}

Agur plastikozko poltsari

2010/01/03 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Plastikozko poltsak sobran izaten dira maiz etxean. Amorrarazteko adina batzuetan. Erosketak plastikozko poltsa pila batean sartzen ditugu. Edo, dendaz denda gabiltzala, erosketa bakoitza poltsa batean jasotzen dugu. Plastikozko poltsa gehiegi erabiltzen ditugula ez da kontu berria. Erosketak plastikozko poltsa pila batean sartzen ditugu
(Argazkia: Alcampo).

Gehiegizko kontsumo horrek sortzen duen arazoa, ordea, ez da edonolakoa. Bakoitzak bere buruari erreparatuz gero, ikus daiteke zenbatekoa den poltsa horien kontsumoa. Ohiturak aldatu egiten dira poliki-poliki, urteak aurrera joan ahala zenbaitetan, eta legeak ezarrita, besteetan. Azken hori da oraingo kasua. Izan ere, plastikozko poltsak albiste dira azkenaldian, eta horien erabilera gutxitzeko araudiak onartu dituzte zenbait estatutako parlamentuek duela hilabete batzuk. Hego Euskal Herrian, esaterako, horien kontsumoa 2010. urterako erdira jaitsi behar dela dio legeak; 2015a baino lehen erabat desagertu beharko lukete.

Horrenbestez, plastikozko poltsen erabilera gutxitzeko neurriak hartu dituzte Hego Euskal Herriko hainbat supermerkatuk eta dendak. Eroskik, adibidez, euro-zentimo bat deskontatzen du erabili gabeko plastikozko poltsa bakoitzeko. Alegia, ordainlekuetan erosleei zentimo bat deskontatzen die hartzen ez duten plastikozko poltsa bakoitzeko.

Egun haizetsuetan, ohiko irudia izaten da plastikozko poltsa bat (edo batzuk) hegan ikustea.

400 urte degradatzeko

Arazoa zenbaterainokoa den ulertzeko, bi datu besterik ez. Batetik, 400 urte behar omen ditu plastikozko poltsa batek degradatzeko, alegia, erabat desegiteko. Jakin badakigu dendetan ematen dizkiguten plastikozko poltsak oso arinak direla; zazpi gramoko pisua du, batez beste, poltsa bakoitzak. Horrenbestez, erraz barreiatzen dira leku guztietara. Esaterako, egun haizetsuetan, ohiko irudia izaten da plastikozko poltsa bat (edo batzuk) hegan ikustea.

Beste alde batetik, Nazio Batuen Erakundeak ezagutzera emandako informazioa ere larria da: kilometro koadro bat ur gaziko, gutxi gorabehera 18.000 plastiko-ale daude ur gainean, norabide jakinik eta inoren kontrolik gabe. Mediterraneo itsasoa da munduko plastiko-biltegi handiena. Arrainak ito egiten dira, digestio-aparatua plastikoz betetzen zaielako. Hegaztiek irentsi egiten dituzte, arrainak direlakoan. Hala, milaka heriotza eragiten ditu plastikoak.

Zalantzarik gabe, oso kutsadura nabarmena da, deigarria, nahiz eta pisuan beste hondakin batzuk baino gutxiago izan.

Gutako bakoitzak urtean 234 plastikozko poltsa erabiltzen ditu batez beste, 2 kg inguru. Inguruko herrialdeetan antzekoa da kontsumoa, plastikozko poltsen aurkako neurririk hartu ez dutenen artean behintzat.

Plastikozko poltsen gaia herrialde gehienen agendan dago gaur egun. Txinan eta Kenyan, esaterako, debekatuta daude. Eta, laster, Europan ere zaila izango da dendetan poltsak dohainik eskuratzea.

Arrainak ito egiten dira, digestio-aparatua plastikoz betetzen zaielako (Argazkia: NOAA).

Ordezkorik bada?

Dendetan ematen dizkiguten plastikozko poltsa arinak polietilenoz eginak daude. Polietilenoa petrolioaren eratorri bat da, gainerako polimero sintetiko gehienak bezala. Petroliotik etilenoa ateratzen da, eta etilenoa da, hain zuzen ere, polietilenoaren oinarrizko osagaia. Etilenoari behin eta berriz erreakzionaraziz, polietilenoaren karbono-kate luzeak lortzen dira. Hainbat polietileno-mota daude. Poltsa arina, sendoa eta oso merkea da. Orain arte agertu diren ordezko posible guztiak garestiagoak dira polietilenozko poltsak baino, eta ez dituzte polietilenozko poltsen ezaugarriak. Baina helburua ahalik eta plastikozko poltsa gutxien erabiltzea denez, etxean gordeta ditugun ehunezko poltsak hartuta joan gintezke erosketak egitera.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia