}

Aingiren bihotza: sentsore aparta

1998/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Tokioko Aquatech enpresak eginbehar berria jarri die aingirei. Kenji Namba ikertzailea duela bost urte ohartu zen aingiren bihotza uretako hainbat osagaiekiko sentikorra dela. Orain, ezaugarri hori aprobetxatuz, uraren kalitatea neurtzeko sistema bitxia asmatu du.

Aingiren bihotzeko taupadak bizkortu edo moteldu egiten dira zenbait poluitzaileren aurrean.Esaterako, minbizia eragiten duen trikloroetilenoa susmatuz gero, taupadak bizkortu egiten zaizkio aingirari. Aldiz, kadmioa edo zianamida duten uretan taupadak moteldu egiten zaizkio.

Sistema berri honetan aztertu nahi den ura azalera ponpatzen da. Ondoren, ura hodi akriliko batetik pasarazten da eta hodian, noski, aingira dago; bere bihotza elektrodo batzuei lotua dago eta horixe da alarma pizten duen aldagaia. Taupaden maiztasunean aldaketa bortitzen bat gertatuz gero, automatikoki entzuten da alarma. Hori gertatzen denean, aingirak berak jartzen die lan berria ikertzaileei; izan ere ur-lagina hartu eta laborategian azterketa sakonagoa egin beharko baitute ikertzaileak.

Lanbide berezi honetan jarri dituzten aingirak, Osaka inguruko erreka garbi batetik hartutakoak dira; hortik datorkie sentikortasun berezi hori.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia