}

Aizu, nire xanpain-kopak pixarrak ditu!

2001/01/29 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Zaporeaz gain, kolorea, usaina, dentsitatea... hartzen dituzte kontuan ardo-dastatzaileek, zukua ona, erdi-mailakoa ala txarra den erabakitzeko. Xanpainaren kasuan, burbuilak ere aintzat hartzen dira. Likidoaren azalean sortzen den aparrari lupaz begiratzen diote xanpain-dastatzaile profesionalek. Aparra xanpaina isuri eta berehala desagertzen da, eta etengabe sortu eta edalontzian gora egiten duten burbuilek ordezkatzen dute.

Frantziako Chanpaigneko Ardoaren Batzordean jakin-minari eutsi ezin eta aparraren nondik norakoak argitu dituzte. Dirudienez, burbuilek gehiago ala gutxiago irautea likidoan dagoen hondakin-kopuruaren baitan dago. Zenbat eta hondakin gehiago, orduan eta burbuila gehiago sortuko dira eta denbora gehiago iraungo dute. Kontua da, hondakinek geruza bat osatzen dutela likidoaren azalean, gainazal-tentsioak gora egiten duela eta burbuilak indartsuago eta egonkorrago bilakatzen direla. Ikerketa honekin uste zena egiaztatzea lortu da.

Hondakinez betetako xanpaina edaten duzula pentsatuko duzu orain, baina lasai, hondakinak proteinak eta azukrearen hondarrak besterik ez dira eta xanpaina ekoizteko prozesuan bertan sortzen dira.

Baina ez da jakin-mina asetzea Chanpaigneko Ardoaren Batzordearen interes bakarra. Prozesua kontrolatzea lortu dutela adierazi baitute. Dastatzaileei begira, xanpain perfektua prestatu ahal izango dute. Ikuspuntu komertzialetik, berriz, ezer gutxi aldatuko da, edalontziaren garbitasunaren arabera burbuilak aldatu egiten baitira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia