}

Agur eta ohore, Mir

2001/03/22 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia | Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Urresti, Igor - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Azkenean Mir desagertzera doa. Eta azkenean diogu ez horretarako gogo bizia dugulako, deuseztea hainbatetan iragarri eta beste hainbestetan atzeratu delako baizik. Aste honetan ere behin baino gehiagotan aldatu dute eguna. Inoiz atmosferan sarrarazi eta itsasoan hondoratuko zutela sinistea ere zaila zen, jada. Dena den, egunak egun azkenean badator Lurrera.

Sobietarren espazio-estazio iraunkorrerako bidea 1964an hasi zen, Juri Gagarin lehen kosmonauta espazioratu eta hiru urte eta erdira, Txelomei jeneralak OKB-52 enpresan lankideak batu eta gidatutako lehen espazio-estazio orbitala eraikitzeko erabakia hartu zuenean. Diseinatu zuten estazioa erraldoia zen garai hartarako: 20 tonako pisua eta 4,1 m-ko diametroa. Diametroa ere ez zen zoriz aukeratu, trenak Baikonur-eko jaurtiketa-estaziora garraia zezakeen tamainarik handiena baitzen.

Helburua Lurraren inguruko orbitan lanerako gune iraunkorra eraikitzea zen, bertan saiakuntza zientifiko eta militarrak burutzeko. Soiuz (batasuna) izena jarri zioten programari eta 1967an abiatu zen, Soiuz 1 ontzia orbitan jarri zutenean. Lehen misioek arazo larriak izan zituzten arren (espazioan hildako lehen pertsona, Vladimir Komarov, 1967an), gutxika-gutxika espazioan lan egiteko behar zuten teknologia garatu zuten sobietarrek. Garai hartan estatubatuarrek martxan zuten Gemini programarekin ere lehia gogorrean ere aritu ziren. Azkenean, 1970ean, Soiuz 9 misioan kosmonautak 18 egunez egon ziren espazioan eta Gemini 7 ak iraun zituen bost urtean jarritako 14 eguneko iraupen-errekorra gainditzea lortu zuten. 1973an estatubatuarrak berriro saiatu ziren espazio-estazio iraunkorrak garatzen, baina Skylab programak huts egin eta batez ere transbordadoreen bidea indartzea erabaki zuten, joan-etorri bat baino gehiago egiteko moduko ontzien garapenaren bidea alegia.

Sobietarrek, ordea, Saliut programarekin jarraitu zuten: Saliut 7 ak ordura arteko iraupen-errekor guztiak hautsi zituen, zortzi hilabetez egon baitziren kosmonautak bertan. Azkenean, 1986ko otsailaren 19an, sobietarrek Mir espazio-estazioa orbitan jarri zuten. Eta lauzpabost urterako diseinatutako estazioak 15 urte eman ditu etengabe lanean!

Egitura eta egin dituen ekarpenez ez dugu besterik esango, horretarako Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren otsaileko zenbakia ikusi besterik ez duzue eta.

"Lurreratzea"

Mir Lurreratzea ez da bat batean egin daitekeen lana. Ez da espaziotik itzuliko den lehen gailua baina bai handiena, batez ere, itzulera kontrolatua egiteko itsatsi zaion Progress M1-5 ontziarekin konparatuz gero. Progress Mir baino 20 aldiz arinagoa bada ere, hura da errusiarren estazioa azkeneko uneetan ongi orientatu eta erorketa-guneraino eramango duena.

Mir -en ohiko orbita Lurretik 248 km ingurukoa da. Estazioa bertan bere kasa utzita, pixkanaka Lurrera hurbiltzen da eta azkenean atmosferan sartu eta jausi egingo litzateke. Hori kontrolik gabeko erorketa izango litzateke, beraz, eta edozein tokitan eroriko litzateke. Horregatik, arriskuak saihesteko, edo ahal den neurrian murrizteko, "lagundu" egin behar zaio, gidatu. Hasierako orbitatik abiatuta, 1,8 km inguruko altitudea galdu du egunean. Dagoeneko 220 km-ko muga gainditu du eta ez dago atzera bueltarik. Hurrengo orduetan Mir -ek itsatsita duen Progress M1-5 ontziaren altitudearen kontrolerako sistema aktibatu egingo dute eta estazioa "lurreratzeko" posizio eta orientazio egokian jarriko dute.

Hiru aldiz piztuko dituzte Progress M1-5 en motorrak. Lehenengoan, 51 minutuz piztuko dituzte eta 8,96 m/s-ko bultzada emango dio Mir -i. Bigarrengoan, orbita bat beherago piztuko dituzte 23 minutuz eta 10,08 m/s-ko bultzada emateko. Azkenik, bi orbita beherago motorrak 22 minutuz martxan jarri eta 25 m/s-ko bultzada emango diote. Lehenengo bietan Progress M1-5 ontziaren erregaia erabiliko dute eta hirugarrenean bien erregaia, geratzen zaien apurra. Bultzada horien ondorioz, 82 km-ko altitudean jarriko dute eta hortik aurrera bakarrik jausiko da Itsaso Bareraino, 47º S eta 140º W bitartean (Australiatik 1.500-2.000 km hego-mendebaldera). Atmosferan sartutakoan bere 137 tonen parterik handiena erre egingo da. Hala ere 35 tona inguruko zatia aipatu gunean eroriko da, baina 20 tona ere izan ditzaketen puska txikiagoak ere eroriko dira 3.000-4.000 km luze eta 200 km zabal den azaleran itsasoratuko dira.

Zergatik Ozeano Barean?

Kontuan hartu beharreko lehen arrazoia populatu gabe dagoen eremu zabalaren beharra da eta Ozeano Barearen hegoaldeak betetzen du baldintza hori. Baina gainera, Mir estazioak 52 graduko inklinazio orbitala du eta horrek estazioa Lurraren gainean egunero 52º N eta 52º S bitartean pasa ohi dela esan nahi du. Azkenik, inpaktu gunea motorren azken bultzadatik 180º-ra egotea komeni da, bultzada estazioa errusiarren kontrolpeko gunetik pasatzen ari dela egin ahal izateko. Baldintza horiek guztiak Ozeano Barearen hegoaldeak betetzen ditu eta horregatik aukeratu dute.

Lekua aukeratzea baino zailagoa izan da, ordea, eguna aukeratzea. Hasteko, oso erregai gutxi eta potentzia txikia dute errusiarrek lurreratzea egiteko eta, beraz, oso ongi aukeratu behar zuten Progress M1-5 ontziaren kontrol-sekuentzia noiz hasi. Operazioak Mir altuegi zegoela hasiz gero, erorketa-gunea atzean utzi eta estazioa Europan eror zitekeen. Beranduegi hasiz gero ere, beste edonon eroriko litzateke. Simulazioak erabiliz, hasiera batean 250 km-ko altitudean jarri zuten muga, baina, gero, gaur goizean gainditu dituen 220 km-tan utzi zuten muga.

Dena dela, Mir -en erorketa ongi burutzeko aukera bat baino gehiago dute errusiarrek. Mir -ek 90 minutuz behin ematen dio bira bat Lurrari eta, Lurrak bere angelua aldatzen duelako, orbita bakoitzean ez du eremu bera zeharkatzen. Hala ere, Ozeano Barearen hegoaldean konbergentzia-puntu bat dago (ikus beheko irudia) eta lau bider jarraian zeharkatzen du eremu hori; horrela, errusiarrek lau orbita dituzte erorketa-sekuentzia ongi burutzeko.

Errusiarrek egiten duten ia guztiarekin gertatzen den bezala, Mir -en inguruko zurrumurru, mesfidantza eta pikarokeriatarako egunak izan dira hauek, baina ez dirudi ezustekorik izango denik bihar goizean. Zazpietan hondoratuko omen da Mir itsasoan betiko. Agur, beraz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia