Ahuntza, gizakiaren bidelagun leiala
2001/05/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ondorio horretara iristeko, Greziako, Mongoliako, Islandiako eta Hego Afrikako 88 ahuntz-talderen ADN mitokondriala aztertu dute. ADN hori amaren bidez transmititzen da eta dituen aldaketak ikusi ondoren, ahuntzak garai ezberdinetan hiru tokitan etxekotu zituztela ikusi dute.
Beste abereek askoz aldaketa genetiko gehiago izan dituzte; adibidez, behien % 50-80aren ADN mitokondriala bizi diren tokiarekin erlazionatuta dago, hau da, tokian tokikoa etxekotzen zen. Aldiz, ahuntzen % 10 besterik ez dago bizi den tokiarekin erlazionatuta. Beraz, kontinente batetik bestera gizakiarekin bidaiatu zuen.
Izan ere, ahuntzak bidelagun aproposak dira, batez ere inguru eta egoera gogorretan ondo moldatzen direlako eta ia edozer gauza jan dezaketelako. Gainera, neurri egokia dute eta esnea, haragia eta larrua aprobetxa daitezke. Gaur egun beste abere batzuen hazkuntza zabalduago badago ere, 700 milioi ahuntz hazten dira munduan zehar, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan. Eta garai batean, itsasontzietan ere eramaten ziren, esne- eta haragi-iturri moduan.
Ikertzaileen arabera, hasiera batean etxekotutakoak hiru talde izan ziren. Gehien zabaldu dena orain dela 10.000 urte inguru sortu zen Ekialde Hurbilean, eta aztertutako ahuntzen % 90 talde horretan du jatorria.
Beste talde bat, % 6aren jatorri dena, Asiako hego-mendebaldean etxekotu zen orain dela 2.000 urte inguru. Azkenik, talde txikiena duela 6.000 bat urte etxekotu zen eta Europako eta Mongoliako ahuntz batzuetan ikusi dute haien arrastoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia