieak esportatzeko aukera sor lezake, eta EAE lehiakorragoa bihurtu. Bide horretan ari gara lanean, ikerketaren, formazioaren, ekintzailetasunaren eta enpresa-sorkuntzaren arloko hainbat erakunde, administrazioarekin batera, akuikulturaren garapena azkartu dadin gure herrialdean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia