Nobel sariak 2025

Nobel sariak 2025


Airetik xurgatutako DNA analizatzeko eta informazio hori baliatzeko modu berriak aurkeztu ditu Floridako Unibertsitateko laborategi batek. Hain zuzen, ingurumeneko DNAren edo eDNAren analisiak datu ugari eta oso baliotsuak eskaintzen ditu, eta azken urteotan, diziplina desberdinetan ari dira baliatzen lurretik edo uretatik lortutako informazio genetiko hori. Orain, airean dagoen DNA biltzeko, analizatzeko eta aplikatzeko modua aurkeztu dute, irekian, Nature Ecology & Evolution aldizkarian.

Artikuluaren arabera, aireko DNAren analisia arlo hauetan baliatu daiteke, besteak beste: giza populazioen azterketa genetikoa; fauna, flora eta onddoen azterketa genetikoa: patogenoen zaintza genetikoa; ostalarien eta bizkarroien kontrola; bakterio erresistenteen jarraipena; izurriteen kontrola; alergenoen jarraipena; biodibertsitatearen azterketa; baita substantzia psikoaktibo batzuen jarraipena ere, adibidez, kanabisarena.

Ikertzaileek baieztatu dutenez, analisia izugarri azkarra eta eraginkorra da: ikertzaile bakar batek aireko DNAn dauden espezie guztiak prozesatu ditzake, tresneria sinple eta eskuragarri baten bidez, eta hodeian ostatatutako software batekin. Horrek aukera asko irekitzen ditu ingurumen-azterketa aurreratuak egiteko, eta oso lagungarria izan daiteke egungo ingurumen-arazoei aurre egiteko. Horrekin batera, hala ere, ohartarazi dute babes etikoak sortu behar direla, egoki erabiliko dela bermatzeko.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Genetika