}

Ahalmen handiko etiketa txikiak: RFID teknologia

2006/05/01 Asurmendi Sainz, Jabier - Informatika-ingeniaria eta Bitarlan-en sortzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jaiki, nagiak bota, sukaldera joan eta hozkailuak berak jakinaraztea bukatzear dauden edota iraungitze-data betetzear duten elikagaiak zein diren; erosketak egitera autoz joan, eta haizetakoan holografia batek ohartaraztea bihurgune arriskutsuak gertu izanez gero edota baimendutako abiadura baino azkarrago joanez gero; supermerkatuan erosketa-orga bete-bete egin, jende-ilara itzela saihestu, pasabide batetik igaro eta automatikoki gure erosketak ordaintzea, sakelatik kreditu-txartela atera barik eta erosketa-orgatik produktuak mugitu barik. RFID delako teknologiak eskaintzen dizkigun aukeretako batzuk dira horiek, eta etorkizun ez oso urrunean izango ditugu gurean.
Ahalmen handiko etiketa txikiak: RFID teknologia
2006/05/01 | Asurmendi Sainz, Jabier | Informatika-ingeniaria eta Komunikazio eta Informazio Teknologietako aholkulari independentea
(Argazkia: Texas Instruments Inc.)

RFID: Radio Frequency Identification ingelesez, irrati-maiztasunaren bidezko identifikazioa, euskaraz. Izenak berak igarrarazten duenez, edozein motatako objektuak irrati-maiztasunaz, uhinen bitartez --alegia, kontaktu zuzenik gabe--, identifikatzeko sistema da.

Sistema honek bi osagai nagusi ditu: RFID etiketa bera --txipa eta antena ditu-- eta RFID igorle-hartzailea edo RFID irakurgailua. Irakurgailua etiketak bidaltzen duen informazioa jasotzeaz, tratatzeaz eta prozesatzeaz arduratzen da. Etiketa eranskailu bat bezalakoa izan daiteke. Animalietan, pertsonetan edo hainbat kutxa eta produktutan jar daiteke, eta datu anitz eman dezake: izena, ezaugarriak, koloreak, ohiturak, datak... Datuak igortzeko sistema eramangarria eta ahaltsua da.

Ideia 1980ko hamarkadan sortu zen, AEBetako ikertzaileak objektuak ezagutzeko eta aztertzeko sistemak garatu nahian hasi zirenean. Alabaina, horrek uste baino arazo eta zailtasun gehiago zekartzala jabetu ziren, eta pentsatu zuten hobe zela objektuek berek beren burua identifikatzea. Era horretan, RFID errealitate bihurtu zen laster, objektu mugikorrei jarraitzeko zuen gaitasunagatik.

RFID etiketa-motak

Bi RFID etiketa-mota daude oro har: etiketa pasiboak eta aktiboak. Etiketa pasiboak oso bereziak dira, ez baitute inongo elikatze-iturririk behar; beraz, ez dute erabiltzen inolako bateriarik ez pilarik. Horrenbestez, erantzuteko eta datuak igortzeko beharrezkoa duten energia eskuratzeko, RFID igorle-hartzaileak datuak irakurtzeko bidaltzen dituen seinale txikiez baliatzen dira. Horixe da RFID etiketaren espiral-itxuraren funtsa.

Paketeetan RFID etiketak jarrita errazago kudea daitezke haien nondik norakoak.
Siemens

Etiketa pasiboek elikatze-iturri propiorik ez daukatenez, datu-kopuru txikia bidaltzeko gaitasuna dute, eta ezin dituzte oso urrunera ere igorri: 10 milimetrotik 5 metroraino. Aitzitik, elikatze-iturri propiorik ez edukitzeak etiketa oso txikiak garatzeko aukera ematen du. Hori dela eta, azalpean, kartoizko kutxetan edo txartel eta billeteetan ezar daitezke. Hain zuzen ere, 2005ean salgai zegoen RFID etiketarik txikiena 0,40x0,40 milimetro zen, eta paperezko orri bat baino xeheagoa; lentilla batean lau sartzen ziren. Horrelako tamainarekin ikusezinak izan daitezke.

Etiketa aktiboek, berriz, elikatze-iturri propioa dute eta datu gehiago eta urrunago igortzeko gaitasuna dute. Indartsuenak 10 kilometrora hel daitezke. Halaber, memoria eta datuak gordetzeko gaitasuna ere emendatzen da. Gainera, etiketa aktiboak seguruagoak dira giro batzuetan, adibidez, oso tenperatura handietan eta txikietan edo uretatik gertu.

Desabantailak ere badituzte, ordea. Elikatze-iturriaren ondorioz, handiagoak dira pasiboak baino; haatik, egun, txanpon baten tamainakoak ere aurki daitezke. Berebat, bateriak amaitu egiten dira, eta, orduan, etiketa bera edo bateria aldatu egin behar dira (bateria batzuek hainbat urte iraun dezakete). Bestalde, txartel pasiboak merkeagoak dira, eta, horregatik, gehienak mota horretakoak dira gaur egun.

Aplikazio anitz

Txartelen tamaina txiki-txikiari esker, leku ezkutuenetan ezar daitezke, eta eramangarriak dira. Horrenbestez, aplikazio anitz dituzte eta oso praktikoak; batzuetan ezin onuragarriagoak dira, eta beste batzuetan, berriz, nahikoa eztabaidagarriak eta ez oso bidezkoak.

Tamaina txikiari esker, RFID etiketak azalpean, kutxetan, txarteletan, billeteetan... ezar daitezke.
Texas Instruments Inc.

Adibide garbi bat supermerkatuetan topa daiteke. Euskal Herriko edozein merkataritza-zentrotara joanez gero, edonori gerta dakioke erosi eta ordaindu duen produktu batekin atera eta ateko detektagailuak txistu-hoska hastea. Horrek ez du esan nahi zerbait lapurtu dugunik, baizik eta kutxazainak gaizki kendu edo deuseztatu duela produktuaren RFID etiketa. Izan ere, hainbat eta hainbat produktutan hasi dira RFIDak jartzen merkataritza-zentroetan, ez bakarrik lapurretak salatzeko, baita produktuen stock automatikoetarako, saldu direnak kontrolatzeko edo apaletan eta biltegietan zenbat dauden jakiteko ere. Hortaz, baliteke RFID etiketak barra-kodeen sistema ordezkatzea hurrengo urteetan, nahiz eta oraingoz garestixeagoa izan.

Gainera, kreditu-txarteletan ere RFID etiketa jarriz gero, detektagailu baten bitartez ordainketa automatiko eta arina egin ahal izango dugu, jende-ilaran itxaron beharrik gabe. Hong-Kongen, adibidez, Octopus txartel-motan, baliagarri dago jada sistema hori. Europako Batasunak ere asmoa omen du billeteetan RFID txipak sartzeko --zurrumurruek diote dagoeneko sartu dituztela--. Horren arrazoia billeteen zenbaketa, jarraipena eta ordainketak egiteko erraztasuna da, antza. Xede horretarako sistema itzela da RFIDa. Hala ere, apika, sistema itzela izan daiteke lapurren lana errazteko ere, RFID irakurgailu baten bitartez, lapur batek jakin bailezake une oro zenbat diru daukan pertsona batek.

RFID sistemekin, bestalde, posible da merkataritza-ikerketak egitea, erosleen jarraipena egitea eta kontsumitzaileen ohiturak aztertzea, bezeroaren inolako baimenik gabe.

Beste aplikazio interesgarri batzuk trafiko-seinale adimendunak dira. Iragarpenen arabera, hurrengo urteetan trafiko-seinale eta balizetan ezarriko dira RFID txipak, eta ibilgailuek RFID irakurgailuak izango dituzte. Irakurgailuek seinaleak detektatu, ulertu eta gidaria ohartarazi egingo dute, ahotsaren edo haizetakoan proiektatutako irudi holografikoen bitartez.

Pribatasuna kolokan

RFID sistemak abantaila praktiko ugari eskaintzen du, baina zenbait kasutan pribatasuna eta askatasuna kolokan gera daitezke.
1. Siemens; 2-3. Texas Instruments Inc.

Aurreko gaietako batek zientzia-fikzioko liburu batetik ateratakoa badirudi, hurrengo hau ez da salbuespena: txertaketak. RFID txip txertagarriak hasiera batean animalietan ezartzeko pentsatuta zeuden, baina ez da baztertzen pertsonetan ere txertatzeko aukera. Horien bitartez, espediente medikoak gorde litezke, nortasun-lapurretak eragotzi, babestutako eraikin edo ordenagailuetarako sarbidea kontrolatu...

Egitasmo horien zilegitasun etikoa ez dago argi, baina merkatuan dagoeneko badago gizakietan txerta daitekeen txip bat. Horrekin lotutako bitxikeria bat: AEBetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDAk) ikerketa bat hasi zuen 2004an, RFID txipak erietxeetan erabiltzeari baietza eman erabakitzeko. Eta erakunde horrek onetsi egin zituen gizakietan txerta daitezkeen aurreneko txipak: VeriChip enpresak egiten ditu, eta 132,2 kHz-eko maiztasuna erabiltzen dute.

Erabilera horiek mesedeak ekar ditzaketela ez da zalantzan jartzen, baina ez da baztertu behar gizabanakoen askatasunak murriztu eta pribatutasunari eraso egiteko aukera ere. Adibidez, azkenaldian pil-pilean daude pasaporte digitalak. Bada, hori oso kasu larri eta aipagarria izan daiteke, nola garatzen den.

VeryChip txipa. Gizakietan txertatzeko baimena jasotzen lehena izan da. Argazkian argi ikusten da zeinen txikia den.
VeryChip Corp.

Bi teknologia mota daude nagusiki pasaporte digitalak egiteko: RFID eta SmartCard. Azken hori irakurgailu berezi batean sartu behar da irakurri ahal izateko, txanpon-txartelak bezala. Hau da, irakurgailuaz gain, kontaktu fisikoa beharrezkoa da txipa irakurri eta pasaportearen datuak eskuratzeko.

RFIDa erabilita, ordea, urrunetik irakur daitezke datuak baimenik eta inolako kontaktu fisikorik gabe; RFID irakurgailua besterik ez da behar.

Hain justu, AEBek eta beste estatu batzuek bigarren hori hautatu dute pasaporte digitaletarako. SmartCardekin alderatuta ez dute abantaila teknikorik. Pribatutasunerako, ordea, arrisku handia ekar dezakete, eta, gainera, teknologia honetaz balia daitekeen edonork lapurreta edo eraso selektiboak egiteko.

Hori guztia dela eta, gai honen inguruan sortu diren eztabaidak eta boikotak ez dira gutxi. Gai gatazkatsua eta zalantzaz betea dugu aurrean; ikusi egin beharko da zer gertatuko den.

Araudi orokorrik ez
Ez dago RFIDrako erabilitako maiztasunak arautzeko nazioarteko erakunderik. Beraz, estatu bakoitzak bere arauak zehaztu ditzake.
Europaren kasuan, esaterako, ETSI (Telekomunikazio eta Estandarren Europako Institutua) arduratzen da maiztasunak arautzeaz. Hala ere, erabili aurretik, gobernu bakoitzak onetsi egin beharko lituzke, baldin eta txikiak ez badira; izan ere, horiek inolako lizentziarik gabe erabil daitezke.
RFID sistema baliogabetzeko metodoak
Sistema guztiak bezala, hau ere ez da hutsezina. Izan ere, hainbat bide daude indargabetzeko.
Ospetsuena eta 'zientifikoena' Faraday kaiola da. Izena asmatzaileak, Michel Faraday-k, eman zion, eta gune batean uhinak sartzea edota ateratzea saihesteko erabiltzen da. Blindaje bat bezalakoa da, eta, hala, RFID etiketa Faraday kaiola batean sartuz gero, igortzen dituen uhinek apenas izango lukete indarrik; beraz, baliogabeak izango lirateke.
Uste litekeenaren aurka, Faraday kaiola bat egitea ez da batere zaila. Hain zuzen ere, RFID etiketa aluminiozko paperarekin estaltzea aski da haren uhinak isolatzeko. Dena dela, are blindaje sendoagoa lortuko litzateke burdingorrizko ontzi itxi batean sartuko balitz.
Faraday efektua eguneroko bizitzako hainbat egoeratan ikus daiteke. Adibidez, altzairuzko egitura duten igogailuetan edo eraikinetan ez dago sakelako telefonoak erabiltzerik. Era berean, sakelako telefonoa mikrouhin-labean sartu eta atea itxiz gero --labeak uhinak behar bezala isolatuko balitu--, nahiz eta deitu, ez luke seinalerik eman behar.
RFIDak baliogabetzeko beste sistema batzuk ere badaude; ez aurrekoa bezain 'metodikoak', baina bai zeharo erabilgarriak. Horietako bat da antena txipetik banatzea, eta beste bat txiparen elektronika gainkarga baten bidez apurtzea, indar elektriko alterno sendo bat, iman indartsu bat edo X izpiak erabiliz.
Bitxikeria bat: Europako Batasuneko billeteek dagoeneko ba omen dituzte RFID etiketak. Hori egiaztatzeko, sartu mikrouhin-labean baso bat ur billete batekin, eta piztu labea minutu batez. Laukitxo oso-oso txiki bat belzten ikusten baduzu, RFID txipa lehertu den seinale. Proba eginez gero, egin balio gutxiko billete batekin --lasai, baina, billetea osorik gelditzen da eta--. Ura ere sartu behar da, ez baita komenigarria mikrouhin-labea hutsik dagoela martxan jartzea.
BIBLIOGRAFIA
Garaizar Sagarminaga, P.
"Ciber Control Social"
http://www.e-ghost.deusto.es/
docs/2005/conferencias/ gobelab-cibercontrol.sxi
Asurmendi Sainz, Jabier
3
220
2006
5
039
Elektronika; Komunikazioak; Teknologia
Artikulua
38